J.
L.
errugbia

Euskariansi bigarren zatia oso luzea egin zaio

Euskariansek 19 eta 49 galdu zuen Uruguiaren aurka Faduran jokatu zuen norgehiagoka. Amerikarrek Munduko Txapelketa jokatuko dute, eta atzokoa zuten hori prestatzeko jokatzen ari den partidetako azkena.

Euskariansen Pro 2 Mailan ari diren euskal jokalariak falta ziren, eta horien hutsunea asko nabaritu zen. Hala ere, lehen zati oso ona egin zuen. Joko ona eginez abiatu zen, eta Uruguai noraezean aritu zen lehen minutuetan. Hala ere, apurka-apurka gorantz egin zuen, eta atseden hartzera aurretik joan zen markagailuan, 12-17. Euskarians partidan zegoen.

Bigarren zatian aldaketak egin zituen talde amerikarrak, eta horrek eragina izan zuen, asko aldatu baitzen partida, eta ez zen kolorerik izan. Oso erraz eraman zuen neurketa Uruguaik bigarren zati honetan, eta hori zen normalena.

Dena dela, Euskariansek itxura ona eman zuen, ahaztu gabe aurrean zuen taldea Munduko Txapelketan arituko dela, eta jadanik horretarako prest dagoela; euskal jokalariek, berriz, oraintxe hasi dute denboraldia. Jendearen erantzuna ere ikaragarria izan da.

Aviron

Pro 2 Mailan, Avironek ezustea eman zuen, galdu egin baitzuen Akizen, 31-28, nahiz eta defentsako puntua lortu zuen talde lapurtarrak. Orain arteko partida guztiak irabazita zegoen, eta atzoko ere faborito zen, are gehiago kontuan hartuta Landetako taldeak izan dituen arazoak, baina denboraldiko lehen porrota jaso zuen. Horrekin garbi ikusten da maila honetan edozeinek irabaz eta gal dezakeela.

Lehen zatian, gainera, lapurtarrak bikain hasi ziren, eta jaun eta jabe izan ziren. Atseden hartzera 14-21 joan ziren aldageletara. Horrekin partida erabaki samartuta zegoela zirudien, baina bigarren zatian, eta batez ere azkeneko minutuetan galdu zuen neurketa Avironek. Azkeneko hamar minutuetan gauzatutako bi entsegu jaso zituen, eta puntu batekin geratu zen, orain arteko bide onean okertuz.