Erreformaren langa, abokatuen erronka nagusi

Asko hitz egin da azken urteotan, krisialdi ekonomikoak eztanda egin zuenetik, lan harremanetan eta baldintzetan izan diren aldaketen inguruan. 2012an Gobernu espainolak lan erreforma ezarri zuenetik nabarmen gaizkitu da egoera eta horren aurrean irtenbideak bilatzeko garaian ezinbestekoa izan da abokatu laboralisten lana. Azken urteetan, mahai gainean pilatutako dosierrak biderkatu egin dira abokatu bulegoetan.
Fede Saenz de Santamaria eta Demelza Pantigoso eginkizun mardul horretan diharduten bi abokatu dira, beraiekin batera beste askori aldatu zaie jarduna azken urteetan lan gatazka batean murgilduta ikusi den bezeroen agerpenarekin. Egia Kolektiboan eta Sunion abokatu bulegoan egiten dute lan, hurrenez hurren, eta lan gatazkak potentzialki judizializatu diren honetan, erreformak eragin dituen ondorioez, utzi dituen zirrikituez eta euren lanbidean eragin duen bilakaeraz hitz egin digute.
Defentsa, mugatuta
Saenz de Santamariak 30 urte baino gehiago daramatza abokatu laboralista lanetan, 60 urte ditu eta 1979an hasi zen jardunean. «80ko hamarkadan egon zen beste krisi potente bat, baina orain arte egon den eboluzio legislatiboa, orokorrean, dena txarrerako izan da. Eskubideak mugatu, erreklamazioak egin ahal izateko baldintza gehiago ezarri, gizarte segurantzako pentsioak jasotzeko baldintzak gogortu, langabezia prestazioak txikitu…», esanez laburbildu du egoera.
Hala, azken krisialdi ekonomikoak batez ere beldurra eta, lan erreformen eta erreforma legislatiboen ondorioz, lan arloko zuzenbidearen desegituraketa ekarri dituela uste du. Horrek zuzenean eragin du bere sektorean.
«Langileen lan baldintzak, orokorrean, nabarmen okertu dira. Gatazkak areagotu egin dira eta prentsan guztiok ikusi ditugu nahiko mediatikoak eta esanguratsuak izan diren zenbait gatazka. Baina ez da ikusten langile askok, era indibidualean, egunerokotasunean dituzten arazoak», adierazi du. Enpresa askoz txikiagoen kasuak dira gehienetan. Horietan ere, kaleratzeak, lan baldintzen aldaketa substantzialak, lekualdatzeak, soldaten jaitsierak edota hitzarmenen desagerpenak ugariak izan direla azaltzen du.
Hain zuzen, hitzarmen sektorialen desagerpenean kokatu du arreta. Ultraaktibitatearen amaierarekin asko izan dira galdutako sektore hitzarmenak eta hori enpresa txikietako langileentzat «katastrofikoa» izan dela azpimarratu du. «Langileak, era indibidualean, askoz babesgabeago daude. Hasteko, hitzarmenik gabe geratu dira eta indarrean daudenetako asko kolokan daude. Beldurra ere sumatzen da, ez direlako ausartzen zenbait gauza erreklamatzen… Nahiago dute lanpostua mantentzeko edozein neurri onartu», dio.
Bere esperientziatik, argi dauka legeak aldatzerakoan gobernuek erraztasun gehiago eman dizkietela enpresei kaleratzeak egiteko, lekualdatzeak gauzatzeko eta lan baldintzak moldatzeko. «Horren aurrean, gero eta zailago eta mugatuago jarri dute erabaki horien kontrol judiziala. Horrek suposatzen du guk ere, abokatuok, gero eta tresna gutxiago ditugula zenbait gauzaren aurrean edozer tramite eramateko», gaineratu du.
Lan harremanetan izandako aldaketak, ostera, beste faktore batzuetatik ere eratorri direla aipatu du. Alde batetik, sindikatu handiak asko burokratizatu direla uste du eta horrek ekarri duela langile arruntak sentitzea bere kabuz ez daukala gaitasunik ezer borrokatzeko. Era berean, langileek funtzio asko sindikatuengan delegatu dituztela uste du, norbanakoaren papera alboratuz: «Langileak askoz ere geldiago daude. Anestesiatuagoak esango nuke. Beldurragatik, eta klase kontzientzia asko galdu delako».
Panorama hori kontuan hartuta, lan harremanen arloan berandu baino lehen heldu beharreko erronkak marraztu dizkigu. Hasteko, egin diren zenbait erreforma legislatibo atzera bota behar direla nabarmendu du. «Gaur egun enpresek dituzten erraztasunak kaleratzeak eta lan aldaketak egiteko bertan behera utzi behar dira. Horrekin batera, epaileei eskumenak itzuli behar zaizkie. Erabakiak kontrolatzeko ahalmena eman behar zaie. Hau da, langileak epailearen babesa eskatzen duenean, honek praktikan gaitasuna eta tresna legalak izatea bere ebazpenaren ostean babes hori eman ahal izateko». Zentzu horretan, abokatu gisa askotan eskuak lotuta sentitu dela aipatu du, esate baterako, legea eskutan hartuta langileari enpresaren erabakien aurrean ezer egiterik ez daukala esan behar izan dionean.
Bestalde, nahitaezkotzat du hitzarmen kolektiboak berreskuratzea: «Enpresa txikietan lan egiten duten langileak babesik gabe geratu dira. Enpresa txikietan oso zaila da hitzarmen bat negoziatzea. Ostalaritza sektoreko enpresa txiki batean adibidez, edo sektore hitzarmena dago edo ez dago hitzarmenik».
Enpresak hainbatetan baliatzen dituzten kausa objektiboei dagokionez, kaleratzeak eta lan baldintzen aldaketa substantzialak egiteko garaian legea oso malgua dela salatu du: «Enpresariei ematen dien esparrua hain da zabala batzuetan onartu beharra dagoela enpresa jakin batek planteatu dezakeenak izan baduela legearen babesa. Legez, ez da gehiegikeria bat egiten ari bere planteamenduak legearen babesa baduelako. Horregatik, aldatu behar dena legea da, gehiegizko babes hori aldatzeko».
Enpresa eta langilea: bi aurpegi
Sunion abokatu bulegoak alde batetik enpresekin eta bestetik langileekin duen esperientzia profesionalak ikuspegi bikoitza eskaintzen diola aitortu digu Pantigosok. Hala, azken urtean egoera egonkortzen ari dela sumatzen du berak. «Enplegu gehien suntsitu zen unea lan erreformaren aurretik eta hau indarrean sartu zenean izan zen. Nire esperientziatik, lan gatazkak (batez ere enplegua erregulatzeko espedienteen tramitazioarekin eta hitzarmenen negoziazioarekin lotuta) murriztu egin dira. Gipuzkoan esaterako, 249 espediente aurkeztu dira 2015eko azaroaren 30era arte eta 2012an 901 izan ziren», aipatu du datu gisa.
Dena den, krisiak eta lan erreformak bere jarduna erabat aldatu dutela aitortzen du. «2009tik aurrera oso gorabeheratsua izan da egoera. Hitzarmenak negoziatzetik eta enpresentzako aholkularitza lana egitetik, enplegua erregulatzeko dosierrak kudeatzera pasatu nintzen». Izan ere, lantoki duen bulegoak historikoki enpresei aholkularitza eskaini izan dio gehienbat, baina azken urteetan langileekin ere aritu da, gatazketan bitartekari edo defentsa lana eginez. Horrek bi ikuspuntuak ezagutzeko balio izan dio. «Enpresei aholkularitza eskaintzen diezunean langileek egoeraz daukaten pertzepzioa daukazu eta alderantziz», dio.
Hala, Saenz de Santamariak aipatutakoaren lerro beretik, ziurtasun juridiko falta sumatzen du. Hitzarmenen arloan, esaterako, ze hitzarmen aplikatu behar den zehazteko garaian hutsuneak nabarmenak direla aipatzen du: «Ez dago jurisprudentziarik eta horrek bi aldeei sortzen die ziurgabetasuna. Langileak ez daki zein puntutaraino exijitu dezakeen legalki, eta ezta ere enpresak. Lan erreformak ateak irekita utzi ditu interpretazio ezberdinak egiteko».
Enpresei erreparatuta, krisiak salmenten jaitsiera eta lehiaren igoera ekarri duela ohartarazi du, enpresa asko kinka larrian jarriz. Hala ere, kaleratzeak gauzatzeko garaian legeak ateak lehen baino irekiago uzten dituela baieztatu du. «Adibidez, 2012ko lan erreformaren aurretik arrazoi ekonomikoengatik bakarrik galerak zituzten enpresek amortizatu zitzaketen lanpostuak. Baina jurisprudentziak ezarritakoaren arabera, amortizazio horiek egiteko enpresa batek gutxienez hiru urtez jarraian izan behar zituen galerak. Lege aldaketarekin, kausa ekonomikotzat jotzen dira egungo edo etorkizuneko galera ekonomikoak. Hau da, erreformak asko malgutu du legedia eta enpresa askok ‘lasaialdi’ hori aprobetxatu du», argitzen du.
Gauzak horrela, azaltzen duenez, epaitegiak jurisprudentzia ezartzen joan diren heinean mugak ezarri dituzte kausa ekonomikoen inguruan, esaterako, kaleratzeen inguruan edozein erabaki ez onartzeko. Proportzionaltasunean eta arrazoizko kausen balorazioan epaitegiek urratsak eman dituztela uste du. Horregatik, epaitegien papera aldarrikatzen du. «Izan ere, legegileak legea sortzen du, baina epaileak oso funtzio garrantzitsua du, lege hori interpretatu eta aplikatzen duelako», azaldu du.
Aurrera begira, sektore hitzarmenen negoziazioa berrartu behar dela defendatzen du berak ere. Enpresa asko erosotasun moduko batean daudela uste du eta, horregatik, ez direla negoziazio berri bat ekitera behartuak sentitzen. Ostera, hitzarmen batek bi aldeei segurtasun juridikoa ekarriko liekeela irizten dio, hain zuzen, langileari bere eskubideak noraino iristen diren jakiteko aukera ematen diolako, eta, era berean, enpresari neurriak ezartzeko garaian noraino irits daitekeen mugatzen diolako.
Azken urte hauetako ziurgabetasuna dela medio, egoera latzak ikusi dituela dio, bi alderdietatik. «Ezagutu ditut kaleratuak izan diren langileak, batzuetan objektiboak ez diren arrazoiengatik eta familia aurrera ateratzeko aurrez aurre zailtasun handia topatu dutenak. Enpresen artean ere tratatu ditut egoera larrian aurkitu diren enpresa txiki eta familiarrak, azken muturreraino iritsita, ateak itxi beharrean ikusi eta dena galdu dutenak». Halako egoerak zailago ez egiteko legean zirrikiturik ez uztea da, bere hitzetan, biderik eraginkorrena.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
