Brontzezko maila gaur hasiko da Sestaon
Iberia-Sestao I. Banderak emango dio hasiera gaur 17.00etan KAE-2 Ligaren ekitaldi berri bati. Gaur hasi eta abuztu amaiera arte, hamalau traineru nor baino nor jardungo dira arraun munduan beraiek ere lekutxo bat badutela erakusteko prest.
Urtero legez, traineruen “hirugarren maila” horretan parte-hartzaile nahasketa interesgarria izango da. Alde batetik, arraunlari gaztez osatutako bigarren ontziak arituko dira, bost zehazki: Bermeo B, Donostiarra B, Hondarribia B, San Pedro B eta Zumaia B. Azken urteetan maila horretan jardundakoak dira beste zenbait: Arkote, Getxo, Hibaika, Lutxana, Mundaka eta Colindres, hain zuzen ere. Eta aurtengo berrikuntza nagusiak bi dira: lehen aldiz parte hartuko duen Oiartzun eta iaz KAE1 Ligatik jaitsi zen Castro. Maila Sestaoko Iberia historikoak osatuko du, iaz Castrorekin elkarkidetzan aritu zena eta aurten bere betiko izena berreskuratuta.
Ez da erraza izaten KAE-2 Ligan pronostikoak egitea, baina badirudi jarraitu beharreko ontziak hiruzpalau izango direla batez ere: Arkote, iaz hirugarren izan baitzen igoera lortu zuten Zarautz eta Deustoren atzetik; San Pedro B eta Castro, iaz KAE-1 Ligatik jaitsi zirenak; eta Hondarribia B, iaz laugarren izan zena eta aurreko urteetan bandera asko irabazitakoa maila honetan.
Benetako erreferentziak oso gutxi dira, baina denboraldi-aurreko estropadei begiratuta ontzi horiek ematen dute indartsuenak. Mutrikun, esaterako, Castro izan zen beste guztien oso gainetik ibili zena, eta atzetik Arkotek aurre hartu zien Lutxanari eta Getxori. Lekeition, aldiz, eta Castroko “La Marinera” ez zegoela jakinda, Hondarribia B izan zen azkarrena, San Pedro B eta Arkoteren aurretik.
Kontuan izan behar da lehen postuan amaitzen duen taldea zuzenean igotzen dela KAE-1 Ligara, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek kanporaketa bat jokatu behar izaten dutela KAE-1 mailako azken-bigarren sailkatuarekin beste txartela eskuratzeko. Bi jardunalditara izango da play-off hori aurten ere: abuztuaren 29an Erandion eta 30ean Hondarribian.
Lehiaketa gaur hasiko da estropada berezi batekin. Izan ere, 14 ontziak erlojuaren aurka arituko dira bi luze eta ziaboga bakarra izango dituen estropada eremuan, Benedictako kai parean hasi eta Santurtziko puntaraino.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
