Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Banaketak

Irantzuk eta Santik kalkuluak egiten eman dute astelehena. Panorama konplikatua dute aurrean eta zenbakien logikan baino, malabaretan dihardutela iruditzen zaie. Koaderno bana dute. Karmelek mikrofoan aritzeko eta testuak osatzeko oharrak idazten ditu eta Santi marrazkiekin moldatzen da poltsa bakoitzean sartu beharrekoa jakiteko. Irantzu kazetaria da eta politika arloan aritzen da. Santi jubilatua da eta auzo elkartean dabil, elikagai-bankuan boluntario gisa. Kasualitateak baino egutegiak aginduta izan bada ere, hauteskundeen asteburuan bertan ekin diote elikagai bankuetako boluntarioek orain hilabete jasotako janariaren banaketari eta bi jazoerak herritarren borondatearen isla zuzena direla esan daiteke, bietan ere ematen da banaketa; kongresurako eserlekuak batetik eta jatekorik ez dutenentzako elikagaiak bestetik.

Eta bien bitartean, Irantzuk ez du jasoko Migranteen Nazioarteko Erakundeak astelehenean argitaratutako datuen inguruan hitz egiteko enkargua eta Santik ez du jakingo urte honetan milioi bat errefuxiatu iritsi dela Europara eta inoiz ez dela jakingo itsasoak zenbat irentsi dituen. Eta eserlekuen banaketaz eta balizko aldaketaz hitz egiten duten bitartean, herritarren elkartasunari esker banatuko dira elikagaiak, gizabanakoak miserableki banatzen dituen kontinente zaharreko lur zati batean.