J.L.
Giza-proba

Itziarrek irabazi du Ligako bigarren jardunaldia, sailkapena estutuz

Itziarrek irabazi zuen Gipuzkoako giza-probako Ligako bigarren jardunaldia. Errezilen jokatu zen saioa, herenegun, eta zinta bakarreko aldea kendu zion Itziarrek bigarren sailkatutako Mendarori.

Lehia oso polita izan zen, eta lau taldeek eman zuten oso maila ona. Itziarrek, hogei minutu lanean aritu ostean, 65 plaza eta bi zinta egin zituen. Bigarren postuan Mendaro sailkatu zen, 65 plaza eta zinta bateko marka eginda. Berrobik, lehen jardunaldian garaipena lortu zuen taldeak, eskuratu zuen hirugarren postua, eta oraingoan 61 plazarekin konformatu behar izan zuen. Sailkapena Debak itxi zuen, 59 plaza pasarekin, nahiz eta 60tik oso gertu geratu zen. 

Errezilen gertatu zena oso bitxia izan zen, taldeek lanerako izandako ordena erabakigarria suertatu baitzen. Aurrena lanean aritu zena azkena geratu zen, eta azkena aritu zena, berriz, aurrena. Talde bakoitza zer postutan plazaratzen den oso garrantzitsua dela interpreta daiteke Errezilen ikusitakoaren ostean.

Sailkapen nagusia ere oso estu dago, izan ere, Berrobi eta Mendaro baitaude aurreneko postuan sei punturekin. Oraindik liga amaitzeko bi jardunaldi geratzen dira, eta taldeen arteko berdintasuna ikusita edozer gerta daiteke.