Iker Madozek beteranoen lekukoahartu du Kanderstegeko marretan
Bederatzi egunez, 21 urteko iruindarra David Lopez, Unai Mendia eta Kepa Escribano alpinista zailduekin Suitzako izotzezko zein mistoko marra gogorretan estutzen aritu da. Besteak beste, «Beta Rocker» bidea (M8, WI6-) eskalatzeko aukera izan dute.
Ez da harritzekoa bukatu berri den neguko denboraldian Iker Madoz orriotako protagonistetariko bat izatea. Hilabeteotako berrietan argitaratu dugunez, 21 urteko iruindarrak argi asko utzi du alpinismoan bikain baino bikainago sartu duela «muturra». Eta hori ezin da ezbaian jarri. Oso sasoiko egoteaz gain, oso motibatuta dago, eta, ikasketek ematen dioten «askatasunari» esker, lasai asko aitor dezakegu negu osoan ez dela geldirik egon.
Gaztea da, bai, baina badaki zer egiten duen. Eta gainera, kontuan hartzen badugu egin dituen goi mailako jardueretan ondoan eskarmentu handia duten alpinistak izan dituela, bada, ondo pasatzeaz eta estutzeaz gain, asko ikasi du. Eta hori guztia berriro gertatu zaio Suitza aldean egin duen bidaian.
«Izotza eta mistoa», hori zen bidaiaren lerroburua. Bederatzi egun lehenago pioletak zein kranpoiak ondo zorroztu ondoren, dena prest zen Kandersteg bezalako erakusleihoaz gozatzeko. Eta hori guztia gutxi balitz, gaztearen alboan izen handiko hiru kide izan dira: David Lopez Tron errioxarra eta Unai Mendia eta Kepa Escribano euskal alpinistak. Madozek berak GARAri baieztatu dioenez, horrelako konpainiarekin berezia da oso eskalatzea: «Davidek, Unaik eta Kepak kristoren eskarmentua dute, eta primeran pasa dut haiekin! Hirukote horrekin gauza piloa ikas daiteke, eta horretan jo eta su jardun dut; esponja baten modura. Eskarmentu handiko alpinista izateaz gain, oso lagun jatorrak dira eta giro paregabea sortu dute».
Suitzako izotzezko zein mistoko bideetan eskalatzeko gogo handia zutenez, bidaia di-da batean antolatu zuten. Eta hasteko eta behin, pare bat egunetan Urnerboden izeneko gunean izan ziren: «Suitzako ibar ‘galdu’ batean dago; nik ez nuen ezagutzen. Murrua, berez, 50 eta 100 metro artekoa da; ikaragarria! Hango marrek artesi izoztuak dituzte eta izotz gortina batzuk ere bai. Hitz batean esanda, kirol mistoko bide ederrak ditu. Bideetako batean saioak egin genituen. David aurretik joaten zen eta txapak jarri ondoren, gu atzetik jo eta ke. Bide batzuk kateatu gabe utzi genituen, baina ziur naiz itzuliko garela egin gabe utzitakoa bukatzeko».
Kandersteg, paradisua
Alpinista horien izenak ezagututa, argi asko zegoen bidaldiko xede nagusia Kandersteg izango zela. Eta denbora galdu gabe, izotzezko zein mistoko bideak jasotzen dituen munduko gune ederrenetarikora abiatu ziren.
Eguraldiak eskaintzen zituen aukeren arabera jardun zuten. Makurrarekin kirol mistoko hainbat bide eskalatu zituzten. Baina laukoteak nahiago zuen Kanderstegeko guneak dituen binomioan jardun; hots, izotzak eskaintzen dituen forma ezberdinetan eta haietara heltzeko arrokazko sekzioetan. Izotza eta mistoa, hain zuzen ere.
Kandersteg betidanik paradisu baten pare aurkeztu da, eta Madozek ere ez du zalantza izpirik: «Edonora begiratu eta izotza ikusten duzu; toki guztietan eta ia dena tentea eta eroriarekin. Hara iristerakoan, ohartu ginen baldintzak ez zirela egundokoak. Hori ere bagenekin hara abiatu aurretik. Baina osatua zegoena, paregabea iruditu zitzaigun; batez ere, hango potentziala. Eta Beritwangflueko sektorea zer esanik ez!: egundoko altxorra! 200 eta 300 metroko garaiera duten pareta paregabeak dira».
Egunak joan eta egunak etorri, alpinisten besoek eta oinek atsedena eskatzen zuten, baina Kanderstegek gehiago eskatzen du, eta dei horri ezin izan zioten muzin egin. Orduan, eguraldia egonkortu zen, eta hango pareten bideak garbitzen joan ziren. Ordua iritsi zen, eta laukoteak Kanderstegeko izen handiko hainbat bide probatu zituen: «Nik eskalatutako hiru izar aipatuko nituzke. Lehenik eta behin, ‘Finderlhorn’ (M7+, WI5+). Karndersteg alboko sektore batean dago, eta mistoko hirugarren luzeak duen izena dela eta, hara abiatu ginen. Oso ona da. Ezin izan genuen bide osoa bukatu; izan ere, azken luzearen baldintzak txarrak ziren. Baina hirugarren luze hori egitea merezi izan zuen».
Ondoren, “Reiseins reich der Eiszwerge” (M6, WI5+) bide klasikoa eskalatu zuten: «Kanderstegetik 20 minutura dago, eta dituen lau luzeak apartak dira oso. Guztiek ala guztiek bere ‘puntua’ dute, giroa eta dibertsioa sortzen dutenak».
Eta hirugarren izarra “Beta Rocker” (M8, WI6-)” izan zen. Breitwangflue sektorean dago, eta iruindarrak dioen moduan, ikaragarria da: «Guztira, sei luze dira; bat mistokoa eta besteak izotzezkoak. Baldintzengatik normalean egiten ez den marra da hori, baina aurten izotz letagina aski jaisten zen arrokatik hara pasatzeko. Ez zen batere erraza izan, baina, era berean, ez zen denboraldian izan dugun estualdi handiena».
Bidaiako bederatzi egunak di-da batean igaro ziren. Eguraldi onak lagunduta, bederen, laukoteak kalitatezko izotzezko zein mistoko bideak egiteko aukera izan du.
Madozek baieztatu digunez, eskalada saio horiekin asko gozatzeaz gain, ikasi egin du. Izaera horretako gero eta jarduera gehiago egiten da, eta eskarmentu handia pilatzen ari da: «Zuk diozun bezala, aurten izotz eta misto asko egin eta dezente hobetu dut. Bidaia apartekoa izan da, primeran igaro dugu eta gauza berriak ikasi ditut. Gainera, txipa aldatzeko balio izan dit: lehen ikustera iristen ez nintzen bideak aurkitzeko aukera dut egun. Izotza ez da bide bakarra; mistoan dauden artesiek ere marra ederrak eskaintzen dituzte, batez ere, ondoren izotz letaginetara heltzeko. Adibidez, Gavarnieko lehenengo murruan dena zabalduta ikustetik bide berriak ikustera pasa naiz. Eta hori sekulako zortea dela pentsatzen dut. Eta ederra ere bai! Adibide gisa, aipatuko dizut pasa den martxoaren 17an Mikel Zabalza eta Alberto Fernandezekin Gavarnien bertan hiru luzeko aldaera bat zabaldu genuela. ‘Makumba o muerte’ (M6+/7, 4+, 190 m) deitu diogu. ‘L´eau! L´eau! de L´eau! La!’ bidearen lehen bileran hasi eta ‘Cruz del Sur’-etik irteten da. Hiru luze eder dira!».
Hori da hein handi batean, laukoteak Suitzara eginiko bidaiaren nondik norakoak. Beteranoek, ederki asko estutzeaz gain, gozatu egin dute, eta gozatu ere ondoan etorkizun handiko alpinista bat izan dutelako. Gazteak ere estutu eta gozatu egin du, eta gozatu ere beteranoen ikasketak balio handikoak izan direlako.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
