Asun AGIRIANO
GAZTE LITERATURA

Poema luze bat

Udaberri honetako azken haur eta gazte literaturako bi iruzkinak bereziak izango dira. Bi obrak gazte-helduentzako muga ikusezin horretan kokatzen dira, biak ere bitxiak, oparitzeko liburuak izan daitezkeenak.

“Zerua berun”, iazko Durangoko Azokaren bezperan kaleratu zen liburu hau, Peru Abarka Narrazio Laburren IX. Lehiaketa irabazitako lana da. Castillo Suarez (Altsasu, 1976) olerkigintzan aski ezaguna dugun idazlearen testua, eta Maite Mutuberriarenak (Eltzaburu, 1985) marrazkiak. Album ilustratua den aldetik, bi egileek elkarrekin osatu duten narrazio orekatuak arreta handia merezi du.

Poema luze bat da album honetako testua, prosa poetiko laburra, beraz. «Garbi neukan ezin nuela narrazio klasiko bat egin»‚ adierazi zuen Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean. «Nik ongi menderatzen dudana prosa poetikoa da».

Lehen pertsonan idatzia, sentimenduak eragiten dituen irakurketa dugu, malenkoniatsua da sortzen duen giroa. Kontatzen dena aldentzen doazen bi pertsonen harreman sentimentala da, beldurra bakardadearen aurrean, hitz ez-ulertuak, sendatu gabeko zauriak, barnera bilduta eta zalantzaz beteta bizi den pertsona baten gogoetak dira. «Presentzia eta absentziaren arteko jokoa islatu nahi nuen. Gehiago da kontatzen ez dena kontatzen dena baino». Hala da, ez da gehiegi zehazten, narratzaileak ez du azalpenik ematen, irakurleari eta ilustratzaileari uzten zaie istorioa osatzeko aukera. Ipuin atmosferikoa gelditu zaiela aipatu zuen idazleak, eta horrek ondo deskribatzen du ipuinaren giroa. Ez da kasualitatea albuma Joseba Sarrionandiaren aipuarekin hastea: «Zerua itsaso zikin bat da».

Elkarrekin dantza egiten dute testuak eta irudiak, hitzak bezain intimoak dira marrazkiak. Elurpean emakumearen gorputz siluetak antzematen dira, txoriak protagonista. Mutuberriak normalean erabiltzen duen teknika tinta eta akuarelaz osatua da. Horrela hurbildu da liburura, irudimena martxan jarri eta irakurketa zabala eskaini digu. Paisaia gris eta pisutsua azalduz, beruna legez, urdin-gris eta ilun. Naturaren indarra da iradokitzen diguna, leuna batzuetan, gogorra beste hainbestetan.

Album ilustratu ederra, aberatsa, ausarta, sailkaezina, soseguz dastatzekoa, behin eta berriz irakurtzeko eta interpretatzeko parada ematen duena, testuak eta ilustrazioek barnean ezkutatuta dituzten zalantzak argitu arte.