GARA
GASTEIZ

Pazienteen historia klinikoaren erabilera partekatuko dute EAEko erakundeek

Osasun Sailak eta Osakidetzak lankidetza hitzarmen bana sinatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin Pazienteen Historia Klinikoen (Osabide) erabilera partekatzeko eta laguntza zerbitzuetako prestazioa hobetzeko. Hala, bi erakundeetako profesional baimenduak sartu ahalko dira osasun zerbitzuetako pazienteen historia klinikoan eta datu berriak txertatu ahalko dituzte, betiere, isilpekotasuna bermatuta eta pazienteak aurrez baimen idatzia eman badu.

Osasun sailburu Jon Darponek azpimarratu zuen bezala, akordioa «aurrerapauso» garrantzitsua da erakundeen arteko lankidetza indartzeko eta «esparru soziosanitarioan eman daitekeen laguntzarik onena eskaintzeko».

Gasteizko Gobernuak prentsa ohar batean azaldu zuenez, akordioa Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren bileran sinatu zen. Bertan, hiru aldundietako, Eudeleko eta Osasuneko eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek aztertu zituzten 2013ko uztailean ezarritako helburuak betetzeko egin diren urratsak. Eta lankidetza hitzarmen bat adostu zuten adinduenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta hautemateko prozeduraren ezarpena sustatzeko.

Hiru kide berri egon ziren atzo Gasteizen izandako bileran: Beatriz Artozabal Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua eta Iñigo Pombo, Bilboko zinegotzi eta Eudeleko ordezkaria.