Xabier ETXANIZ ERLE
GAZTE LITERATURA

Urpekariaren ausardia

Gironako L’Estartit ezaguna da urpekaritzarako leku aparta delako, eta herri horretan kokatu du Fermin Etxegoienek gazteentzat idatzitako bere lehen lana. Aita-semeak, opor partekatuetan, astebete pasatzera doaz Gironako herrira, urpekaritzan bataioa hartzera.

Irakurleak lehen unetik nabarituko du narrazioan tonua eta estiloa; elkarrizketa biziak narratzailearen gogoetekin nahasirik. Eta horrela, lehen ataletan aita-semeen bidaia kontatzean bien arteko harremanaz eta bakoitzaren ezaugarriez jabetuko gara narratzaile orojakilearen bidez: «‘Bai’, erantzuten du semeak, sendo eman nahi duen baina zalantzati ageri den hitz bakar baten bitartez, ondoren isildu egin baita mutila, zain balego bezala, beste askotan legez, gaineratu beharrekoak aitak gainera ditzan… baina oraingoan aita bera ohartu da bien arteko elkarrizketa ia orok, bidaia hasi denez geroztik, hartu duen galdeketa edo itaunketa itxuraz».

Joxemik eta Jonanek, herrira iritsi eta hurrengo egunean urpekaritzan aritzean, ama-alaba batzuekin egingo dute topo. Eta irakurleak iradoki dezakeen bezala, lauron arteko harremana sortuko da, batik bat Jonan eta Dael gazteek bultzatuta.

Astebete da, udan, eta egunak azkar pasatzen badira, orriek aurrera egin ahala Jonanen baitan aldaketa batzuk igar daitezke; hobeto ulertzen du aitaren bakardadea, gurasoen arteko harreman korapilatsua, Daelekiko sentimendua… eta horrekin guztiarekin nerabezaroko sentimendu nahasketak, zalantzak, erabakiak hartu beharra ageriko zaizkigu.

“Urpekariak” nobela hau aberatsa da alde horretatik, nobela iniziatikoa, baina narratzaile orojakileak indarra kentzen dio Jonanen baitan gertatzen den aldaketari eta pisurik handiena narratzailearengan jartzen du, nahiz eta batzuetan narrazioak ere estilo azkarra hartu, gazteak hondartzan lehen musua ematerakoan gertatzen den bezala: «Aurpegia ez oso azkar eta ez oso geldo hurbildu zuen Jonanek Daelen aurpegirantz, (…) ikusi nahi zuelako distantzia nolabait neurrigabe hura, bere ahoaren eta aurrean zuen pertsonarenaren artekoa, pixkanaka –objektiboki– murrizten eta azkenean desagertzen, espazioko zulo beltzen antzera.

Bi ezpain pare, parez pare.

Hezetasuna, inoiz ezagutu ez duzun modu batean.

Gero mingainen jolas kiribildua. Zurea ez den beste mingain, hori…».

Bitxia da testuinguru politikoa ere; idazleak Katalunia independente batera eramaten baikaitu, eta horren ondoan gaur egungo erreferentzia literarioak, Lander Garroren pasarteak… eta ETAren borrokarekiko urruntasuna gaztearen aldetik, nahiko urrutiko, iraganeko kontuak balira bezala.

Nobela entretenigarria da “Urpekariak” hau; gaztaroko kontuak aipatzen dituena, baina horien alboan Joxemiren istorioek eta gogoetek gurasoen mundura garamatzate. Batzuentzat ezagunak zaizkigunak eta irakurle gazteentzat gurasoen belaunaldia hobeto ezagutzeko baliagarriak izan daitezkeenak.

Izan ere, nobela honetan bi protagonista nagusi dauzkagu, aita-semeak direnak; eta beste bi pertsonaia bigarren mailakoak (Luus eta Dael ama-alabak); eta bi belaunaldi horien istorioa da L’Estartiteko itsasertzean astebetez gauzatzen dena; Jonanen baitan gertaturiko aldaketaren istorioa: «Bere gorputza hegan jarri, eta igerilekuko ur bakartietan murgildu zen mutila, hondoan dagoenari beldurrik ez dion bataiatu osteko urpekariaren ausardiaz».