GARA
BILBO

Olentzero eta Mari Domingik Iruñean eta Baionan hasi dute Euskal Herriko bira

Lapurdiko hiriburuan gero eta jarraitzaile gehiago dituzte eta Iruñean, aurrenekoz, Udalak modu ofizialean harrera egin zien atzo. Asteazkenean Bilbo bisitatuko dute eta ostegunean Gasteiz eta Donostia.

Olentzerok eta Mari Domingik dagoeneko ekin diote lanari. Nahiz eta Euskal Herriko txoko gehienetan datorren asterako espero dituzten, Baionan eta Iruñean beste inon baino lehenago izan dute haien bisita; izan ere, txikien gozamenerako, atzo ikusi ahal izan zituzten gertutik.

Lapurdiko hiriburuan gero eta jende gehiagok ditu atsegin pertsonaia hauek, begi bistan gelditu zenez. Baionara arrantzaleen eskutik heldu ziren, eta kaleak zeharkatu ondoren ehunka ume eta helduren konpainian, abestiak eskaini zizkieten ongietorria emateko.

Iruñean, bestalde, lehenengo harrera ekitaldia San Frantzisko enparantzan jaso zuen bikoteak. Gainera, aurten lehen aldiz, iragan maiatzean egindako udal hauteskundeen ondotik mapa politikoan izandako aldaketa dela-eta, Udalak modu ofizialean harrera egin zien Olentzero eta Mari Domingiri.

Olentzeroren Lagunen elkartekoak pozik azaldu ziren jasotzen duen babesa handitzen ari dela ikusita. Xabier Martinez kideak adierazi zuenez, «gure Olentzero ez da Aita Noel euskalduna. Ez dugu ideia hori sustatzen, mitologia herrikoia baizik. Olentzero neguko solstizioa da». Erantsi zuenez, «Olentzero mundu guztiak ospatzen duen festa izan behar da, argia datorrela iragartzen digu».

Ekitaldiek jarraipena izango dute hilaren 24an, ostegunean alegia, elkarte honek lehenengo aldiz Olentzero Saria banatuko baitu. Herriko kultura tradizionala zabaltzen eta ikertzen dutenak saritu nahi dituzte.

Bilbo, Gasteiz eta Donostia

Datozen egunetan, Olentzerok eta Mari Domingik segida emango diote beren ibilbideari Euskal Herrian barna. Hiri eta herri gehienetan Gabon gauean espero dituzte, esate baterako, Gasteizen eta Donostian. Goiz horretan Bilboko Arriaga antzokian egongo dira, nahiz eta beren etorrera bezperara aurreratu duten, hilaren 23ra, hain zuzen. Asteazkenean, 18.00etan, kalejiran abiatuko dira Moyua plazatik eta Bilboko Kale Nagusia zeharkatuko dute.