Hurley Pro 2015: Mick Fanning eta Carissa Moore buru
Kaliforniako lehiaketa ospetsuan olatuak txikiak izan arren, ikuskizun itzela izan zen. Mutilen kasuan, australiarrak nagusitu dira rankingean, Fanningek irabazi ostean. Nesken kategorian Carissa Moore hawaiiarra da rankingeko buru.

Munduko lehen mailako nesken zein mutilen zirkuituak azken txanpan sartzen ari dira eta Trestleseko txapelketaren ostean, aurtengo sasoian titulu mundiala eskuratzeko aukera duten lehiakideen zerrenda gero eta murritzagoa da.
Kalifornian
Olatu onekin hasi zen aurtengo Trestleseko txapelketa. Lehen txandetan metro eta erdiko olatu luze eta garbiak izan ziren Kaliforniako urautsi mitikoan eta lehiakideek ikuskizun itzela eskaini zuten. Gero itsasoak behera egin zuen eta itxaronaldi luze baten ostean pasa den ostiralean egin zituzten azken txandak metro bateko olatuetan.
Mutilen kasuan guztira hamaika probak osatzen dute aurtengo munduko lehen mailako itzulia eta Trestlesekoa zirkuituko zortzigarren proba izan zen. Nesken kasuan berriz, aurtengoan hamar proba egin behar dituzte guztira eta azken txapelketa hau zazpigarrena izan zen.
Fanning buru
Titulu mundiala eskuratzeko lehia gogorra ari da izaten brasildar eta australiarren artean aurtengo sasoian. Mutilen kasuan, Trestleseko txapelketa aitzin Adriano de Souza brasildarra zen rankingeko buru eta bigarren postuan Mick Fanning aurkitzen zen.
Gauzak honela, ikusmin handia izan zen Trestleseko txapelketako finalean; izan ere, rankingeko lehen bi lehiakideak iritsi ziren finalera eta ikusleek jakin-min handia zuten irabazlea nor izango zen jakiteko. Emaitzaren arabera, WSL rankingeko lidergoa brasildar edo australiarren esku gera zitekeen eta Trestleseko finalean ere, bi lehiakide soilen arteko lehia baino harago, brasildar eta australiarren arteko talka oso agerikoa izan zen.
Olatu txikiak izan ziren finalean eta lehiakideek nahikoa lan izan zuten olatu onak aukeratzen, baina azkenean, 40 minutuko lehia gogor baten ostean, Mick Fanning australiarra nagusitu zen eta bide batez rankingeko lidergoa ere bere gain hartu zuen.
Mick Fanningen atzetik Adriano de Souza eta Filipe Toledo aurkitzen dira egun bigarren eta hirugarren postuetan ranking orokorrean, eta laugarren postuan berriz Owen Wright australia. Zirkuitua amaitzeko lau txapelketaren faltan gero eta gardenago geratzen ari da aurtengo titulu mundiala eskuratzeko aukera gehien dituztenak zeintzuk diren, baina oraindik goiz da ezer esateko.
Aranburu Trestlesen
Aritz Aranburu zarauztarrak Kaliforniako txapelketa ospetsuan parte hartzeko aukera izan zuen eta indartsu aritu zen lehian, baina ez zuen zorte handirik izan, ez baitzuen lortu bigarren txandatik pasatzea.
TOP 34ko zenbait lehiakidek lesioen ondorioz ez zuten parte hartu Trestlesen eta halako kasuetan haien plazak beste surflari batzuei eskaintzen dizkiete; horrela, hutsune horiek betetzeko gonbidapen wildcardak eskaintzen dizkiete antolatzaileek beste lehiakide batzuei, eta Tahitin bezala, Kalifornian ere horri esker parte hartu ahal izan zuen Aranburuk.
Anekdota gisa aipa daiteke, mutilen zein nesken kategorian iaz Trestlesen irabazle izan ziren bi lehiakideak, alegia, Jordy Smith eta Stephanie Gilmore, ez zirela txapelketan izan, lesioengatik denbora baterako erretiratuak baitaude.
Carissa Moore
Nesken finalean, Bianca Buitendag hegoafrikarra eta Carisa Moore hawaiiarra izan ziren. Lehia gogorra izan zen, ez ziren minutu bat geldirik egon finalak iraun zuen artean, baina azkenean Moore nagusitu zen.
Nesken kategorian ere aldaketak izan dira ranking orokorrean Trestleseko txapelketaren ostean. Carissa Moorek txapelketa irabazi eta rankingeko lehen postua berreskuratu du eta egun Courtney Conlogue aurkitzen da bigarren postuan.
Nesken munduko itzuliko hurrengo geldialdia Portugalen izango da, Cascais hondartzan, eta bihar bertan hasiko da; horrenbestez, TOP 17an aurkitzen diren neskek ez dute atseden hartzeko denbora larregi izango. Mutilen kasuan berriz, hurrengo txapelketa Hossegorren izango da, urriaren 6 eta 17a bitartean.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
