Nagore BELASTEGI
SORTZEN JAIA

EUSKAL ESKOLA BERRI ETA HERRITARRA NAHI DUTENEN EGUZKI IZPI INDARTSUA

KALITATEZKO EUSKAL HEZKUNTZA ESKAINI BAINO EZ DU NAHI SARRIGURENGO ESKOLAK, BAINA URTEOTAN TRABAK IZAN DITUZTE, BATETIK, ERAIKINA TXIKI GELDITU ZAIELAKO ETA, BESTETIK, HEZKUNTZAN GERTATZEN ARI DIREN ALDAKETAK EZ DIRELAKO MESEDEGARRIAK. SORTZEN JAIA ONDO PASATZEKO ETA ALDARRIKAPENERAKO AUKERA IZAN ZEN.

Sortzen Ikasbatuaz-ek Nafarroako eskola publikoen festa egin zuen atzo Eguesibar udalerriko Sarriguren auzoan. Azken urteetan asko hazi den eremua da eta hainbeste ume izanda eskola txiki gelditu zaie. Pare bat urte daramate eskola berri bat eskatzen, eta atzoko jaia aldarrikapen hori are ozenago zabaltzeko baliatu zuten.

“Izpi berriez, eskola berria” dute leloa eta beren maskota Izpitxo eguzki irribarretsua da; bazirudien zeruak ere keinu bat egin nahi ziola euren eskaerari, ekitaldiari hasiera emateko ordua gerturatzen zen heinean hodeiak desagertzen joan baitziren. Aurkezpenean Bego Bitorikak, Sortzeneko koordinatzaile nagusiak, hartu zuen hitza bertaratuei ongi etorria emateaz gain festaren zergatia plazaratzeko.

10.30ean euskal mitologiako pertsonaiak irudikatzen dituzten erraldoiak Lakarri gunera iritsi zien dultzaineroez lagundurik. Ondoren, Alaitz institutuko arte eszenikoetako ikasleek osatutako abesbatzak hainbat kanta abestu zituen.

Orduan Bitorikak esan zuen atzokoa urte osoan egindako lana goraipatzeko eguna zela, jai egun bat, baina aldarrikapenak ezin zituztela ahaztu, hala eta guztiz ere. Izan ere, txoko guztietan zeuden Lomce legearen kontrako mezuak, bai pankarta handietan bai faroletan itsatsitako orri txikiagoetan.

Argi dago lege horren aplikazioak zuzenean eragingo diela eskolei, eta horregatik kezkatuta daude Sarrigurenen. «Aurten inoiz baino indar handiagoz, eskola berriaren aldeko aldarrikapena dugu, eskola berria zentzu zabalenean ulertuta», esan zuen koordinatzaileak.

Alde batetik, auzo konkretu horretan duten arazoari egiten zion erreferentzia. «Fisikoki eskola berria aldarrikatzen ibili gara azken bi urteetan. Eskola honen proiektua aurrera ateratzeko zailtasunak izaten ari dira. Horregatik, gaur ozen esan nahi dugu: Sarrigurenen kalitatezko eskola berria behar dugu».

Bestetik, eskola berri kontzeptuaren zentzu zabalari ekin zion. «Azken egunotan oso argi ikusi dugu hezkuntza komunitatea, premiazko aldaketak behar dituen sistema zaharkitu honen burugabekeriaren aurrean, elkartu eta erantzuteko gai izan dela», aipatu zuen. Bitorikaren ustez, egin behar diren aldaketak Lomcek eta Heziberrik proposatzen dutenaren kontrakoak izan behar dira ikuspuntu pedagogiko batetik.

Eskola komunitateak hartzen diren erabakietan parte hartzeko bidean pausoak eman ditzan eskatu zuen Sortzeneko bozeramaileak, eta, gainera, esan zuen parte hartu nahi duela erakusten ari dela azkenaldian Lomceren kontra egiten ari diren mobilizazioetan.

Amaitzeko, eragile guztiak euskal eskola publiko berri eta herritar baten alde norabide berean bultzatzera animatu zituen, horrela aldaketa gauzatzea posible ikusten dutelako.

Gunez gune

Bitorikaren ostean, Garikoitz Torregrosa Sortzeneko Nafarroako arduradunak Sarrigureneko kalitatezko plataformako kideei zuhaitz bat eman zien. «Espero dut guztien artean ureztatzea eta eskola bezain handi egitea», esan zuen.

Ondoren, erraldoiak buruan, kalejirari ekin zioten eskolaraino. Eraikinaren ondoan dagoen zelai batean, beste zuhaitz gazte askoren artean, euskal eskola publikoa irudikatzen duen zuhaitza landatu zuten bi haur eta Izpitxoren laguntzarekin.

Orduan bai, festa hasi zen eta auzoan barreiatzeko gogotsu zeuden umeen txanda iritsi zen. Lau gune zeuden guztira, guztiak nahiko gertu, batetik bestera erraz mugitu ahal izateko. Aurretik aipatutako Lakarrin Alaitz institutuko ikasleak gelditu ziren kontzertua eskaintzen. Euskal taldeen kanten bertsioak egin zituzten, hainbat musika tresnarekin eta binaka abestuz. Jendea dantzatzera animatzeko asmoz, amaitu aurretik polka bat dantzatu zuten. Gutxi batzuk animatu ziren haiekin dantzatzera, baina txalo zaparrada jaso zuten behintzat.

Alboan txosna handi bat zegoen, baita umeentzako puzgarriak, ludoteka eta eskalada horma. Auzoan pixka bat barneratuta, Malkaitz gunea zegoen eta bertan, artisauen azoka. Jendez gainezka egon zen goizean zehar, batez ere eskolen arteko herri kirol txapelketa egin zutenean. Nork bere taldea animatzeko pankartak, bubuzelak eta garrasiak ez ziren falta. Ikusleen artean, noski, gurasoak ziren gehienak.

Eskolan bertan Izpitxo gunea prestatu zuten, txokorik lasaiena baina era berean gauza gehien zituena. Haurrei zuzenduriko espazio honetan ondo pasatuz ikasteko eta euren irudimena lantzeko aukera zuten. Patioan eta gela batzuetan tailerrak zeuden, baina ohikoez gain (maskarak eta aurpegia pintatzekoa) ezohikoagoak ere baziren. Batetik bestera ibili ziren txikiak aspertzeko astirik gabe.

Helduen laguntzarekin oihalezko figurak egiteko tailerra zegoen. Bururatzen zitzaien edozein gauza egin zezaketen monitoreek emandako argibideei jarraituz. Lehenik, zer egin nahi zuten aukeratu behar zuten eta, ondoren, apar zatiak moldatu behar zituzten. Amaitzeko, horiek koloretako oihalekin bildu behar zituzten eta elkarren artean josi. Baten bat panpina erraldoi bat egiten ari zen; auskalo zer nolako emaitza gu izango zuen.

Alboan xaboi burbuilak egiteko lekua zegoen. Bi makilarekin lotutako soka bat xaboia zuen uretan sartu, eta besoak altxatzean abilidade apur batekin haizeak berak sortzen zituen burbuilak. Batzuk putz egiten saiatzen ziren, beste batzuk airearen norabidearekin borrokatzen ziren, eta bati baino gehiagori burbuilak aurpegian egin zion eztanda.

Gela batean mozorro piloa zegoen, neurri desberdinetakoak. Zertarako baina? Haur bakoitzak gustukoen zuena jantzi eta kanpoko photocallean argazkia ateratzeko prest ziren. Argazkilariak gurasoak ziren, baina ederki ibili ziren guztiak jolas xume horrekin; mozorroak janzten lehenak, euren txikien irudiak hartzen bigarrenak.

Giro lasaiagoa zegoen alboko gelan. Erabat kontzentratuta zeuden denak, etxeko lanak egiten arituko balira bezala, baina ez, eskuz egindako koadernoak egiten eta apaintzen ari ziren.

Kanpoan berriro, eskolako baratzean, etxera eramateko letxugak eta albaka landatzen ari ziren. Beste txoko batean perkusio tailerra zegoen, guneko tokirik zaratatsuena, eta alboan, kartoizko eskola: umeek tetrabrikak apaindu behar zituzten eta kartoiaren gainean adreiluak izango balira bezala pilatu, hala, euren eskuekin eskola berria eraikitzeko.

Azken gunean, Ttangorrin, “Ene kantak” ikuskizuna martxan zen. Antzerki eta abestien bitartez ingurumena eta bestelako gai sozialak jorratu zituzten, umeek ulertzeko moduan. Horrez gain, zelai batean, gainera, arku tiroa egiten ari ziren, nahi zutenek parte har zezaten eta honetan heldu batzuk ere ausartu ziren proba egitera. Trebeenak umeak ziren, hala ere; gehientsuenek behintzat ituan asmatzen zuten.

Bazkalostean, berriz, kontzertuak hasi ziren Lakarri eta Ttangorri guneetan. Gaztetxoen txanda, ondo pasatuz, Nafarroan euskaraz ikastearen eta bizitzearen aldeko aldarrikapena egiteko, euren presentziarekin besterik ez bada ere.