GARA
BILBO

Lakuak diruz lagundu ditu Oiartzualdeko eta Ezkerraldeko hamar enpresa

Lakuako Gobernuak ekonomikoki ahulak diren eskualdeak laguntzeko abiatutako Indartu programak 89 milioiko inbertsioak erakarri eta 426 lanpostu sortu ditu Ezkerralde eta Oiartzualdeko hamar egitasmotan.

Europar Batasunak ekonomikoki ahul izendatutako eskualdeetan inbertsio produktiboa egiten duten proiektuak diruz laguntzea da Lakuako Gobernuaren Indartu programaren xedea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak kudeatzen duen programa honen bidez, 2015ean 89 milioiko inbertsioa lortu zuten Ezkerraldeko eta Oiartzualdeko hamar proiektuk.

Guztira 7,685 milioiko diru laguntzak bideratu dira hamar proiektuotara. Aldi berean, proiektuek 89 milioiko inbertsioa erakarri dute eta 426 lanpostu sortzea eta beste 2.374 mantentzea ahalbidetu dute.

Laguntzak jaso ahal izateko, enpresa handiek, gutxienez, 3 milioiko inbertsio onartua egin behar zuten, eta, gutxienez, hogei lanpostu garbi sortu; enpresa txiki eta ertainek (ETE), aldiz, gutxienez 750.000 euroko inbertsio onartua egin behar zuten, eta gutxienez bost lanpostu garbi sortu. Gutxieneko inbertsio horretara iritsi ez arren, gutxienez 100 lanpostu (enpresa handiek) edota gutxienez 25 lanpostu garbi (ETEk) sortzen dituzten enpresen inbertsioak ere onuradun izan zitezkeen.

Laguntza lortu duten enpresak honakoak dira: Ask, Precicast, Alstom, Zenten, Lointek, Bombardier, Petronor, Vicinay, Orona eta Woco Técnica.

Arcelor Mittal

Ezkerraldeak ekonomikoki bizi duen egoera larriaren erakusgarri da, hain zuzen, Sestaoko Arcelor Mittal enpresaren krisia. Joan den astean jakinarazi zuen multinazionalak lantegiaren geldialdi mugagabea, bertako 335 langileen, sindikatuen eta instituzioen kezka eraginez.

Enpresa batzordeko presidenteak egoera zein den argitzeko eskatu zuen atzo. Josu Bergara Sestaoko alkateak, berriz, Europar Batasunari egotzi zion ardura. Izan ere, Arcelor Mittalek altzairuaren prezioen jaitsierari egotzi baitzion krisia eta egoera iraultzeko EBren esku hartzea beharrezkoa dela deritzo Bergarak. Ildo beretik jo zuen Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Txinan ekoitzitako altzairu merkearen hedapenak beste enpresa batzuk ere kaltetu ditzakeela ohartarazi zuen.