Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Krisiaren behar sortzailea

Funtzionario bizi gura duten sortzaileez genbiltzan. Baina sorkuntzak derrigorrezkoa du krisia, dinamismoak berezkoa duen ezegonkortasuna, gure ehiztari paleolitikoa pizten duen ingurunearekiko erabateko arretarako premia, hainbeste beldurtzen gaituen hori guztia. Sorkuntza pertsonalak krisi pertsonala, sorkuntza sozialak krisi soziala eta sorkuntza ekonomikoak krisi ekonomikoa beharrezkoa dute. Ez naiz dialektika materialistaren eztabaidan sartuko, krisi-berrikuntza dinamika naturaren oinarrietan, elikadura katearen harrapakari-harrapakin kopuruen gorabeheretan ikus liteke, gizakiaren eraginik gabe. Paul Romerrek zioen krisi bat alferrik galtzea gauza izugarria dela. Eta bat-bateko bertsogintza adibide paradigmatikoa da. Gaia paratu eta jende guztia, isilik, guri begira dugula ahalik eta denbora laburrenean hasiko den mami burutsudun kantu neurtu eta errimatua botatzeko atakan jarriko ez bagintuzte, urtebete emango baligute erantzuteko, bakardadean eta entzulerik gabe bageunde edo gutaz ezer burutsurik esperoko ez balute, ez genuke gure minikrisi ugariek eragiten diguten sorkuntzarako indarrik izango. Sorkuntzarako energia berezi hori erdiesten digun krisiaren zenbat eta elementu gehiago kendu, hainbat eta eskasagoa da sorkuntzaren emaitza. Bertsotan gabiltzan guztiok esperimentatu ahal izan dugu hori txapelketarako entrenamenduen ur lotuetan. Pinguinoen hegalek funtzioa galdu zuten bezala, hegan egin beharrik ez zutelako.

Bere buruari etengabe krisiak eragitea izan da sortzaile handi askoren ohiko mekanismoa. Kontzienteki, Stanislasvki edo Grotowski metodoen bidez, esaterako, edo inkontzienteki, sorkuntza espirituala gure suntsipen fisiko edo/eta sozialaren krisitik eratorriz. «Suntsipen sortzailea» deitzen diote Richar Floridaren moduko ekonomialariek; «infernuetara jaistea», Pearls-en tankerako psikologoek; «instituitua eta instituitzear denaren arteko borroka», Irigarayk…