Jon LEUNDA
Sega

Inork ez du hutsik egin eta faborito guztiak izango dira Euskal Herriko finalean

Jexux Mari Ormatxeak, Igor Esnaolak, Gabirodo II.ak eta Jon Kanflankaklortu dute abuztuaren 16an Aian jokatuko den saioan aritzeko eskubidea.

Faborito guztiak izango dira abuztuaren 16an Aian jokatuko den Euskal Herriko finalean. Atzo, Aiako Aristerrazun jokatu zen kanporaketan, Ormaetxeak, Esnaolak, Gabirondo II.ak eta Kanflankak lortu zuten finalean izateko eskubidea.

Bi txandatan jokatu ziren kanporaketak, eta jendeak emandako erantzuna ere ona izan zen, eta lanean aritzeko giroa ere aitzakiarik gabekoa izan zen. Segalari bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako, eta multzo bakoitzeko aurreneko bi sailkatuek lortu zuten azkeneko egunean aritzeko txartela.

Ormaetxea, Esnaola, Pardo eta Urrutia aritu ziren lanean aurreneko txandan. Gipuzkoako finalean aritu ziren hiru tartean ziren, eta azkenekoa, berriz, Urrutia, berria, aurreneko aldiz aritu baitzen ofizialki iraupeneko proba batean.

Multzo honetako markak bigarrengoak baino hobeagoak izan ziren, baina bik bakarrik lortzen zuten sailkatzea multzo bakoitzean, eta azkenean garaipena Ormaetxeak lortu zuen. Esnaolarekin eta Pardorekin oso borroka polita izan zuen, baina bukaeran Orendaingoak lortu zuen lehen postua, 979,5 kilo belar ebakita.

Bigarren posturako oso lehia ederra izan zuten Esnaolak eta Pardok, eta amaieran 26 kiloko tartea bakarrik egon zen Legorretakoaren eta Zestoakoaren artean, nahiz eta azkenean Euskal Herriko txapeldunak lortu zuen finalean aritzeko txartela 949 kilo ebakita. 923 kilo moztu zituen, berriz, Pardok. Sailkapena Urrutiak itxi zuen, 726,5 kilo ebakita.

Bigarren kanporaketan ere bi faboritoek egin zuten aurrera. Merkaderrek sekulako abiadarekin ekin zion lanari, eta aurreneko sailetan aurretik ibili zen, baina behera egin zuen, eta erabat moteltzen joan zen.

Gero, Gabirondo II.aren eta Kanflankaren txanda iritsi zen, eta haiek hartu zuten aurrea eta zuloa egiten joan ziren. Hala ere, belarrak batu eta pisatu arte ezin da inoiz jakin nork irabazi duen, baina azkenean ez zen ezusterik egon, eta usteak egia bihurtu ziren. 

Amaieran Gabirondo II.ak lortu zuen garaipena, eta gipuzkoarrak 804,5 kilo belar ebaki zituen. Bere atzetik, eta finalerako txartela eskuratuz, Jon Kanflanka leitzarra sailkatu zen, eta berak 711,5 kilo ebaki zituen. Hirugarren Berakoetxea sailkatu zen, eta berak 607,5 kilo ebaki zituen, eta azkena, Merkader sailkatu zen, 594,5 belar kilo ebakita.

Honekin, segalarien denboraldia amaitzeko bi ekinaldi geratzen dira, baldin eta denboraldi honetarako norbaitzuk apusturen bat egiten ez badute. Betiko eran, Euskal Herriko finala geratuko da jokatzeko, eta, nazioarteko eran, Europakoa.

Honi buruzko guztia: Sega