Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Estatubatuarren eraginkortasuna Nangmah haraneko mendietan

Scott Bennett eta Graham Zimmerman K6 West mendiaren (7.040 m) bigarren igoerarekin egin dira. Hiru eguneko jardunean, 1.800metroko bide berria (M6, 90º) zabaldu dute. Steve Swensonekin batera, berriz, Changi Tower gailurreko lehen igoera sinatu dute.

Aurreko astean aipatzen genizuen aurtengo Karakorumeko ohiko denboraldia nahiko kaskarra izan dela, batez ere eguraldiari dagokionez. Eta, jakina, horrek denboraldi guztia erabat baldintzatu du. Ez soilik zortzimilakoetan, baita garaiera txikiagoko mendietan ere.

Azken horietan murgilduko gara hurrengo lerrootan; izan ere, Karakorum mendilerroko zazpimilako zein seimilako batzuetan mugimendu eta emaitza bikainak izan dira. Horren adibide dugu sokada estatubatuar batek Nangmah haranean sinatutako igoera.

Protagonistak honakoak dira: Steve Swenson, Scott Bennett eta Graham Zimmerman (berez, Zeelanda Berrian jaiotakoa). Adinari erreparatzen badiogu, talde ezohikoa dela esan dezakegu. Izan ere, Bennet (30 urte) eta Zimmerman (29) gazteak dira, baina Swensonek (61) adinean bikoizten ditu.

Lortutako emaitza, berriz, honakoa: hirurak Changi Tower (6.500 m) mendiko lehen igoerarekin eta K6 West (7.040 m) gailurreko bigarrenarekin egin dira. Karakorumen izaniko eguraldi “arazoak” ikusita, hirukote estatubatuarra oso eraginkorra izan dela esan dezakegu.

Aurreratu behar dugu K6 West mendia ez zela gazteen xede nagusia, ez bederen igaro berri den denboraldi honetan. Aitortu dutenez, Karakorumekin beti amestu dute eta aurretik ere saiatuak ziren bertara joaten. Baina, arazo burokratikoak tarteko, mendiak eskalatzeko eskatu beharreko baimenak beti atzera botatzen zizkieten.

Itxaropen guztiak galduta zituzten. Baina, zorionez, Swensonek iaz gazteei dei egin eta proposamen oso erakargarria egin zien: K6 mendiaren gailur nagusiaren (7.100 m) hego aurpegian dagoen erdiko zutoina eskalatzea. Beste era batera esanda, K6 mendigunean igo gabe dagoen mendi bakarra.

Jakina, proposamen erakargarri horrek gazteak dantzan jarri zituen. Hala onartu du Bennettek berak: «Grahamek eta biok Karakorumen eskalatzea baztertuta geneukan; hots, itxaropen izpi bat bera ere ez genuen. Baina Karakorumeko mendiak hain ondo ezagutzen duen eskarmentu handiko alpinista batekin, Stevekin, hara joateko aukerak egoera erabat irauli egin zuen». Swensonek, berriz, aitortu du gazteen aldeko apustu argia egin zuela: «Scott eta Graham gazteak dira, baina, era berean, goi mailako alpinistak. Ezagutzen ditut, eta Pakistango mendiak ezagutzeko aukera eman nahi nien. Beste era batera esanda, lekukoa pasa nahi nien».

Gauzak horrela, hirukotea Nangmah haranera uztailaren 10ean heldu zen. Hilabete ia osoa garaierara egokitzen eman zuten. Kanpaleku nagusi aurreratu bat ere antolatu zuten; hain zuzen, Hidden izeneko lepoan. Bennettek onartu du Changi Tower ikusi bezain laster mendiaren “sarean” erori zirela: «Dorrea ikusi eta hirurok gauza bera adierazi genuen: ikaragarria da! Girora egokitzen ari ginenez, mendia igotzea otu zitzaigun, bigarren xederako lagungarria izango zelakoan. Erpin erakargarria izateaz gain, bere ipar aurpegia egokia zen, batez ere arrokan eskalatu ahal izateko».

Mendi horren lehen igoeraren bila abiatu ziren: «Oinarrira iritsi eta izotzezko tarte nahasi batean bi egunez ’nabigatzen’ izan ginen. Tresneria han utzi eta kanpaleku nagusira jaitsi ginen azkenean».

Hainbat astez eguraldi gaiztoa jasan ondoren, abuztuaren 8an, alpinista estatubatuarrek behin betiko saioari ekin zioten. Aukeratutako bidea mendiaren ipar ertza (M6, 5.10, A2) izan zen. Lehen egunean elurra, izotza eta tarte mistoak eskalatu behar izan zituzten. Bigarren egunean, berriz, tontorra erdietsi zuten. Arrokazko ageriko diedro bat igo ondoren, Bennettek izotzezko eta mistoko hainbat luzetan sokaburu jardun zuen: «Diedro eder horretan soka finkatu nuen, eta nire sokakideek handik igo ziren. Ilunabarrarekin batera gailurra jo genuen».

Bigarren marra

Changi Tower mendiko lehen igoera sinatu ondoren, alpinistok kanpaleku nagusira jaitsi ziren. Jakin bazekiten eskalada eder bat egin eta mendi baten lehen igoera poltsikoratu zutela, baina jakin bazekiten ere K6 mendiaren gailur nagusia zela euren benetako asmoa.

Baina Nangmah haranera heldu bezain laster, hirukotea ohartu zen mendiaren hego aurpegiak oso serac arriskutsuak zituela: «Gure hasierako asmoetan argi genuen ze bidetik eskalatu nahi genuen. Baina haren ondoren serac erraldoi bat zegoen eta elur jausi beldurgarriak ere erortzen ziren. Xede hori baztertzea erabaki genuen azkenean, eta, beste alternatiba batzuk aztertu ondoren, K6 West mendiaren hego-mendebaldeko ertzetik igoko ginela adostu genuen».

Gogora ekarri behar dugu alpiniston igoera baino lehen mendiak soilik beste igoera bat zuela; hain zuzen ere, Raphael Slawinski eta Ian Welsted kanadarrek bi urte lehenago erdietsitakoa. Kanadarrak ipar-mendebaldeko hormatzarretik igo ziren, eta eskalada horri esker, Urrezko Pioleta lortu zuten.

Aipatu behar dugu ere K6 West mendiak goi mailako sokada ugari erakarri dituela, besteak beste, Steve House, Vince Anderson eta Marko Prezeljek osatutakoa. 2007ean saiatu ziren mendia igotzen, baina, elurraren baldintzak oso eskasak zirela-eta, azkenean K7 West gailurrarekin egin ziren; mendiaren lehen igoera izan zen.

Changiko igoeraren ondoren, Swenson kanpaleku nagusian atseden hartzen geratu zen. Abuztuaren 18an, berriz, Zimmerman eta Bennett K6 West eskalatzera abiatu ziren: «Esplorazioko alpinismoan oso malguak behar dugu izan. Zorionez, hego-mendebaldeko ertzak hunkitzen gintuen; izugarrizko marra zela ohartu ginen. Gainera, oso agerikoa zen, eta bere baitan galdera ikur batzuk zituen; eta hori oso zirraragarria zen. Jakin bagenekin, leiho on oso txikia genuela aurretik, eta horregatik arin eta azkar mugitu behar ginela».

Elur aldats batzuk oso azkar eskalatu ondoren, sokada ertzera (5.800 m) heldu zen. Han lehen bibaka egin zuten. Alpinistok argi zuten gauez eskalatu behar zutela, garai horretan zeuden tenperatura altuak oso arriskutsuak zirelako: «Goizeko ordu bidetan hasi ginen eskalatzen. Gogorrak ziren bi murruri egin behar izan genien aurre. Zati horiek zailak ziren; bidearen giltzak, hain zuzen. Baina eskalada hori ederra baino ederragoa izan zen. Bigarren gaua 6.600 metrora igaro genuen».

Biharamunean, denda kota horretan utzi eta gailurra egiteko falta zitzaizkien 400 metroak eskalatzen hasi ziren: «Egunsentiarekin batera lehen urratsak egin genituen. Elur sakona bagenuen ere, eguerdiko ordu batak puntuan tontorra zapaltzeko gai izan ginen. Gailurrean soilik bi minutu igaro genituen. Hiru ordu geroago, dendan ginen, eta gauerdira arte atseden hartu genuen. Mendebal aurpegitik jaitsi ginen, eta, oso gutxigatik bada ere, eguraldi kaskarrak ez gintuen harrapatu. Guztira, 1.800 metroko eskalada izan zen, eta zailtasun teknikoak M6 eta 90 gradukoak izan ziren».