GARA
TAINAN

Erreskate operazio hunkigarria Taiwango lurrikararen ondoren

Poza hondakinen artetik pertsonaren bat bizirik ateratzean, eta etsipena eta garrasiak erreskate taldeek hildakoren bat topatzean. Gutxienez hamalau lagun hil dira Taiwan uharteko hegoaldean atzo goizaldean izandako 6,4 graduko lurrikara baten ondorioz.

Hamalau hildako eragin zituen atzo Taiwanen izandako lurrikarak, horietako hamar Tainan hiriko Weiguan Jinlong eraikinean, tartean hamar egun besterik ez zituen haur bat. Suhiltzaileek jakinarazi zuten 258 pertsona erreskatatu dituztela dagoeneko eraikin horretatik.

Taiwango Defentsa Ministerioak 800 militar mobilizatu zituen erreskate eta salbamendu lanetarako. Ma Ying-jeou Taiwango presidentea eta Chang San-cheng lehen ministroa Tainanera joan ziren erreskate lanak bertatik bertara jarraitu eta kaltetuei doluminak eta elkartasuna helarazteko. «1.200 ohe prestatu ditugu behin-behinean kaltetuei aterpea emateko», adierazi zuen Ma Ying-jeouk.

Bizirik ateratakoen artean bi seme-alaba txikiren ama zegoen. Erietxera eraman zuten. «Pareta bat zulatu zuten eta, ondoren, bestea. Horrela iritsi zaizkigu erreskate taldeak», esplikatu zien kazetariei 35 urteko emakumeak. «Irteteko esan ziguten, baina umeak txikiegiak dira hondakinen artean gora egiteko. Beraz, zuloa handitu egin zuten, eta taldeko kide bat jaitsi zen umeak ateratzeko. Azkenean neroni atera naiz, poliki-poliki».

6,4 graduko lurrikara goizaldean gertatu zen Taiwan hegoaldean, 03:57ak zirela hain zuzen (ostiraleko 20:37ak Euskal Herrian). Lurrikararen epizentroa Meinung herrixka inguruan kokatu zen, 16,7 kilometro inguruko sakoneran.

Larrialdietako Zerbitzu Nazionalak zabaldutako informazioaren arabera, 477 lagun zauritu ziren astinduaren eraginez (horietako hogei, larri). Horrez gain, dozenaka pertsona inguru hondakinen artean harrapatuta gelditu ziren.

Astinduak kalte handiak eragin ditu eraikinetan. Horietako batzuk erori egin dira eta beste batzuk era ikusgarrian okertuta geratu dira.

Lurrikararengatik, 168.000 etxebizitza argindarrik gabe gelditu dira eta beste 40.000 ur hornidurarik gabe daude.

Uhartearen iparraldea hegoaldearekin lotzen duen abiadura handiko trenaren zerbitzua ere etenda geratu zen, Ilargi Urte Berriaren hasiera ospatu bezperatan.

Pekingo eta Tokioko gobernuek laguntza eskaini diote Taiwani erreskate eta sorospen lanetarako.