2016/02/06

Dolua eta samina, baina batez ere maitasuna Odriozolaren heriotzan

Kontxu Odriozolaren heriotzak samina hedatu zuen atzo. Saminez jaso zuten albistea haren lankide izandakoek, jarraitzaileek, ikasle izan zituenek, antzerkiaren munduak, hainbat instituzio eta erakundek... Lehen ofizio irakaskuntza izan bazuen ere, antzerkiak ematen zion bizia. Zineman eta telebistan ere aritu izan zen eta, askok, «Goenkale»-ko Maria Luisa gisa oroituko dute. Beste askok, maitasuna ematen zekien izaera handiko emakume gisa.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0206_kul_kontxu

Negar malkoak sikatzen ari zela hartu zigun telefonoa Maite Bastosek. Margari izan zen behinola, Hortentsirekin (Arantxa Gurmendi) eta Kontxu Odriozolak gorpuztu zuen Maria Luisa ahaztezinarekin batera “Goenkale”-ko «hiru Marien» taldea osatzen zuen kuxkuxera. Odriozola emakume indartsua zela dio Bastosek, denbora zeramala gaixotasun larri baten aurka borroka egiten eta, azkenean, hark eraman duela. «Baina maitasun handia utzi digu», ziurtatu du.

1945eko uztailaren 7an, San Fermin egunez jaio zen Odriozola, Azpeitian. Pako Aristi herrikideak Azpeitiko Antzerki Topaketen 20. edizioaren harira osatutako argitalpen batean, Odriozolak bere «lehen aktuazioak» mojetan egin zituela ekarri zuen gogora: «Mojak fijatu egiten ziren ea zuk kanturako egokitasunik ba ote zeneukan, edo antzerkirako (...) Ama Birjinari bertsoak irakurtzen genizkion aldarean, eta ni harako aukeratu ninduten. Gazteleraz ziren, buruz ikasita deklamatu behar nituen, zer esaten nuen aztarrenik gabe. Nire lehen aktuazioak horiek dira». Mojek, baina batez ere herriko antzerki amateur taldeak piztu zion antzerkiarekiko sukarra: «Ni Luisetako lokal hartara joaten nintzen aitarekin, eta hantxe egoten nintzen, eserita, isil-isilik, txoko batean, eta nik han gazteak ikusten nituen antzerkia egiten, eta ikusten nuen baita nola haserretzen ziren, eta batzuk negarrez ere bai».

Lehen profesioa, baina, irakaskuntzaren alorretik etorri zitzaion. Hamazazpi urte eman zituen andereño gisa lanean eta ofizioko lehen urratsak Donostian egin zituen, Pakita Arregiren barnetegian. 2011n GAUR8ri egindako adierazpenetan, gogoan izan zuen garai hura: «Oraingo irakasleen aldean lan asko egiten genuen orduan, ordurik gabe, materialik ere ez zegoelako. Baina oso garai ederra izan zen hura, ez nuke inola ere aldatuko. Titulu ofiziala ateratzeko aukera Bergarako UNEDen jarri zigutenean, Donostian Antzerti ireki zuten eta bietako bat aukeratu behar izan nuen. Sekula ez naiz damutu, antzerkiak, bikoizketak, telebistak eta zinemak poz handiak eman dizkidate, nahiz eta telebistako lana, azken urteetan bereziki, oso gogorra egin zitzaidan. 16 urterekin hasi nintzen ikastolan lanean eta ez naiz sekula gelditu. Oraintxe hasi naiz pixka bat gelditzen». Antzezpenaren munduan, askok maitasun bezainbeste gorroto erein zituen Maria Luisa pertsonaiagatik oroituko badute ere, “Goenkale”-ren aurretik –1993tik 2007an telesaila uztea erabaki zuen arte aritu zen bertan– telebistan hainbat lan egin zituen, “Bai horixe” (1986) eta “Flamingo berria” (1993), esaterako. Zineman ere aritu zen lanean. Andu Lertxundirekin “Hamaseigarrenean, aidanez” (1985) egin zuen, Jose Maria Tuduriren “Karlistadaren kronika, 1872-1876”-n (1988) ere hartu zuen parte eta, Telmo Esnalekin, “Amona Putz!” laburra (2010) eta “Urte berri on, amona!” (2011) egin zituen.

Sari ugari jasoa bazen ere –antzerkiagatik zein euskararen alde egindako lanagatik–, berarentzat berezia izan zen Euskal Aktoreen Batasunak eman zion Besarkada saria. 2008an izan zen, hamalau urtean zehar bere egin zuen Maria Luisa pertsonaia hil zen urte berean. «Sari asko jaso ditut, baina hau da ilusio gehien egiten didana, nire kideengandik datorrelako. Eta, horren fama txarra duen ofizio batean...», esan zuen orduan.

Izaera handiko emakumea

Inguruan izan zituenek maitasunez oroitzen dute Odriozola eta, atzokoan, agerian geratu zen antzezle gisa ez ezik, pertsona gisa ere estimu handia ziotela askok eta askok. Instituzioetatik zein EITBtik iritsitako oharrez gain, Twitterren hainbat erakundek, ikasle izan zituenek («nire lehenengo andereñoa izan zen. Jatorra eta alaia»), jarraitzailek zein telebista eta antzerkiko jendeak izan zuen gogoan. Sevillatik, Ainhoa Aierbek –filmazio batean da– hitz batzuk ere eskaini zizkion: «Karakter handiko emakumea zen. Handia zen egiten zuen guztian, maitatzen zen oso handia, ama bezala zen oso handia, lankide bezala zen oso handia… Edozein tokitan sartzen zela, espazio guztia okupatzen zuen. Baita bihotzean sartzen zitzaizunean ere. Halakoxea zen». Hunkituta, Aierbek “Goenkale”-n Leonorren papera egiten zuenean harekin partekatutakoa izan zuen gogoan: «Sinesten zituen gauzak gogor defendatzen zituen, eta hori oso zilegia, benetakoa eta ona da. Bihotz handiko emakumea zen».

Maite Bastos hamabost urtez aritu zen lanean Odriozolarekin. «‘Goenkale’-n ezagutu genuen elkar eta hasieratik moldatu ginen ondo. ‘Kimio’-a hartzen ari zela ni joaten nintzen berarekin, han egoten ginen... horrenbeste urte elkarrekin egonda, lagun bat baino gehiago zen niretzat». Odriozola emakume umoretsua eta «oso langilea» zela nabarmendu zuen: «Gure pertsonaiak ez zeuden oso markatuta, eta berak argi zuen: ‘nik eibarresa bat izan behar dut’, esaten zuen, ‘quiero y no puedo’ horietakoa, dituen bitxi guztiak gainean daramatzan horietakoa. Oso ondo pasatzen genuen», oroitu zuen. Sekuentzia dezente izaten zituenez, arratsaldeak gidoiak ikasten ematen zituela eta horiek buruan gordetzeko sistema propioa garatu zuela ere ekarri zuen gogora: «Eszenen marrazkiak egin eta etxeko pasilloan jartzen zituen; gizon bat, eskua eta kopa, ardo eskean zetorren gizona zen, adibidez».

Irakasle, antzezle, ama, emazte baina, batez ere, guztiaren gainetik «maitasuna ematen zekien pertsona» izan zela nabarmendu zuen Bastosek.