Maider IANTZI
DONOSTIA

Sortuk motorra puntuan jarriko du kongresua udaberrira aitzineratuz

Orain egiten ari diren Abian prozesuarekin seigarren martxa sartu nahi diote «Zutik Euskal Herria» estrategiari. Sortu da motorra eta puntuan jarriko dute Abian bukatu orduko.

Kameraz leporaino betetako aretoan iragarri zuten Amaia Izko eta Pernando Barrena Sortuko eledun nafarrek alderdiaren lehendabiziko kongresuaren aurrerapena. Prentsaurrekoaren aitzinetik jada jendearen ahotan zebilen berez 2017an egitea tokatzen zen kongresua lehenago egiteko aukera; beraz, jakinmin handiagoa zegoen arrazoien eta dataren inguruan.

Data zehatza eta lekua ez zituzten zehaztu, baina Abian gogoeta prozesua apirilean bukatuko denez, kongresua maiatza eta ekaina artean egitea erabaki dute. «Guztiz komenigarria» deritzote posizio estrategikoa fintzeko, birkokatzeko eta funtzionamendua hobetzeko hausnarketa momentu horretan egiteari.

Agertu zutenez, Abian-ek ezker abertzale osoaren norabide estrategikoa markatzen du: nora joan, zer kontuan hartu... Gogoeta honetan parte hartzen ari dira Sortu ez ezik, LAB eta Ernai Gazteko militanteak ere. Ardatz horien arabera, bakoitzak bere egokitze prozesua egin behar du gero, bakoitzaren zeregin politikora ekartzeko.

Hala, Sorturen kongresuan, horretarako propio sortutako ponentzia berrien bidez, oinarri ideologikoak, lan ildoak eta antolakuntza ereduak definituko dituzte.