G. M. ZUBIARRAIN
Baiona

Kezka giroan doa Celsa Baionan bi ijezkailutan 50 milioi inbertitzera

Multinazional katalanak, Baionako portuko bezero nagusia denak, altzairua lantzeko gune osoa eraiki nahi du Bokale-Tarnos arteko lurretan. 30.000 metro koadroko azalera hartuko duten bi ijezkailuak martxan izandakoan 200 lanpostu zuzen sortuko direla dio enpresak. Inguruko hautetsiak eta ekologistak uzkur dira halako industria handiak ekar ditzakeen ondorioekin. Angeluko Udalak kontrako iritzia agertu du Prefeturak irekitako iritzi jasotze fasean.

Bokaleko lantegiari 30.000 metro koadroko eranskina gehitu eta bi ijezkailu eraikitzea erabaki du Celsa taldeak Baionako portuaren industria eremuan, ekoizpen gaitasuna 500.000 tonatan gehitzeko eta altzairu bukatua osorik bertan egiteko. Egun txatarra baliatuz altzairu-totxoa sortzen dute eta gero taldearen beste lantegi batzuetan ijezten. 200dik gora lanpostu zuzen sortuko dituela dio enpresak; zeharka, berriz, 1.700.

Zabalpen lanei apirilean ekin nahi die multinazionalak. 2017 hondarrerako ijezkailuetan lehena, burdin haria ekoitziko duena, bukatua izatea da aurreikuspena; armadura-barrak egingo dituen bigarrena, aldiz, ondoko urtearen amaierarako, 2018 hondarrerako, bururatu nahi dute. Eraikuntzarako material gisa erabiltzen dira horiek.

Multinazional katalanaren egitasmoak, ordea, muturra zimurrarazi dio askori, «industria handia» entzute hutsarekin maiz Ipar Euskal Herrian gertatu izan denez.

Isurketek kezka

Christophe Terrassen, Celsako ingurumen arduradunaren, esanak dira ondokoak, Bokalen abenduaren 7rako antolatutako informazio bilkuran adieraziak: «Jariakinen eragina ez da egungoa bezainbestekoa izango, zarata mailan ez du aldaketarik ekarriko, ur isurketak baztertzeko modukoak izango dira eta CO2 isurketak bai, horiek garrantzizkoak izango dira».

Puntu horretan ados dira enpresa, CADE kolektiboa eta Angeluko Udala: CO2 gasa %280 gehiago isuriko da. Angeluk, gainera, ingurumen eraginak aztertzen dituen DREAL erakunde publikoaren txostena oinarri hartuta, beste gas batekiko kezka mahaigaineratu du: %21 nitrogeno dioxido gehiago jariatuko du lantegi handituak.

Txiberta, Blancpignon eta Montbrun auzoetako biztanleei ekarriko dien usainak ere kezka eragin dio Udalari. Zalantza horiek eta beste batzuk argitzeko Bokalen bezala informazio bilkura bat antolatu nahi izan zuen abenduan, baina Celsak uko egin zion bertan parte hartzeari. Giro horretan, Angeluko Udalbatzak proiektuaren aurkako iritzia eman zuen abenduaren 14ko udalbatzan.

CADE kolektiboak eskaera bera luzatu du 2015eko azaroaren 23tik abenduaren 23ra proiektuari alegazioak aurkezteko herritarrek izan duten epea baliatuz. Arestian aipatuaz gain, uraren «maila freatikoa gainustiatua» ikusten du talde ekologistak. Lurpeko ur erreserbetatik orduko 205 metro kubiko ateratzeko baimena eskatu du Celsak; egun 145 ateratzen ditu.

Euri uren trataera da hurrengo kezka iturria. Lantegiaren hazkundeak zuzenean eragingo dien herrietako, Angeluko, Bokaleko eta Tarnoseko, hautetsi askoren ahotan entzun da egonezin hori. Esaterako, Pierre Favraud Bokaleko zinegotzi sozialistak Aturrira «zero isuri» eskatu zuen udalbatzan izandako eztabaidan. Erabilitako urak tratatzeko sistema jarriko duela esana du Celsak, baina ez du sistema hori zehaztu eskaera txostenean. Hortik zalantzak.

Zaratek kezka

Laugarren koska zaratarena da. Kamioien joan-etorria orduko 7tik 10era haziko dela aitortu du enpresak. Lantegiaren jardunak berak ekarriko duen harrabotsarekin ere bada ezinegona. 2015ean egin beharreko hirurteko kontrolaren berririk ez da Prefeturaren leihatilan enpresak aurkeztu duen dosierrean. Horrek marmarra areagotu du.

Ekonomia ikuspegiak gain hartu du Bokalen eta Tarnosen. Bi udalek aldeko iritzi baldintzatua eman diote abenduko udalbatzetan Celsa hazteari. Angelun udal talde batzuek ere bai. «Portuaren trafikoa %18 haziko duelako benetako aukera» ikusten du asmo honetan Anglet l’Avenir oposizioko taldeak. Antzeko argudioekin justifikatu zuen Francis Gonzalez Bokaleko alkateak bere jarrera: «Zaila da enpleguan, portuaren trafikoaren gorakadan eta hiri elkartearen diru-sarreretan izango dituen eraginak zein diren jabetuta ezetz esatea». Hori bai, kutsadura eta zarata arloan enpresak hitza betetzen duela ziurtatzeko kontrolak eta jarraipen batzordea sortzea eskatu ditu Bokaleko Herriko Etxeak.

Azken hitza, horiek guztiak entzunda, Landetako eta Pirinio Atlantikoetako prefetek – egitasmoak bi eremuak ukitzen baititu– izango dute.