Nerea GOTI
BILBO

«Euskara praktikoa» ikasteko makineria guztia martxan jarri du AEK-k

Euskara praktikoa eta eguneroko premietara egokitutako eskaintza nabarmendu ditu AEK-k matrikulazio kanpaina berrian. Aurreratu duenez, makineria guztia martxan dago «euskahaldun» berriak egiteko.

«Ez da horren zaila», «nahi baduzu lortuko duzu», «gure hizkuntza da». Aipatutako horiek eta halako beste mila arrazoi dago euskara ikasteko, eta bide horretan AEKn izena emango duenak «euskara praktikoa» aurkituko duela nabarmendu zuten atzo, «nahi duzun guztia ulertzeko. Nahi duzun guztia esateko». Hori da, hain zuzen ere, aurtengo matrikulazio kanpaina berriaren mezu argia, eta irudia Sara Cozar aktore eta AEK-ko ikasle ohia izango da bigarrenez.

Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egin zuten kanpainaren aurkezpena, eta bertan Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiarekin batera Artekaritza Kontseiluko kideak izan ziren, besteak beste Arabako eta Nafarroako ordezkari berriak diren Gorka Arbulu eta Xabi Gartzia, hurrenez hurren. Ondoan, Sara Cozar eta Javi Delgado ikasle ohiek AEKn izena ematera dei egin zuten, izan duten esperientzia azalduta.

Cozarrek AEKren irudia berriz izatea «ohore handia» dela esan zuen. «Seinalea izango da lehengo urtean gauzak ondo joango zirela», esan zuen txantxetan. Hitza hartu zuen bere bizipen propioak azaltzeko. Euskara ikasteak dituen abantailen artean gelakideen artean sortutako harremanak aipatu zituen. Esan zuenez, «kuadrilla berri bat» sortzen da, eta hori inportantea da «gogotsu eta indartsu» aurrera jarraitzeko.

«Euskahaldun» berriak

Horrekin batera, euskaltegietan aurki daitekeen aukera zabala aipatu zuen Cozarrek, instituzioen laguntzek prozesua merkatzen dutela eta gure hizkuntza maitatzearen garrantzia ere azaldu zuen. Beste mezu bat zabaldu zuen: erritmo ezberdinak badaude ere, euskara ikastea «ez da horren zaila».

Javi Delgado Portugaleteko Xaribari AEK euskaltegiko ikasle ohi eta “euskahalduna” ere jarri zen mikrofonoaren aurrean, «euskara jakin ez, ahaldundu eta euskara ikastea lortu duen jendearen» esperientzia nabarmentzeko. «Euskara ikastea erabaki dugu eta gaur egun euskaldunak gara, gai izan gara», adierazi zuen, oraindik urratsa egin ez dutenak animatzeko.

Mugikaren esanetan, Sara eta Javik egin bezala ikasleak dira protagonistak. Gaineratu zuenez, «euskara egunerokoan edo lanean erabili nahi dutenek AEKn metodo eraginkorra» aurkituko dute, eta horretarako prestatutako eskaintza zabala da. Zehaztu zuenez, ohiko eskolekin batera, hainbat aukera dago on-line, enpresetan edota autoikaskuntza jorratzeko, beste zerbitzu batzuekin batera. Informazio guztia web orrian dago eskuragai.

Matrikulazioa zabalik dago irailean, eta urritik aurrera AEKren ehun euskaltegietan «makineria» guztia martxan egongo da “euskahaldun” berriak egiteko. Pasa den ikasturteko zifra onak hobetzea espero dute: 12.000 ikasle inguru, eta aurrekoan baino 300 gehiago.