GARA
GASTEIZ

Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluak lehenengo bilera egin du

EAEko Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluak lehen bilera egin zuen ostegunean Gasteizko gobernuko egoitzan. Kontseilu hau eremu horretako «nekazaritza administrazioen koordinazio, kontsulta eta aholkularitzarako tresna gisa» eratu da eta horretarako «sektorea hobetoen ordezkatzen duten agenteen» laguntza izango du; alegia, Lakuarena, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko aldundiena eta elikadurari lotutako elkarteena.

«Kontseilua abian jartzea beste urrats bat izan da legegintzaldi honetarako markatu den estrategiaren barruan, estrategiaren ardatzetako bat erakunde guztiekin eta sektoreko agenteekin etengabe elkarlanean aritzea baita», adierazi zuten Lakuako ordezkariek.

Kontseiluko lehendakariak eta Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak euren «eskumen esparruaren defentsan Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren aplikaziorako Euskadik dituen eskumenak errespetatzen dituen eredu bat ezartzearen gainean hartutako akordioak» azpimarratu zituzten.

Gogoetak

Organo berria aurkezteko egindako bilera zenbait gai aztertzen hasteko ere baliatu zuten. BEsteren artean, 2015-2020 epealdirako EAEko Landa Garapeneko Planaren egoerari begiratua eman zioten.

Bertaratutakoek merkaturatze zirkuitu laburren araudiaren eta lankidetzako Landa Garapenerako Programaren gaineko informazioa jaso zuten, baita Nekazaritzako Eragin Sektorialaren Ebaluaziorako Protokoloaren berri ere, «zeina lurraldean egindako esku hartzeen ondorioz nekazaritza sektorean izan diren eraginak analizatzeko tresna baita».