GARA
ANKARA

Bruselak kurduekin berriz hitz egiten hasteko eskatu dio turkiar Gobernuari

Europar Batasunak PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin berriz hitz egiten hasteko eskatu zion atzo Turkiako Gobernuari, eta kurduak nagusi diren eremuetan egunero jasaten duten indarkeriari amaiera emateko. Siriako bake prozesua baldintzatzen ari da gatazka.

EB Europar Batasuneko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Ankara Turkiako hiriburuan Erdoganen Gobernuko bi ministrorekin batera.

Federica Mogherini EBeko Atzerri eta Segurtasun Politikako goi-ordezkariak («EBko diplomazia burua» ere esaten diote) eta Johannes Hahn EBko Zabalkunde arduradunak ondoan izan zituzten Mevlut Çavusoglo Turkiako Atzerri ministroa eta Volkan Bozkir Europar Batasunerako ministroa.

«Turkiako hego-ekialdeko eremuetan su-etena abian jartzeko eskatzen dugu», adierazi zuen italiarrak, anfitrioien hizkerara bere hitzaldia egokitu eta «Kurdistan» hitza alde batera utzita. «Era guztietako terrorismoa gaitzesten dugu», erantsi zuen Federica Mogherinik, bi aldeei bake prozesua berreskuratzeko eskatu aurretik.

Ankarako Gobernuak eta PKK gerrillak orain urte batzuk abian jarritako bake elkarrizketen prozesua iazko uztailean eten zen. Kurduek aurreko bi urteetako su-etenari amaiera ematea erabaki zuten, turkiarrek zuten jarreraren eraginez.

Suruçeko erasoa

Izan ere, ISIS taldeko jihadistek Siriako iparraldeko Kobane hiri kurduari eraso zioten eta Turkiako ezkerreko indarrek eta erakunde kurduek boluntarioak bidali zituzten jihadistei aurre egitera. Pertsona horien aurkako eraso ikaragarri bat izan zen (32 hildako eta 100dik gora zauritu) Suruç herrian.

Ankarak ISIS Estatu Islamikoari leporatu zion ardura, baina kurduek salatu zituzten turkiar agintariek erasoaren egileei emandako erraztasunak.

Hor apurtu zen 1984az geroztik 45.000 hildako inguru eragin dituen gatazka armatua konponbidean jartzeko inoiz izan den aukerarik onena.

Johannes Hahn austriarrak Ankaran esan zuenez, Brusela Turkiako Gobernuarekin batera lan egiteko prest dago bake prozesua berreskuratze aldera.

Hahn politikari kontserbadoreak gogorarazi zuen Ankara eta PKKren arteko gatazkak Ekialde Hurbileko gainerako gatazketan eragin negatiboa izan duela. Egoera bere onera ekartzeko, Mogueriniren ustez, bake prozesuari berriz heltzea da onena, «bakerako bide bakarra baita».