Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
MODA JASANGARRIA

Lau esku hondakinak moda bihurtzeko

Ez dira gehiegi, baina geratzen dira jostunak Euskal Herrian oraindik, horietako bi dira Lurgi eta Amets Zalakain ahizpak. Moda mundua batzuetan alfonbra gorri eta distirarekin lotzen badugu ere, zalakaindarrek jasangarritasunarekin, etikarekin, bertakoarekin eta moteltasunarekin lotzeko ahalegina egin dute.

Lurgi eta Amets Zalakain, jostunak. Argazkia: Olaia Susperregi
Lurgi eta Amets Zalakain, jostunak. Argazkia: Olaia Susperregi

Villabonako Kale Nagusian bada mimoz atondutako erakusleiho bat, Kaori faktoria jartzen du atearen goialdean, eta arbela txiki batean “moda jasangarria”. Ongi definitzen du lekua “faktoria” hitzak, tokiko denda bat baino gehiago delako, baina badelako denda txiki bat ere. Joskintzarako tailerra da, baina baita jakintza partekatzeko espazioa ere, eta hondakinak eraldatu eta moda bihurtzeko laborategia da bereziki.

Eginoko ardien artilea eta desguazeetako autoetako segurtasun uhalak, Afrikatik ekarritako telak, plastiko biodegradagarria... eta hiru proiektu: Kaori, Amlu eta Bekoop. Bi ahizparen buru, esku eta bihotzak, ilusioa eta izerdia, Lurgi Zalakain Urkola (Villabona, 1987) eta Amets Zalakain Urkola (Villabona, 1995) dira sorkuntza horien errudunak, edo artistak.

Herri zerbitzu gisa ulertzen dute komertzio txikia, estereotipo guztietatik at moda etikoa, jantzigintza jasangarria eta gorputz ororentzat moldagarria dena aldarrikatzen dute. Joskintza Euskal Herriko etxe askotan galtzear dagoen jakintza dela iruditzen zaie, eta ardi latxaren artilea hondakintzat hartzetik moda pasarela handietara eramateaz ere aritu gara solasean. Beraien ohiko lanaren moldean, presarik gabe, eta ideia bakoitzari pare bat puntada emanez.

Ia betidanik egon dira sorkuntzarekin lotuta Zalakain ahizpak, bide ezberdinetatik egin zuten, ordea, jauzi moda mundura. «Izan nuen dezente bidaiatzen nuen garai bat eta artisautza munduan sartuta nengoen, azoketan ibiltzen nintzen. Bidaiatzeari utzi eta 2014an Euskal Herrira etorri nintzenean gehiago formatzeko gogoa sartu zitzaidan. Hasieran makramea egiten nuen, baina beti gustatu izan zait modaren mundua eta azkenean moda diseinua ikastea erabaki nuen. Kosta zitzaidan erabakia hartzea, moda pertsona profil batekin eta estereotipo jakin batzuekin lotzen nuelako, eta ni ez nintzen batere identifikatuta sentitzen horrekin; hor banuen barne gatazka bat. Iruditzen zitzaidan moda diseinua ikastea izan zitekeela ni ez nintzen pertsona bat bihurtzea, baina buelta eman nion eta masterra egitera animatu nintzen», kontatu du Lurgik. Eta ikasi bitartean, josteko makina bat erosi eta Instagram denda birtualtzat hartuta lanean hasi zen, 2018an erabaki zuen lagun batekin batera Kaori Faktoria irekitzea Villabonan.

Arte Ederrak ikasi zituen Ametsek, «sorkuntza beti presente egon da nire bizitzan» aitortu du, baina garai horretan ostalaritzan ari zen lanean eta hor eskuratutako sosekin bidaiatzen zebilen; pandemia iritsi zen, ordea, «eta ezin ostalaritzan lan egin, ezta bidaiatu ere». Lurgik laguntza behar zuen garai horretan, eta hor batu zen proiektura.

Lurgi eta Amets Zalakain, jostunak. Jagoba Manterola | FOKU

 

BI BURU, LAU ESKU, HIRU HANKA

Eskuz esku ibiltzen dira lanean, eta hiru hanka nagusi dituzte: Kaori, Amlu eta Bekoop. Hiru proiektuek, ordea, balio berak ordezkatzen dituzte: «Jasangarritasuna, moda etikoa, txikia, motela». Jasangarriagoa izateko gakoetako bat motelagoa izatea da, eta horrek atenporalagoa izatea ere badakar; «ez izatea bi hiru hilabetero bilduma berri bat ateratzeko beharra, horrelako proiektu txikietan ez da bideragarria». Irri artean autokritikarako tartea ere hartzen dute ahizpek: «Slow diogu, baina gero agobiatuta eta estresatuta ibiltzen gara berdin berdin!». Amets: «Jaten dugunarekin bezala, janzten duguna sortu duenaren izen-abizenak jakiteak badu bere balioa, eta, askotan, hiru proiektuak horrek biltzen ditu».

Egiten denaz gain, nola egiten den ere garrantzitsua da, erosleak ere badaki hori; «publiko zabalarekin egin dugu topo, hasieran uste genuen gure adineko jendea izango zela eroslearen profila, baina señoras modernas asko ere etortzen dira». Izan ere, gorputz ezberdinetara egokituko diren jantziak egiten dituzte, aitortzen dute patroi orokorrak badituztela, «S, M, L, XL». Baina dendara hurbildu, neurriak hartu eta bezeroari pertsonalizatutako jantziak ere egiten dizkiote; «eta hori izan nahi dugu», azpimarratu dute. «Gure jantziak erosten dizkiete 12 urtekoei, agian arropa infantilarekin jada ez direlako identifikatuta sentitzen, eta erosten dute emakume jubilatuek ere: agian, top motz bat erosi beharrean, 20 zentimetro gehiago luzatzeko eskatzen digute», kontatu dute, anekdota batekin lotuz: «Herriko baten jantzien patroia bere neurriekin egina dugu, eta, zerbait berria ateratzerakoan, esaten digu: ‘Instagramen ikusi dut tela berria duzuela, egingo nire patroiarekin bat?’». Askotariko gorputzei begiratu nahi dietenez, arropa ez dute genero binarioaren arabera sailkatzen; «baditugu gure arroparekin eroso sentitzen diren erosle ez bitar asko».

Afrikarekin lotura edo zubi modura abiatu zuen Kaori Lurgik, baina aldatzen ari den proiektua dela ohartarazi du: «Proiektu pertsonala da, eta nire bizitza pertsonalarekin lotuta doa; nire bizitza aldatzen ari denez, Kaori ere aldatzen ari da. Iruditzen zait ni neu puntu batean nagoela, baina proiektua ni baino polikiago ari dela aldatzen. Afrikarekin deslotuago sentitzen naiz, eta ez naiz bertara bidaiatzen ari. Lehen zentzua zuen oihalak bertatik ekartzen nituelako, baina Internetez ez ditut erosi nahi, eta zentzua ere galdu egiten du hala eginez gero». Idazleek sarritan egiten diote zin beren buruari ez dutela maitasunaren inguruan idatziko, Lurgik ere antzekoa esan zion bere buruari, haurrentzako arroparik ez zuela egingo, «baina orain amatasunean murgilduta nago eta haurrentzako arropa egiten hasi naiz, beste ehun batzuk probatzen ari naizenez, helduentzako ere egin nahiko nuke, beti jasangarritasunaren ikuspegitik ahalik eta koherenteena izaten».

Amets proiektura batu zenean sortu zen Amlu; belarritakoak, osagarriak eta jantziak egiten dituzte batez ere marka honekin. Hasiera batean hiru dimentsioko bitxigintzak erakarri zituen, bi arrazoi nagusigatik: batetik, plastiko biodegradagarriarekin lan egiteak, «almidoitik lortzen den termoplastikoarekin egiten dugu»; eta, bestetik, makinak lagunduko zielakoan. «Nahiz eta diseinuak geureak izan, eskulanaren zati handi bat makina batek egitea aurrerapen handia iruditzen zitzaigun. Gero konturatu gara ez dela guztiz hala: makina ataskatu egiten da, konponketak behar ditu, piezak landu egin behar dira ondoren… Baina josten ari garen bitartean martxan dago, eta osagarria da saltzen dugunarekin». Poltsak egiteko jauzia eman zuten gero, eta beranduago iritsi zen arropa; biltegietako stock telarekin, azkeneko tela puskekin egiten dute lan, eta horregatik egiten dute eskaripean lan gehiena.

Bilaka dantza kolektiboarentzat egindako arropak. Mathieu Prat

DISEINUZKO HONDAKINAK

Hirugarren hanka eta ezberdinena Bekoopena da, espero ez zituzten proiektuak gauzatzea lortu dute marka horrekin, «hondakinetatik moda egitea» lortu baitute. Artilea da nagusi proiektu horretan, «tradizioa eta modernitatea fusionatuz».

Ez da, ordea, zalakaindarrei berez bururatutako ideia; «beti esaten dugu proiektu hau existitzearen errua gure lehengusuaren bikotearena dela. Eginoko artzaina da bera, 600 ardi dituzte familian eta gazta egitera dedikatzen den hirugarren belaunaldia da. Artisautza munduan genbiltzala ikusita eskaera argi bat egin zigun: egin zerbait artilearekin, artzainontzat arazo handia da». Aldebikoa da arazoa, artzainek dirutza bideratu behar izaten dute artilea deritzon hondakina kudeatzeko; eta, era berean, telen merkatuan artile «fidagarria» lortzea ia ezinezkoa dela kontatzen dute.

Eginon ardi ilea moztu eta Cuencan dagoen enpresa batera bidali behar izaten dute garbitu, kardatu eta haria egiteko: «Gertuago ez dago, eta guretzako frustragarria da bertako material batek horrenbeste buelta eman behar izatea. Ez da batere jasangarria, ez ekonomikoki, ez ingurumenarekiko...». Baina egun artilea tratatzeko ez dago beste biderik.

«Hondakin bezala kontsideratzen den material ezberdinak konbinatu, diseinu eta teknika aldetik kontrasteak eta proposamen berriak eskaintzea zen gure asmoa, tradizioa eta modernitatea fusionatuz. Artilearekin ikusten dugu merkatuan ez dagoela eskaintza bat non jendea, eta gehienbat gazteak, motibatuko diren material hori erabiltzera», kontatu du Lurgik, eta gure lurrarekin hain lotuta egonik pena ere sentitzen dute. Ametsek hartu dio segida: «Kontrasteak bilatzen gabiltza, artisautzari buelta bat emateko asmoarekin testuretan, koloretan, formetan, materialetan, tekniketan… Tradizioa bizirik mantentzeko, baina baita eguneratzeko ere. Eguneratzeak ez du esan nahi teknika tradizionalak ez erabiltzea, baizik eta horiek hartu, eguneratu eta balioa ematea».

Kontraste hori gauzatzeko hiru zutabe nagusitan banatzen dute proiektua: produktuak sortzea, ikastaroak egitea eta laborategia. Espazio fisikoak sortzeak uste baino arrakasta handiagoa izan du. Gehienak «elkarrekin denbora pasatzeko» joaten direla aitortu dute, baina Ametsek ohartarazpen bat bota du mahai gainera: «Transmisiorik gabe, jakintza bat galdu egingo da; egungo belaunaldikoak ez dira gai izango beren bilobei puntuzko jertseak egiteko. Jakintza bat desagertzen ari da».

Askotan botoi bat josten, barrenak hartzen edo kremailerak jartzen ere ez dakigula ohartuta, oinarrizko ikastaroak ere jarri dituzte martxan, baina kontsumo eredu eta bizimolde aldaketekin ere galtzen ari da joskintzarako bidea eta moldea Villabonako bi ahizpen aburuz: «Egun merkeagoa da erostea. Lehen ez zegoen dirurik, baina denbora ateratzen zen. Orain diru gehiago dugu, baina denborarik ez dugu hartzen». Hala ere diziplina feminizatua dela ez dute zalantzarik; «generoaren bereizketa oso nabaria da, ikastaroetan gehien-gehienak emakumeak dira». Eta, aldi berean, beste eremu askotan gertatzen dena gertatzen dela azaldu dute, egunerokoan emakumeak daudela jostorratz artean, baina moda diseinatzaile ospetsuenak gizonak direla.

Laborategiarena da hirugarren zutabea, modatik harago doana, eta modarekin zerikusirik ez duena. Duela gutxi amaitutako proiektu bat aurkeztu digute: «Ocean Care proiektuarekin elkarlanean ibili gara. Pertsonen ilea berrerabiltzeko proiektu bat izan da, azkenean, pertsonen ilea ere hondakina da, baina propietate jakin batzuk ditu: xurgatzeko ahalmena du. Egitura flotagarri batzuk sortu ditugu portuetako uretan dauden hondakin oliotsuak xurgatzeko».

Balenciagaren pasarelan aurkeztu zuten arropetako bat. Santiago Farizan

ARDIAK ETA DESGUAZEAK

Tradizioa eta modernitatea aipatzen dituzte, produktuetara joz horren adibide da “Daroa” bilduma: euskal artilea desguazeetako autoetako segurtasun uhalekin korapilatu dute, eta aplikeak hiru dimentsioko inprimagailuarekin eginak dira. Ideia horrekin egin zuten jauzi aurrez imajinatzen ez zuten espazio batera: Balenciagaren pasarelara. Bekoop marka «oskoletik ateratzea» izan zela aitortu dute, aurrez zenbait produktu sortuak bazituzten ere, kontzeptualizazio osoa eman eta moda pasarela baterako prestatu behar zituztelako.

«Baserrietan gauzak eramateko modu edo objektu ezberdinetan inspiratu ginen: hurritz makila, astoaren alforjak, xextoa, zakua, otarrea, sega-potoa, burutea… Horrelako baserriko objektu tradizionalak, egunerokotasunekoak zirenak, pasarela batera nola itzuli pentsatu genuen, artilea, autoko segurtasun uhalak eta material berrerabilgarria erabiliz», kontatu du Ametsek, eta pasarelara aurkezteko erabilitako leloa gogoratu du: «‘Atzera begira, aurrera joan’, edo horrelako zerbait». Lurgik desfilerako musika Zigor DZrekin egin zutela zehaztu du, eta hasierako aurreiritzi eta estereotipoez harago izugarria izan zela bertan zegoen lantaldea: ile-apaintzailea, janzten zuen jendea, makillatzen zuena, koreografoa, teknikoak…

Distiraz beteriko momentua izan bazen ere, bidea ez zela hain erraza izan xehatu du ahizpa gazteenak: «Urduritasun handia genuen, zalantzak genituen eta inpostorearen sindrome handia. Prozesuan zehar beti joaten da itzaltzen zure hasierako indar hori; zerbait sortzerakoan sentitzen duzu ‘gurpila asmatu’ duzula, eta gero pixkanaka, horrenbeste denbora pasatzen duzu prozesuan, gauza bera ikusten geroz eta zalantza eta beldur gehiago sortzen zaizkizula, jada ez delako hasieran uste zenuen proposamen berritzaile hori». Inguruak, eta Balenciagaren zein Kutxa Fundazioaren lantaldeak emandako bultzadari esker beraiek ere azkenerako seguruago sentitu zirela aitortu dute.

Villabonako Kale Nagusian duten faktorian aritzen dira lanean Zalakain ahizpak. Jagoba Manterola | FOKU

BASERRITIK DANTZALEKUETARA

Baserritik pasarelara eta pasarelatik bestelako eszenatokietara egin dute jauzi zalakaindarren jantziek. Izan ere, Bilaka kolektiboak maiatzean estreinatutako “Dirau” ikuskizun berrirako jantzitegia egin dute. Ohiko erosleak dituzte Bilakako dantzariak. Amua bota zieten, eta dantzariek heldu: «Guretzako opari bat izan da, izugarrizko aukera. Sorkuntza prozesu bati heltzeko gogoa genuen, azkenean, poltsa bat sortzeko bide kreatiboa oso laburra egiten zaigu, eta produkzioa ez da hain kreatiboa».

Bilakako kideek argi zuten ikuskizun berria «laborategi» forman sortuko zutela, orain arte beraien lan egiteko modutik aldenduta. Eta halaxe izan da jantzitegiarena ere Lurgik azaldu duenez: «Mugimendutik eraiki dute ikuskizuna, norberaren mugimendutik, adierazteko behar denetik, eta gu ere horren parte izan gara». Jantzitegian ere mugimendua eta espazioan egoteko forma hartu dituzte kontuan; «eroso egon nahi zuten eta hori transmititu», zehaztu du Ametsek.

Eta ideia horietatik abiatuta galdetegi bat sortu zuten, dantzari bakoitzak berea erantzuteko, taldekideekin partekatu gabe: zer transmititu nahi zuen, nola harremandu nahi zuen taldearekin, zein kolorerekin sentitzen zen identifikatua, zein formarekin zegoen eroso, gorputza zenbat eta nola erakutsi nahi zuen… «Guk ez genuen ezer jakintzat eman nahi, bestela oso erraz erortzen gara estereotipoetan, eta presente izan nahi genuen puskatze hori».

Ikuskizunarekin batera doa jantzitegia aldatzen, eta bigarren zatirako artilearekin sortu dituzte jantzi «fantastikoagoak». Galdetegietatik abiatu eta oholtzara iritsi arteko prozesua «mantsoa» izan dela diote, besteak beste, eskuz tindatu dituztelako jantziak, «tindu naturalarekin eta etxeko ekonomikan, bor-bor luze egon dira. Baina uste dugu prozesuak horrelakoa izan behar zuela». Orain, emanaldia ikusten dutenero harro sentitzen dira egindakoaz.

DENDA FISIKOA, APUSTU POLITIKOA

«Hautu politiko bat da denda irekita mantentzea, militantzia da oraintxe bertan. Zenbakiak egingo bagenitu ez genuke denda irekiko», argi mintzo dira zalakaindarrak. Tailer bat behar zutelako ireki zuten denda, arrazoi nagusia hori izan zen; «pentsatu genuen tailerra garaje batean izan beharrean, kalean jarrita lanean ari garen bitartean zerbait saltzea lortu genezakeela, jendea bertatik pasatzea».

Baina, une honetan, «dirua kentzen» die; gastuak gora doaz eta kaleko mugimendua geroz eta geldoagoa dela sumatzen dute. Salmenta gehienak ere online egiten dituzte; «jendeak online erosi eta dendan jasotzen du». Dendaren izaera birpentsatzen hasi dira, kontsumo eredua aldatzearekin bat beraien jardunari buruz hausnartuz: «Orain ordutegi komertzial batera mugatzen gara, eta batzuetan ordutegi horrek ez du zentzurik; guk lana beste modu batera antolatu dezakegu gure bizitzekin jatorragoak izanez, gehiago biziz, eta seguru asko salmentetan galerarik sumatu gabe».

Era berean, beraiek duten aukeraz kontziente dira, eta, behin baino gehiagotan esan arren, errepikatu beharrekoa iruditzen zaio Ametsi: «Denda izatea apustu bat da, baina baita pribilegio bat ere. Posible dugu ziurgabetasun honetan bizi, eta uste dut lana aukeratu ahal izatea, gustuko duzun eta horrenbesteko dedikazioa eskatzen duen proiektuetara dedikatzea, badela pribilegio bat. Beste egoera batean egongo bagina, soldata finko bat beharko bagenu, ezingo genuke ziurgabetasun honetan bizi. Merkataritza txikiaren egoera ez da batere ona, baina, aldi berean, gurea bada pribilegio bat».

Sinesten duten horretan lanean jarraituko dute, eta bertan topatuko dituzue, Villabonan; Kale Nagusiko faktoria erakusleiho bat baino askoz gehiago delako.