Ruben NIETO
DONOSTIA

Patxo Telleriak amaitu du «Igelak», komedia berriaren filmaketa

«Igelak» izena du Patxo Telleriaren komedia berriak. Gorka Otxoa aktore donostiarra du protagonista. Egungo egoera sozial gogorreko kaltetuengan jarri du arreta euskara hutsean filmatu den eta musikari oso leku nabarmena ematen dion lan honetan. Ainhoa Arteta, Xabi Solano, Gose, Francis, Natxo de Felipe, Oreka TX eta Gatibu ikusiko dira pantaila handian.

Bere proiektu berrian buru-belarri murgilduta aurkitu dugu Patxo Telleria. “Igelak” izenburuarekin aurkeztuko digun komediaren filmaketa bukatu berritan. Altza, Larratxo… Donostialdeko inguruak izan dira filmatzeko lanen agertoki, eta zazpi astez ibili dira zeregin horretan, joan den ostirala arte.

Zuzendari gisa hirugarren film luzea da Patxo Telleriarentzat. Erronka berri honi aurre egiteko momentuan, bere jarrerari eutsi dio eta euskara hutsean egin dute. Ondoren, gaztelaniara bikoiztuko dute. Hedadura murriztuagoa eduki dezake, ondorioz.

Baina oztopoak bertute bilakatzen ditu Patxok. «Nortasuna ematen dio istorioari. Euskaraz zinema egitearen alde onak ere badira. Gauza askotan aitzindariak gara eta gauza berri bat eraikitzen ari gara. Zinema euskaraz egitea gauza berria da eta gu eraikitzen ari gara», azaldu digu zuzendari bilbotarrak.

Oraingoan, irria baliatu nahi du gai korapilatsu bat kontatzeko momentuan. «Komedia bat da. Baina komedia soziala denez, bere esanahia dauka».

Horregatik, bizitza honetan “galtzaileak” diren horiengan kokatu du protagonismoa, haiengan jarri du fokua. «‘Igelak’, kasu honetan, galtzaileak dira, kaleratuak, etxegabetuak… Haiekin identifikatzen naiz. Eurengan jarri dut begia».

Pelikula honen protagonista banku sukurtsal bateko zuzendaria dugu, delitu ekonomikoengatik atxilotzen dutena. Bere nagusiak ere inplikatuta daude eta bakarrik utzi dutela konturatzean kartzela saihesteko ihes egiten du. Patuaren kapritxo bategatik etxegabetuen elkarte batek okupaturiko etxe batean aurkitzen du babesa. Bere kide berrien konfiantza bereganatzen du, atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtzeko asmoz.

Lan honetan hausnarketa egin du. «Oso gai sakona da, ongia eta gaizkiarena. Zer puntutaraino pertsona maltzur eta zital bat berezkoa den edo zirkunstantziek hala egin duten. Gure kasuan zirkunstantziek asko eragiten dute».

Ideia irudietan islatzeko, Patxo Telleriak bere konfiantzazko lantaldea izan du ondoan. «Ekipoko jende asko errepikatu dugu. Eta beste zati bat berria da», dio. Gurutze Beitia, Miren Gaztañaga edota Josean Bengoetxea aktoreak lehen aldiz ari dira zuzendari bilbotarrarekin lanean. «Baina Gorka Otxoa, Mikel Losada eta ekipoko kamara beste aldeko parte handia berdina da. Konfiantza ematen dizun jendearekin eta ondo funtzionatzen duen jendearekin gustura egiten delako lan».

Euskal musikari ospetsu askok “Igelak”-en parte hartuko dute. Ainhoa Arteta, Xabi Solano (Esne Beltza), Gose, Francis (Doctor Deseo), Natxo de Felipe, Oreka TX eta Gatibuk proiektu honekin bat egin dute. Azkenengo honek filmerako abesti bat konposatu du.

Musikaren presentzia nabarmena da. Eta bere esanahia du. «Musikariak, beste jende asko bezala, kalean daude, kale gorrian –azaldu digu Telleriak–. Eta kalean, ahal duten moduan, bizimodua bilatzen dute. Horregatik, pelikulan entzuten diren kanta asko zuzenean gertatzen dira. Ekintzaren barruan kokatuta daude».

Bi milioi euroko aurrekontuarekin, Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitiak (ABRA Produkzioak) ekoiztuko dute filma, eta konfiantzazko profesionalekin egingo dute lan. Juanma Pagazaurtundua da produkzio zuzendaria.

 

«Hainbat arlo landuta ere, idazten sentitzen naiz erosoen»

Euskal aktore, antzerkigile, zinema zuzendaria. Patxo Telleria erregistro ezberdinak eskaintzen dituen artista horietako bat da. Istorio kontalaria da bere “ofizioa”, baina ez daki zeinen alde egin jorratu dituen aukera artistiko ezberdinen artean bat aukeratzeko orduan. «Ez dakit… Oso bakartia naiz, bakarrik lan egitea gustuko dut. Horregatik, beharbada, erosoen sentitzen naizen arloa idazten da», adierazi du.

“Igelak” bezalako lanetan, irria tresna lagungarritzat hartuta gaurkotasuneko gaiak jorratzen ditu Patxok. Komedia soziala baliatzen du zuzendari bilbotarrak ikusleengan hausnarketa eragiteko. «Agian, hitz potoloa da hausnarketa», aitortu digu. «Gutxienez, nik hausnarketa egiten dut gai oso sakonarekin. Gero, hartzaileak hausnarketa egin dezake ala ez». Honelako lanak, pretentsio handirik gabe egiten ditu. «Azken batean, komedia bizitza islatzeko ikuspuntua edo balantza da. Bizitzan irriak eta negarrak daude beti. Azken batean, komedian irria asko azpimarratzen duzu, ahaztu barik negarrak ere egon behar duela. Bestela, ez da sinesgarria istorioa». R.N.