Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Iji-aja arinak gutxi dauka arinetik

Egun osoan aurrenekoz lortu nuenean –etxeko haizagailu bedeinkatuaren parean– izerdi patsetan egoteari uztea, telebista piztu eta berriro hasi nintzen jariatzen; ez izerdia, sumindura baizik, eta gizakion betikotasun madarikaturako joeraren kontrako diatriba pipertua. Nirea da erru osoa, dena esan beharra dago, telebistako zenbait kate gordeta ere edukitzeagatik, eta umorezko telesail batean inteligentzia apur bat topatzea espero izateagatik.

Kontrolatzaileak, manipulatzaileak, berekoiak, agintzaileak, bekaiztiak, maltzurrak, kexatiak, kuxkuxeroak, berritsuak eta bertsuak emakumeon desabantailen artean, senar-talde baten aburuz, eta gauza on bat eta bakarra (eskerrak, bestela honezkero edukiko gintuzten guztiz baztertuta edo espezie gisa sarraskituta): gurekin eduki daitekeen sexua; hori bai, betiere geure apeta aldaberaren mende.

Emazte talde nazkaturik ez zegoen; hobe, ziurra baita gauza bera egingo zutela gidoilariek, alegia, jarraitu gizonezkoen gaineko topikorik txarrenak eta bidegabeenak zabaltzen eta, iji-aja, finkarazten (esaterako, guztiz ezgauzak direla emakumeoi plazera behar bezala eragiteko). Erauzten hain zailak diren topikoak, eta ondorioz aurreiritziak, inoiz baino osasuntsuago dabiltza garaiotan, bogan eta denak emanda. Formula magiko berrian, gainera, lurraldetasun-ajeak eta doinuak gehitu dizkiete emakume eta gizonezkoei buruzko ohiko lelo eskukatu eta aspergarriei (nola nahiko nukeen erantsi agortuei), eta, nola ez, Euskal Telebistak azkar asko inportatu du formatua, ikusleon ustezko errazkeriazaletasuna asetzearren.

Irailean estreinatuko duen saioaren (“Tú al Norte y Yo al Sur”) aurkezleari irakurri nion topikoak muturrera eraman behar direla, bestela akabo. Ez daukat arrastorik ere zer esan nahi ote zuen, hau da, zertarako edo norentzat den horren premiazkoa halako topikoak hedatzen jarraitzea, eta muturreraino, gainera. Niri bakarrik otutzen zait balio dutela genero-berdintasunari dagokionez batik bat gazteekin egiten den lan hezitzailea telebista piztu bezain laster lurperatzeko eta, hasia naiz serioski pentsatzen, euskaldunok eta katalanak gehiago maita gaitzaten espainiarrek, eurenetik alde egin nahi izatea akatsa iruditu eta Gobernu zentralaren jarrerarekin bat egin dezaten-edo. “Ocho apellidos catalanes” egingo dutela jakin izan dudanetik, argi eta garbi daukat: iji-ija arinak gutxi dauka arinetik, eta dena betikotasun-asmotik.