EDITORIALA
EDITORIALA

Beste urrats bat, bide oraindik oso luzean

Merkataritza arloko zenbait enpresa handik euskara sustatzeko sinatu duten hitzarmena hizkuntza horren normalizazioranzko pausoa da eta, beraz, onuragarria. Pauso berantiarra, batetik, baina ongietorria egin beharrekoa; bestetik, Euskal Herrian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barne, arlo horretan dagoen gabezia agerian uzten du, aurrerantzean txikixeagoa izango bada ere. Lakuako Gobernuaren datuen arabera, saltokien %6,3k baino ez dute guztiz betetzen euskararen erabilera arautzen duen dekretua. Hortaz, gainerakoek euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen dute, neurri batean edo erabat.

Euskal hiztunen eta, beraz, oro har euskal gizartearen eskubideak gauzatze aldera emandako pauso hau Lakuako Gobernuaren kanpaina baten testuinguruan gauzatu da eta, bistan denez, emaitza onak ditu, oraindik bide luzea duela –erakunde horren baitan ere bai– ahaztu gabe. Baina merkatuko enpresa lider horiek erabaki hori hartu izanak irakurketa bat baino gehiago ditu, esan bezala, motiboa edozein dela ere, poztekoa izan arren. Ez da sinesgarriegia enpresa handi horiek euskararekiko atxikimenduz bat egin izana kanpainarekin, baina hitzarmena sinatu dute, badakitelako euskara ere errentagarria izan daitekeela, badela, euskal gizarteak errentagarri egiten duelako, hain zuzen. Eta instituzioek, kasu honetan Lakuak, kontuan izan behar dute hori, ohi bezain uzkur jokatu gabe, ordezkatzen dituzten herritar gehien-gehienek, eta ez euskaldunek soilik, norabide horretako urrats gehiago onartu ez ezik eskatu ere egiten baitituzte.

Euskara hizkuntza ofiziala da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta halakotzat hartu beharra dago arlo guztietan, erakunde publikoetan lehenik. Hiru herrialdeotan eta Euskal Herri osoan denek dakite, baita diglosia-egoera ardura ez zaienek ere, oraindik euskara egoera makalean dagoela, gaztelaniaren aldean are nabarmenago. Eta Euskal Herrian euskara erabiltzea, euskara normalizatzea, eskubidea da, ez inoren mesedea.