«Su izan nahi»; oroimenaren kodea
«Su izan nahi». Hotzak dauden bost lagun beroaren bila. Antzerkia eta arte diziplina desberdinen arteko bateraketa. Ez elkarren betelan hutsa, oholtza gaineko fusio landua baizik. Esperimentazioa. Inprobisazioa. Baina bateragarritasun zentzuzko batekin ondutakoa. Oroimenean, hildakoak, senideak eta maskotak. Egia eta ikuslearenganako irisgarritasuna. Kodea. Estreinaldia, larunbatean, Durangoko San Agustinen. Oier Guillanek eman ditu azalpen zenbait.

Trama eta dramaturgian egindako saiakera. Bi zutabe horiek ditu oinarri “Su izan nahi” antzezlanak. Gaiari dagokionez, sinpleki, abiapuntuko irudia: hotzak dauden bost lagun beroaren bila. Sakonduz gero: «Abiapuntuan genuen ideia zen askotan omentzen ditugula gure bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsona famatuak, idazleak, politikariak, artistak... Eta gutxitan gure inguru gertuan egon diren pertsona garrantzitsuak. Pertsona horiek aintzat hartzen ditugu; gogoan hartzen ditugu gure bizitzetan garrantzitsuak izan diren erreferente anonimoak», azaldu du Oier Guillanek, Metrokoadroka kolektiboko kide eta “Su izan nahi” antzezlaneko parte-hartzaile denak. Lau lagun gehiago oholtzan: Javi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez eta Asier Sarasola.
Azpitituluan, hildakoak, senideak eta maskotak. «Inguruko erreferente anonimoei begiratuta topatu genuen asko hilik zeudela. Hasi ginen geure buruari galdezka ze arrasto utzi duten bizirik gaudenongan. Kasu askotan senideak ziren. Eta maskotak kontzeptu berberarekin gogoratu genituen, gure bizitzetan garrantzitsuak izan diren animaliak, eta beraiekin zabaltzen zaie atea apur bat umoreari, ikusteko gai sakonei buruz ari garen arren, gure egiteko modua umorearen bitartez dela hein handi batean», gaineratu du Guillanek.
Elementu pertsonalak eta errealistak, baina aktoreen bizitza kontatzeko grinarik gabe. «Gure egiteko modua bada gauza errealetatik abiatzea, edo fikzionatzea elementu horiek, iruditzen zaigulako beste modu batera iristen direla gauzak nolabaiteko egia bat dagoenean oinarrian». Eta jarraitu du: «Helburua edonork bere bizitzan identifikatuak senti ditzakeen gauzak oroitaraztea da».
Dramaturgia
Dramaturgian egindako ahaleginari garrantzi berezia eman dio Guillanek. Bigarren zutabea: kodea. “Poza” antzezlanean egin zuen lan lehenengo boskoteak eta, nahiz eta lan esperimentala izan, izan zuen harreraren ondotik, sakontzeko gogoz geratu ziren. Zubi ekimenera aurkeztu eta hainbat egonaldi artistiko egin zituzten. “Su izan nahi” antzezlana da bertatik ateratako emaitza. Hori zer den? «Gure lan askotan oinarritu izan da arte diziplina desberdinen arteko harremana ikertzea eszena gainean, ez da elkarren betelana edo elkar lagundu beharra, baizik eta non egiten duten bat oholtza gainean». Hori batetik. Bestetik, egitura narratiboak. «Historia kontatzeko moduan esan dezakegu antz gehiago daukala poesia liburu batena nobela batena baino».
Inprobisazioa teknika modura erabilita osatu zen obraren hezurdura. «Inprobisazioa sormen prozesu batean erabiltzen da prozesua bera kolektiboa izan dadin. Hartara, taldeko partaide guztiek parte hartzen dute obraren idazketan», azpimarratu du. Inprobisazioa bai, baina ez hutsetik abiatuta. «Senideen gaia landu nahi bagenuen, esaterako, planteatzen ziren irudi konkretu batzuk eta horren gainean egiten ziren ariketak. Pixkanaka joaten dira sortzen materialak eta detektatzen da zeintzuk balio duten. Horren arabera eraiki dugu obra», esan du.
Elementu performatiboek ere badute garrantzirik. «Guk kontsideratzen dugu teatroa egiten dugula, baina interpretatzen ditugun pertsonaiek gure izen-abizen berberak dituzte. Orduan, plano horiekin jokatzen dugu, zer den egia, zer fikzioa...», agertu du.
Larunbatean da estreinaldiaren hitzordua, Durangoko San Agustinen (20.00). Igandean bigarren saio bat, Azkoitiko Matadeixan. Eta handik Bilbora (25), Oiartzunera (26), Zumaiara (maiatzak 8), Gasteizera (16), Azpeitira (26), Errenteriara (ekainak 21) eta Eara (uztailak 18).

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años
