J.O.
ALTSASU

Irujok eta Rezustak fidagarritasun proba gainditu zuten, lidergoan jarraituz

MTZ IRUJO-REZUSTA 22

EZKURD.-BARRIOLA 15


Gaur arratsaldean Oiartzunen Artolak eta Albisuk egingo dutenaren zain, Martinez de Irujok eta Rezustak Binakako txapelketaren lidergoan jarraitzen dute, ostiral gauean Ezkurdia eta Barriolari 22-15 irabazi ostean. Aurreko bi garaipenak erraz xamar lortu ostean, hirugarren jardunaldikoa fidagarritasun azterketa bat zen Iberoko eta Bergarakoarentzat eta nota onarekin gainditu zutela esan genezake.

Aurrekoetan ez bezala, kosta egin zitzaien markagailuan aldea hartzea. Kolpez gehiago izan arren, Ezkurdiaren eta Barriolaren aireko defentsak gauzak zail jarri zizkien partida erdira arte edo.

Irujo defentsan baino egokiago aritu zen erasoan, eta 12-13koaren atzetik Barriolak huts egindako hiru pilotek zabaldu zioten garaipenerako atea bikote irabazleari, hasiera oso berdindua izan zuen partida nahiko orekatu eta ikusteko atseginean.