2015/01/04

MADDALEN IRIARTE
Orain

Gezurra da legea denontzat berdina dela. Izan ere, horrela balitz, aipatzen ari garen preso horiek, antzeko delituak egin dituztenak bezala egongo lirateke euren etxetik gertu, Euskal Herriko kartzeletan edo gertu daudenetan

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak azken urte honetan egin dituen adierazpen gehienek barrea eragiteko osagai ugari izango lituzkete, funtsean dauden gaiak oso garrantzitsuak ez balira. Ustelkeria dela, Katalunia dela... berandu aritu da beti eta aritu denean adierazpen surrealista xamarrak egin izan ditu; esan bezala, sakoneko arazoa larria ez balitz barre-kolpea eragiten dutenak.

Batere graziarik ez dutenak ere badira, ordea. Batzuk negargarriak ere badira, besterik gabe. Patetikoak izan ziren euskal presoen dispertsioaren inguruan Espainiako Senatuan, Bildarratz jeltzalearen galderari erantzunez esandakoak. Mesedea egiten ari omen zaie presoei dispertsioarekin, dispertsioa omen da birgizarteratzeko biderik onena, ETA disolbatzen denean agertoki ezberdin batean izango omen gara Rajoyren ustez, eta orduan «legea bete beharko da». Eta erantsi zuen: «legea denontzat berdina da».

Gezurra da legea denontzat berdina dela. Izan ere, horrela balitz, aipatzen ari garen preso horiek, antzeko delituak egin dituztenak bezala egongo lirateke euren etxetik gertu, Euskal Herriko kartzeletan edo gertu daudenetan. Gogoratu preso dauden lagunetatik %83 etxetik 400 kilometrora daudela, eta 80 preso etxetik 800 edo 1.000 kilometrora.

Beste alde batetik, legea beti bete behar da. Zuzenbide Estatuak bermatu egin behar die herritar guztiei legea bete egiten dela, eta ez Rajoyk esan zuen bezala ETA desagertzen denean. Kataluniako auzian legea bete egin behar da, dio PPko buruak; Euskal Herrian, ordea, ETA desagertzen denean... Salbuespenezko egoera bere burua demokratikotzat jotzen duen estatu batentzat.

Istanbuleko Protokoloaren arabera, eta gogoratu protokolo hori Nazio Batuen Erakundeak onartutakoa eta zalantza izpirik sortzen ez duen protokoloa dela, aurten Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dituzte azken gazte euskal herritar gehienak torturatu egin zituzten, eta inor ez da asaldatu. Hori ere “mesedegarri” ote da? Tortura beti da eskandalagarria eta eskandalizatzen ez bagaitu, gizarte modura aztertu egin behar litzateke zer geratzen zaion jendarte honi. Torturarena noiz desagertuko da?

Antonio Basagoitik politikagintza utzi baino apur bat lehenago, ETAk aldebakarreko behin betiko su-etena aldarrikatu zuenean, lau urteko «berrogeialdiaz» hitz egin zuen. Sarri esan dut hark ere adierazpen txoroa zirudiela, baina ez zen. Betetzen ari dira lau urte horiek.

Larunbatean presoen dispertsioaren aurka Euskal Herrian egiten den urteroko manifestazioa izango da. ETAk armak utzi zituenetik hiru urte pasa dira eta egoera oro har gogortu eta tenkatu egin da. Iaz, beste aldagarri batzuk tarteko (eta haiek ere ez ziren gatazka gainditzeko egoera erraztera zetozenak), inoizko jendetzarik handiena bildu zen Bilbon. Askok inflexio puntu bat izango zen itxaropena izan zuten ordukoan. Ez dirudi horrela izan zenik, beraz, aurten ere garrantzitsua izango da aldarrikatzea giza eskubideak errespetatzea premiazkoa dela. Orain!