Beñi Agirre
Euskara irakaslea
KOLABORAZIOA

Hidalgo bizkaitarra

Espainiaren historia unibertsala dela saldu nahi diguten ipuin bilduma horretan, bereziki zaintzen dituzte euskaldunok espainiar bezala agertzeko pasarteak. Horregatik, Donostiari buruz hitz egiten dutenean, denak balio du Donostia turistiko eta eder hau ez litzatekeela halakoa izango Victoria Eugenia eta Maria Cristina erreginek oporrak pasatzeko aukeratu izan ez balute. Donostia zerbait baldin bada, Espainiako errege-erreginei esker omen da, nahiz eta 1813ko zoritxarreko abuztuaren 31 hartan euskaldunak espainiar izateko Espainiaren mesedetan ari ziren tropek sekulako sarraskia egin eta Donostia birrindu bazuten ere.

Antzekoa gertatzen da Bizkaiarekin. Garai batean, Baskongadetako guztiok bizkaitar ginen Espainian. Eta bizkaitar izateak aitorren seme edo kapare kategoria ematen zigun: hidalgo edo hijodalgo ginela esaten digute. Definizioari begira Hego Euskal Herrian eta foruen arabera, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztiak kapareak ziren, hots, libreak, soldadutza eta zergetatik askeak eta eskubide politikoen jabeak. Hortaz, foruek ematen ziguten estatus hori Espainia osoan. Nafarroa erresuma independentea zen eta bizkaitarrak gaztelarren legepean zeuden; bai, baina espainiarrak al ziren?

Jose Luis Orella Unzue lagun jakintsua da euskal foruen kontuan. Nabarraldek martxoan hasiko duen foruei buruzko on line ikastaroaren zuzendaria eta Erdi Aroko historian aditua da. Hamaika lan idatzi ditu garai horri buruz. Horietako batean, “Relaciones mercantiles vascas entre la Edad Media y el Renacimiento” horretan, irakurri diogu argigarria izan daitekeen pasarte bat.

Euskaldunok marinel trebeak eta ontzigile apartak omen ginen. Horrez gain, historiak adibide asko ematen dizkigu merkataritzan aberastutako euskaldunez. Jose Luisek Brujas edo Bugges hiriari eta itsas kontsulatuaren garaiaz ari denean dio Flandriako kondeak hainbat abantaila eman ziela Gaztelako eta Bizkaiko almirante, itsasontziko maisu, marinel eta haien menpekoei. Alegia, bai gaztelarrei, bai eta bizkaitarrei ere eman zizkien abantailak.

Juan II.a Trastamarakoak 1447an sinatu zuen errege zelula batean honakoa adierazten du: «Burgosko kofradien priorez gain, Bizkai eta Gipuzkoako kostaldeko herriek Flandrian indarrean dauden arauak obeditu behar dituzte. Halaber, merkatarien artean kontsula izendatzeko eskubidea merkatariek beraiek dute eta erregeak uko egiten dio izendapen horiek egiteko pribilegioari».

Laster sortu ziren liskarrak. Arazo txikienak ere kalapita handirako bide ematen zuen, San Frantzisko komentuko kaperaren erabilerak, adibidez. Burgosko kontsulak nazio espainiarraren jaun nagusiak eurak zirela argudiatu zuen: «Somos mercaderes de Burgos, que es la principal cámara del rey de Castilla». Beraz, ez zuten onartzen mezak antolatzeko eta hiletak egiteko bizkaitarrek antzinatik zuten lehentasuna. Burgosko merkatariek ez zuten onartzen bizkaitarrei «espainiar» titulurik zegokienik, marinel horiei «Bizkaiko merkatari edo bizcayens soilik deitzen baitzitzaien».

Orduko ebazpena argigarria izan zen: «Akordioa 1465eko irailaren 6an sinatu eta bi nazioetako kontsulek berretsi zuten. Alde batetik, Gaztelako erreinuen merkatari eta kontsula aipatzen ziren eta, bestetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko merkatari eta kontsula». Nor bere aldetik.

Historiografia espainiarra tematia da bizkaitar guztiok kapare eta hidalgo ginela goresten eta foruak atzeratutako nekazari gizarte bati Espainiako erregeek ematen zien pribilegio moduan azaltzen. Aldi berean, bestelako pasarte asko ezkutatzen dizkigute. Hala eta guztiz ere, errealitatea bera tematiagoa da. Europa osoan itsas merkataritzan potentzi handia ziren bizkaitar nazioko marinel eta kontsulak. Libre izan ziren estruktura ekonomiko propioa garatzeko. Espainiak emandako pribilegiogatik, ala aurretik erresuma subirano batean sortu ziren foruei esker?