GARA
LONDRES

Iheslariak Siriara itzultzera behartu zituen Ankarak, AI-k salatu duenez

Siriatik eta Iraketik zetozen makina bat iheslari atxilotu, gaizki tratatu eta beren herrialdeetara bidali zituen berriz Turkiak, AI Amnesty International erakundeak atzo salatu zuenez. Irailaz geroztik, ehunka iheslarirekin gauza bera egin dute turkiar agintariek, AIren esanetan.

«Turkia eta EB Europar Batasunaren arteko migrazioari buruzko elkarrizketak egiten ari ziren bitartean, Ankarako Gobernuak iheslari eta asilo eskale ugari, ehunka agian, atxilotu zituen», idatzi du Londresen egoitza nagusia duen gobernuz kanpoko erakundeak.

Turkiako agintariek berehala gezurtatu zuten AIk esandakoa. «Gezurra da siriar iheslariak Siriara itzultzera behartu ditugula», esan zion exekutiboko eledun batek AFP agentziari. Bere bertsioaren arabera, Ankarak herrialdearen ateak zabalik dauzka iheslariak hartzeko eta jarrera hori ez da aldatu Siriako gatazka hasi zenetik. Gainera, harro agertu zen herrialdeak Irakeko eta Siriako 2,5 milioi iheslari hartu dituelako.

«Iheslari batzuek esan digute kateatu, jipoitu eta ihes egin zuten herrialdera bidali zituztela berriz», esplikatu du erakundeak. Bere iritziz, Turkiak nazioarteko zuzenbidea bete-betean bortxatu du.

«Eskumuturretan eta oinetan kateak jartzen dizkizutenean, esklabo sentitzen zara», esan zion 40 urteko siriar batek AIri.

Ankarak eta Bruselak azaroan adostu zutenez, EBk 3.000 milioi euro emango dizkio Turkiari mugak ixtearen truke. Geroztik, Turkian Europara iritsi nahi zuten milaka lagun atxilotu dituzte. «Errefuxiatuen krisia dela-eta Turkia Europaren zaindari moduan jarrita, Europar Batasunak giza eskubideen bortxaketa larriei ez ikusiarena egiteko arriskua dago, zuzenean bultzatzen dituela ez esateagatik», adierazi zuen John Dalhuisen AI erakundeko arduradunak.

Turkiak harrapatzen dituen iheslariak sei harrera zentrotan sartzen ditu. Zentro horiek EBk finantzatzen ditu eta, europar funtzionarioek AIri esan diotenez, errefuxiatuak atxilotuta edukitzeko dira.

Atzo bi ume irakiar eta asteartean 7 eta 11 urteko beste bi neska hil ziren itsasoan Turkiatik Greziara zihoazela. Astelehenean 10 urteko neska afganiar bat hil zen Europarako bidean.