Garazi Albizua
IRITZIA

Dena merezi duzu

Gutxi izan duenak asko eman nahi ohi dio hurkoari. Gutxi horretatik zerbait izaterako bidean lan handia egin du. Akaso nahiko izate horretatik askotxo izatera heldu da, merezita pentsatuko du, ziurrenik. Nahiz eta beste asko bidean geratuko ziren, lanak eta esfortzuak agintzen zutena lortu barik. Ez dakit iragan gertuak testuinguru irmoa sortu zuen, aurreko egunean lagun batek alabari esan zionean: «Entzun ondo, bihotza. Inork ezin dizu esan zer egin ahal duzun eta zer ez, nahi duzuna lortuko duzu, merezi duzu, zu zara zure bizitzaren protagonista». Inguruko helduek baiezko keinua egin zioten buruarekin. Izan ere, ume batek zirikatu berri zuen haurra, eskalatu beharreko horma ezingo zuela igo esanez.

Korapilo sendo bat hasi zitzaidan barrena estutzen:

-Bai, batzuetan behar da beste norbaitek esatea egin nahi duzuna posiblea den edo ez. Gizarte batean bizi gara, ez gara orojakileak, zerbaiten inguruan tutik ere ez dakigunean, eskertzekoa da beste norbaitek gutxieneko gida bat ematea.

-Eta bai, haserrea pizten du: gizarte zapaltzaile batean bizi gara, bakoitzaren aukerak, askotan, boteredunak murrizten dizkigu.

-Ez. Ez duzu nahi duzun guztia lortuko, izan ere, badira zure esku ez dauden eta egon behar ez diren kontuak, beste batzuk ez zaizkizu aterako, taldean bizi gara, oso posiblea da nahi duzun hori beste norbaitek lortzea.

-Eta ez, bukatu da desio onen eta txarren katalogo mugatzailea, nola izan behar zaren arautzen duen dogma soziala.

-Beharbada, ez zara zure bizitzaren protagonista izango, ikasiko duzu norberaren garrantziaren ispilu gogaikarritik ihes egiten, lagunduko duzu ondoan duzuna eta entzungo dituzu dituen beharrak zure niaz beste eginez.

-Eta beharbada, izango zara zure bizitzaren protagonista, aldarrikatuko dituzu egindakoak, zure burua maitatzen ikasiko duzu, baita onartzen ere, eta bizimodua kontzienteki aurrera eramango duzu.

Arazoa da ez dakidala zelan azaldu estutasuna lau urtetako ume negartiari. Horregatik, alaba, esandakoaz lotsatua, hurbildu zitzaidanean, «ez egin isekarik eta, tira, segi jolasean» bota nion. Nire mezuak ez zuen «dena merezi duzu» horren dirdira ilunik, ezta ere espero zen errietaren izpirik. Irribarre egin nion lagunari kafe bat hartzeko proposatu aurretik, barneko elkarrizketa kanpora lerratzeko beharrean.