Izaro IZU

PIRATAK, ERIETXETIK URGULLERA, ALTXOR UGARI TARTEAN BILDUZ

ORAINDIK ERE BADA PIRATEN EGITARAUA SOILIK ABORDATZERA MUGATZEN DUENIK, BAINA GERO ETA EKITALDI GEHIAGO DITU ETA GERO ETA URRUTIAGO IRISTEN DA. HORREN LEKUKO DIRA URGULLEKO GUARDETXEKO EMANALDIAK, ERIETXERA EGINDAKO BISITA ETA FLAMENKAKO OHOLTZA GAINEAN AURKITURIKO HAINBAT USTEKABE.

Igandeko Irrikitaldira heldu bitartean, atsedenik ez da Flamenkan. Galde diezaietela bestela atzoko bazkarian eta geroko kofradien arteko jolas txapelketan parte hartu zuten lagun guztiei, gau luzeen zama sumatzen hasten den arren egunak ere bere xarma baduela frogatuz.

Ohikoa izaten da ekimen hau Donostiako Piraten egitarauan, gaurko Abordatze Txikia bezalaxe, baina tartean bada berritasun ugari eta arrakastatsu. Esate baterako, Matti eta Ezkila kapitaina buru zirela herenegun Donostiako erietxera egin zuten bisitatxoa, festagunetik oso urrutiratua gelditzen den toki hartara alaitasun pixka bat eramateko helburuz. Batzuek zein besteek, hau da bisitariak eta bisitatuak izan zirenak, oso gustura gelditu ziren ekimenarekin. Errepikatzeko modukoa, beraz. Tartean, haur jaioberri baten bat pirata «batailatu» zuten, lepoaldean zapia jarrita.

Hasieran itsasoaldean biltzen zen Donostiako piraten algara, baina gero eta maizago hiriko «gailurretara» zabaltzen ari da. Esaterako, Miramongo tontorra zapaltzeaz gain, Intxaurrondo auzoa astindu nahian dabil Traganarrua kofradia. Uliako maldetan den Kortxoenea ere girotua dago. Eta kaitik abiatuta, Urgull mendira ere «eskalada» egin du festak.

Gaueko egitaraua osatzen ari dira Guardetxean jarritako musika emanaldiak, ordu txikietan Flamenka baino gune lasaiago eta freskagarriagoa eskaintzen duelarik. Nahiko aipatua eta txalotua izan da, adibide bat ematearren, bertan astelehen gauean Xabi Solano & DZ-k piztutako giroa.

Beheko oholtza gainekoak milaka lagun erakartzen ditu egunero, talde ezagun edo ezezagunen eskutik, edo biak nahastuta. Harribitxiak ageri dira tarteka, adibidez astearteko gauean Vendettaren aurretik aritu ziren The Groove Girls; Madrilgo sei neska, rock, soul, groove eta abarren fusioa aberasgarri, gozagarri eta dantzagarri eginez. Oso gustura entzun zuten piratek kontzertua, eta beraiek ere poz-pozik ekin zioten bueltako bideari: «Ha sido jodidamente increíble, gracias por esta noche, inolvidable», idatzita utzi dute bere Twitter kontuan. Eta egurra gero, galanta, Vendettarekin, gau epel zoragarriari segida emateko.

Kontuan hartu behar da, gainera, une berean pirata izaera ere baduten taldeak ari zirela Saguesen, beste milaka lagunen aurrean: Urtz eta Hesian. Musikazaleek hautaketa zaila izan zuten, beraz, baina itxuraz alde batekoak zein bestekoak konforme gelditu ziren.

Kultur Egitaraua deitu dutenak aurretik hiru egun eta hiru gau dauzka oraindik. Baina jaiak Aste Nagusiko amaiera ofizialaz harago jarraitu egingo du aurten ere. Donostiak aurten eman dituen kontu ugariri gatza eta piperra aterako dizkiete piratek, azken urte hauen arrakastaren poderioz ezinbesteko bilakatu den igandeko Irrikitaldian.