Maite del Rey Tena
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Mizelioa

Kristina Fernandez
Kristina Fernandez

Lurrean kukututako enbor bat naiz, zimurra, bai, baina adaxkaz betea. Ezin diot pisuari gehiago eutsi, zama handiegia da. Likenek eta goroldioek mugitzea eragozten didate eta gainean daramat materia likatsu hau. Horma apurtzen duen huntza izan nahiko nuke, iodo-belarra pitzaduran, zauriak sendatu ditzan. Gitarra baten soinu baldar eta geldoa naiz, hori guztia eta ezereza.

Ohetik jaikitzerakoan, Amaia astun sentitzen zen, gauez igarotako orduak ez ziren nahikoa izan atseden hartzeko. Baso bete ur edan ostean berriro ohean sartzea erabaki zuen. Pertsianaren zirrikituetatik argi printzak lotsagabe sartzen ziren gelan, eta airean dantzari zebiltzan hauts-partikulei begira, arintasun haren gainean, lo zerraldo geratu zen.

Izaki mendrea naiz, zidor ilunetan zehar doana. Ezin ditut begiak zabaldu, nahiz eta bihotz-taupadak entzun, bi bihotz, punpaka. Aditzen ditut ur-marmarrak, presioa ere sentitzen dut nire belarrietan, itsasoan murgiltzen den globo-arrain puztua naiz.

Begi bat irekitzean, erlojuak goizeko hamarrak markatzen zituela ikusi zuen.

- Nola da posible? Zenbat ordu egon naiz ohean?

Udaberriko eguzki epelak kalera irtetea eskatzen zion eta Amaia, men eginez, hondartzaraino joan zen bere ibilkera geldoaz, baina argi-izpien gozamena sentituz. Itsasertzetik oin hutsik paseatu zen, zapatilak eskuetan, harean berehala desagertzen ziren lorratzak marraztuz. Kokinen eta muskuiluen artean, kristal dirdiratsu ñimiñoak zeuden. Beti gustatu izan zaio koloretako beira zati horiek mirestea, harribitxiak izango balira bezala, itsasoko altxor preziatua.

Nire erraietatik zeozer bulartzen ari da, eta ez dakit zer den. Laster eztanda egingo duen koralezko arrezife bat naiz, itsasoa bera bitan banatuko duen tsunamia. Oraingoz, ur-multzo ilun batean murgilduta nago, geroz eta gehiago estutzen nauen indar ezezagun batek harrapatuta.

Amaiak esku-ahurrean ura hartu eta lepo gainetik utzi zuen erortzen, gero kolkotik behera. Geldialdi txiki baten ondoren, arnasa sakon hartu eta emeki abiatu zen etxe aldera. Etxea soinean zeraman dortoka erraldoi baten antzera ikusten zuen bere burua, trakets bezain erridikulu. Maletan sartu beharrekoen zerrenda idatzi zuen; ez zituen egun gehiegi igaroko kanpoan, hala espero zuen behintzat. Bidaia ahaztezina izango zen. Urduri samar zegoela ezin ukatu, baita pitin bat koldartuta ere, eta azken orduko erosketa batzuk egitera joan zen momentu berezi hartarako dena prest egon zedin. Bidean, ikaragarrizko mina sumatu zuen bat-batean, eta egoera ikusita kaleko jende multzoa laguntzera gerturatu zen.

Jasanezina da egoera hau. Elikatzen nauen burbuila honetan jarrai dezaket, odolaren borborra edaten, egarria asetzen. Baina kateatuta nago eta lokarri hau apurtzeko prest nago.

Amaia blai eginda zegoen, hankartean ozeano bat barreiatu zitzaion inguru dena zipriztinduz.

Haragi puskaren usaina hartu dut lehenengoz. Zilbor-hestetik zintzilik dagoen mizelio bat naiz eta nire beso luzeetatik kimuak biderkatuko dira, mundu zabalean dauden arrakalak josiko ditut gatibu mantentzen nauen hariaz. Bizirik irauteko sare erraldoia sortuko dugu, gure zainetako odola elkarbanatuz.