Bizitzaren simetriaz

Maixa Zugastiren azken liburua dugu solasgai eta, hasteko, erraten ahal da isiltasuna ahoskatzen duen obra dela. Izan ere, bi hamarkada baino gehiago eri egon denaren kronika literarioa da eta, kontakizun kronologikotik urrun, hausnarketak kateatzen ditu, tarteka olerkien laguntzaz, tarteka eguneroko gisa. Sormena arras presente dago, izan protagonistaren irakurketan eta idazketan, izan aipatzen dituen idazle, abeslari edo obretan: «Gaztetan,/ argazkietako aitaren eta amaren hazpegiak/ bereizten nituen nireetan;/ mende erdia betetzean,/ ez dut ispilura jo behar/ nire orografia ezagutzeko».
Lanak egitura klasikoa du, hiru zati nagusi eta bakoitzean zazpi txatal. Izenburuetan binomioak ditugu “Hitza/Isiltasuna”, “Egina/Ezina”, “Bizitza/Heriotza”, iduriz antonimoak, gehienetan elkarren osagarri. Lehen pertsonan kontatuta dago eta erreskadan heldu diren lau hausnarketa gai nagusi daude, akaso bikoteka ulertzen ahal direnak: eritasuna bera, zaintza, lan produktiboa eta sormena.
Literatura zorretan dago eritasunarekin, ez soilik egile handi aunitzek eri egonik idatzi dutelako, baizik eta eri daudenen bizipenei ez zaiolako aski orri eman, nahiz eta denon gaia izan: «oinazearen lurraldean bizitzea, inori opa ez diodan bizipena. Haatik, badakit, (…)ia denok igaroko garela lurralde hotz horretatik». Hala eta guztiz ere, kritiko da egilea: «Begi-bistakoa da gizarte gaixo batean bizi garela, eta guztia -bizipen eta sentimendu ezatseginak, bereziki- patologia bihurtu eta sendagaiez edo era guztietako terapiez arindu beharra da horren adierazle. (...)Bestalde, guztia gaixotasun bihurtzeak benetako gaixotasunei egiten die kalte, guztien inguruan arintasun beraz jarduten dugun neurrian». Iluntasunaren erdian, ordea, badago argi printza bat: «Indarge sentitzeak badu abantaila bat: indar apurrak nori edo zeri ekaini erabaki behar da, eta aukeraketa beti da aberatsa zintzotasunez egiten denean».
Zaintzaren inguruko hausnarketa abiatzeko erraten du: «Zaintzaile izateko hezi izan gaituzte, batez ere, emakumeak. (…) Besteen beharra izatea beste hariko ezpala da». Ideia garatzen duelarik, ñabardura interesgarriak gehitzen ditu, adibidez: nola kudeatu bakardade beharra eta zaintza? Halaber, produktibo izateaz aritzen da: «Lana gure gizartean muga da, alde batean ekoizleak, balio dutenak ipintzen dituena, eta bestean, erbestean, baliorik ez dutenak: langabeak, adinekoa, gaixoak… Bi mundu, bi denbora». Eta segitzen du: «Nik ere igaro dut muga. Urterik gehienak igaro ditut gizarteak eta bizitzak ipintzen zaituen lekuan (…). Baleko gizakien mundua zen, nekea zentzuz betetzen duena, Byung Chul Hanek azpimarratzen duena bezala». Errendimenduaren logikapean bizitzeak dena neurtu, optimizatu eta indibidualizatze basa ekarri du; nola bizi, ordea, horri eutsi ezin zaiolarik?
Bukatzeko, sormena da kontakizunaren hezur-muina, hitzaren bueltakoa batik bat. Literaturak bizi du Maixa Zugasti: «Gure arbasoek egindako lehen galderen erantzunak irudimenezkoak izan ziren. Irudimenezkoak, ahoz ahoko katea osatu zuten lehen istorioak, entzulearen gogoa bere bizitzatik aldendu edo bere bizipenetan errotzen zutenak».




