Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Biktimekiko sentiberatasun iraingarria

Urteetan eta hamarkadetan dozenaka mila biktima iraindu, umiliatu eta ahanzturan ezabatu nahi dituztenek edo onenean ez ikusia egin dutenek azken urteetan zenbait biktimarekin agertzen duten sentiberatasuna harrigarria da. «Adiskidetzea» ahalbidetzeko frankismoko errepresio latza eta larderia hildakoekin batera lurperatu nahi izan dituzten horiek beren kontakizunarekin –ikusmolde politikoarekin, alegia– bat ez datorren oro iraintzat jotzen dute: txupinazoa (egingo nuke Urquijori txapliguek traumaren bat eragin ziotela umetan), futbol partiduak, txokolate-jana... Seguruenik biktima batzuei bost axola zaie txupinazoa nork jaurtitzen duen edo lagun talde batek zergatik jaten duen txokolatea; beste batzuei, berriz, iraina iruditzen bide zaie euskal presoen eskubideak errespeta ditzatela eskatzea, are presoen senideek egunero bazkaldu eta afaltzea ere, plaza batean zein beren etxean. Edo zenbaitek arnasa hartzea.

Garai batean, euskal talde armatuetako batek egindako atentatuetan hildakoren baten hiletan ministro bat edo instituzioetako beste ordezkariren bat agertzea albistea izaten zen. Ezohiko albistea. Eta halako batean bururatu zitzaien biktimek, biktima haiek, «beti arrazoia» dutela. Eta haien izenean hitz egiten hasi ziren, zer sentitu behar duten adierazten. Hori ez al da iraingarria?

Ibarrako txupinazoa herriko errepresaliatu politikoen senideek botatzea debekatu zuten biharamunean, GARAko editorialak zioen benetako arazoa ez dela Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Ordezkaritza bera baizik. Gauza bertsua zioen Gasteizko Parlamentuak Urquijoren jokaera arbuiatu zuenean. Eta hala da, arazoa Ordezkaritza hori da, eta horrek ordezkatzen duen Gobernua, Gobernu hori eta eta aparatu judizial espainiarra... Arazo eta irainik handiena Urquijok ordezkatzen duen Espainia da, Euskal Herriko jaietan eta edozein astegun buruzuritan.