Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Azkenean eskuak zikindu behar

Badira munduan zenbait estatu, Saudi Arabia kasu, inguruko nahiz urrutiko gorabeheretan leporaino sartuta daudenak baina, ia beti, beren esku leunak inoiz zikindu gabe. Ordezkoen bitartez esku hartzen dute... ahal den bitartean. Hori ezin denean hasten dira haien benetako arazoak.

Etxekonean, Yemenen, aurkeztu zaio ataka hori Saudi Arabiari azkenean. Huthien matxinada, duela hamar urte arazo marjinala zena, arrisku mortala bilakatu da Sauden Etxearentzat. Libanoko gerra zibilarekiko paralelotasunik baduen prozesuan, baina askoz epe laburragoan, Saleh jeneralaren erregimenaren hondakinen artean, Ansarallah mugimenduak jakin du –bere kabuz edo kanpotik lagun-gidatuta, batek daki– zaidiak, biztanleen herena, biltzen, eta ardatz horren inguruan erakunde politiko-militar nahiko sendoa eraikitzen. Saleh bera eta haren jarraitzaile xiiak bereganatu ditu eta herrialdeaz jabetzen ari da pausoz pauso. Besteak beste, salafista muturrekoenak beste aurkari antolaturik aurkitzen ez duelako.

Abagune horretatik, galera besterik ezin du espero Saudi Arabiak: Iran etsaiarekin zuzenean lerrokatutako estatu xiia edota Mesopotamia eta Somaliako anabasa. Zartagina ala sua. Etxekonean. Azkenean, huthiak Adeneko atariraino heldu direnean, zuzenean eskuak zikintzea beste aterabiderik ez zaiola geratzen erabaki bide du. Konpartsa txiki (Golkoko monarkia) eta zordun handi (Egipto, Pakistan) guztiez inguratuta, Yemen bonbardatzeari ekin dio Riadek. Nazio Batuen eta abarren oniritzirik gabe, jakina. Bere burua baino askoz gehiago ordezkatzen ez duen Hadi lehendakariak eskatuta, esango dute. Eta lurrez inbaditzeari ekin ezean, eskuak ez dituztela horrenbesteraino zikintzen irudituko zaie, agian.

Baina hasi besterik ez da egin hau guztia. Ez dut uste huthiak, eta haien aholkulariak, ustekabean harrapatu dituenik urrats honek. Eta Obama-Salman goi bilkuran hitz egin zenaren ataletako bat argitzen hasi da.