Iturissa baskoien hiriaren aztarnen bila dabiltza arkeologoak

aAranzadi Zientzia Elkarteko eta MOLAko (Museum of London Archaeology) arkeologo talde batek autore klasikoek aipatzen zuten baskoien lurraldean zegoen Iturissa hiria izan zitekeen eraikinen aztarnen bila dabiltza. Aranzadik eta MOLAk sinatu zuten lankidetza hitzarmenean jasotzen denez, erromatar garaian adituak diren Britainia Handiko lau arkeologo bueltatu dira Zalduako udalerrira 2011n hasitako ikerketa lanari jarraipena emateko asmoz.

Urte hartan Pirinioetako lehen miliario epigrafikoak –garaiko mugarriak– dokumentatu zituzten eta 2012an Zalduan eta Artzin dauden eraikin erromatarren aztarnak zundaketa arkeologikoen bitartez azaleratu zituzten. Urtebete geroago Ibañeta eta Luzaide arteko galtzada-zatiak dokumentatu eta bi miliario epigrafiko berri identifikatu zituzten Orreagan.

Hala, Aranzadi Pirinioetako galtzada erromatarren inguruan egiten ari den ikerketaren baitan, 2011z geroztik hainbat indusketa egin dituzte arkeologo taldeek Luzaide, Orreaga, Auritz, Erroibar, Aurtitzberri, Artzibar, Agoitz eta Ekaingo udalerrien laguntzarekin.

Egiten ari diren lanen berri izan dezaten eta horien parte senti daitezen, bizilagunei auzolanean aritzeko proposamena egin diete, galtzada txukuntzeko batik bat. Aranzadiko ikertzaileek azalpenak emango dizkiete hurbiltzen direnei (izena emateko 943466142 zenbakira deitu behar da). Gainera, aurtengo kanpainan egin diren zundaketak ikusteko aukera izango dute.

Izan ere, asteburu honetarako egitaraua prestatu dute. Larunbatean Nagore herriko udaletxe ondoan dute abiapuntua, 10.00etan. Parte hartzaileek eskularruak, arropa erosoa eta landaredia garbitzeko lanabesak eramateko gomendatzen dute. 14.30ean bazkaltzeko etenaldia egingo dute (nork bere ogitartekoa eraman beharko du) eta bitartean arkeologoek hitzaldia emango dute.

Igandean, 10.30ean geldituko dira Nagoren eta 13.00ak arte iraungo duen bisita egingo dute (bakoitzak bere autoan joan beharko du).