Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Ez gaituzue, ez gaituzte harri eta zur utzi, ez horixe

Zur eta lur utzi nauzu, Izaskun. Tira, ni engainatzeak ez du meritu handirik. Zer pentsatu ote dute, ordea, orain aspaldi ez dela abegitsu hartu zintuzteten Europako Parlamentuko talde gehientsuetako ordezkari horiek? Zuregan jende zintzo eta arrazoidunaren irudia sumatu zuten, errealitate gordin baten gainean eman zenizkien azalpenek konbentzitu egin zituzten, baina Guardia Zibilak zure benetako irudia eskaini zien atzo goizean: bilurrez lotu beharreko gaizkilearena.

Aho zabalik utzi nauzu, Nagore, eta ni engainatzeak garrantzirik ez badu ere, oraindik orain zurekin bildu zen lehendakariak, zuekin sakabanaketaren aurka elkarlanean jarduteko konpromisoa agertu zuenak, orain badaki, Auzitegi Nazional espainoleko epaileei esker, kalabozoa egoitza egokia duen delitugile arriskugarria zarela.

Ezagutzen ez bazaitut ere, Oihana, ez dut zalantzarik txundituta utzi dituzula zure ezagunak, Kolonbiako bake negoziazioei erabateko sostengua eskaini dion presidente espainiarrari esker jakin baitute jardun armatua bertan behera utzi zuen erakunde baten mendeko egitura bateko partaidea zarela.

Zuk ere, Fernando, zur eta lur utzi nauzu... Bai zera. Txorakeriak esateari utzita, ez nauzu engainatu, ez ni ez beste inor. Aspaldi luzetik baitakit zure gizatasunaren berri, zu aipatze hutsa elkartasuna, justizia sozialaren, euskararen, zapaldu ororen aldeko borroka eta konpromisoa aipatzea dela. Horixe da ezagutzen zaitugunok dugun zure irudia, zure izaera.

Ez gaituzue harri eta zur utzi, Izaskun, Nagore, Oihana, Fernando, eta uneotan min ematen badigu ere, harrotu egiten gaitu zuek engainatu ez izanak. Guardia Zibilak eta Madrilgo Gobernuak ere ez digute harridura eragin, zoritxarrez. Gure presoen eskubideen, gure eskubide zibil eta politikoen defentsa abandonatzea nahi dute. Baina ezin dugu etsi, eta ez dugu etsiko. Gure kezka handia da, zuenganako maitasuna bezain.