Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Egon beharra dugu

Urte osoko artikuluak eskain niezazkioke indarkeria matxistari, arazo sozial eta pertsonal horri… ez balitz emakumeok pairatzen dugun diskriminazioaren beste alderdi askok ere beren arreta behar dutelako. Zorionez, drama hori hasia da hautematen auzi sozial gisa, eta badago hedabideetan eta kalean; normala, kontuan hartuta emakumeen erailketak pil-pilean daudela… beti bezala. Halere, hasi dira ugaritzen ahotsak, teorikoki neutralak, arazoaren oihartzun soziala minimizatzen saiatzen direnak, bi teoria oinarri: emakume eta gizonen arteko berdintasuna erreala dela munduaren mendebaldean eta manifestazioek ez dutela deus balio. Txantxetan ari dira? Ez horixe, badakite zer dioten, eta zergatik. Denak berdin jarraitzea nahi dute.

Egia da lege batzuek ezabatu dituztela formalki sexuagatiko diskriminazioak… nahiz eta beste gauza bat izan legeok aldarrikaturiko eskubideak egikaritu ahal izatea. Izan ere, benetan esan daiteke eguneroko bizimoduan berdintasuna irabazita dagoela? Bada, ez; ez etxean, ez esparru publikoan. Datuei erreparatu baino ez dago… beste batean.

Gaurkoan, pentsa dezagun herritarron mobilizazioek balio duten ala ez, hedabideetan edo sare sozialetan isiltasunarekin amaitzeak eragingo duen matxismoak amore ematea. Zeren, egia izan arren hori ez dela manifestazio edo Interneteko kanpaina baten ondorioz desagertuko, egia ere bada arazoa gero eta ikusgaiago dagoela. Jarraituko dute emakumeak erailtzen, jarraituko dugu tratu txarrak jasandako emakumeen datuak ezagutzen, segituko du bere horretan soldata eta lan-diskriminazioak, emakumeen igoera profesional eta politikoa geldiarazten duen kristalezko sabaiak, emakume-aurpegiz jantzitako pobreziak, hainbeste mikromatxismok: txantxa iraingarriak, mespretxuak, errespetu faltak, mezu toxikoak komunikabideetan…

Elkarretaratzeek eta kanpaina sozialek eurek bakarrik ez dute lortuko matxismoa desagertzea, baina balio dute zokoratzeko. Eztabaida publikoa konkistatu beharra dago, arlo pribatuan gero eta leku handiagoa izateko. Indarkeria nozitzen duten emakumeek jakin dezatela ez dutela zertan jasan, eta ez daudela bakarrik. Emakumea erdeinatzen duten harroputzek, «ausart» horiek, suma dezatela beren ingurunearen erantzuna. Zarpailak eta agresiboak direlako gizon izateaz harro dabiltzan horiek ez dezatela jaso lagunartearen txaloa. Emakume borrokalariek izan dezatela, behintzat, oztopoak mugitzen ari diren itxaropena. Boterea edo eragina dutenek mikrofonoak eta bulegoak balia ditzatela arduraz eta sentiberatasunez. Egon beharra dugu, hortxe ere bai.