GARA
TAIPEI

Txinak misilak hedatu ditu liskar iturri den uhartean, Taiwanen arabera

Lurretik airerako misilak hedatu ditu Txinak Woody izeneko uhartean (Yongxing, txineraz), Taiwango Gobernuak atzo plazaratu zuen salaketaren arabera. Paracel artxipelagoko irla nagusian «autodefentsa sistemak» eraikitzeko «eskubidea» aldarrikatu du Pekinek.

Hego Txinako itsasoan dago Txinak, Taiwanek eta Vietnamek nork beretzat hartzen duen artxipelagoa. Taiwango Defentsa ministroak atzo jakinarazi zuen misilak hedatu direla, Fox News AEBetako telebista kateak gaiari buruzko erreportaje bat eman ostean. Ministroak berria baieztatu baino ez zuen egin.

Ordu batzuk lehenago Barack Obama AEBetako presidenteak berak aipatu zuen gaia. Eremuko tentsioa murrizteko «begien bistako neurriak» hartzeko eskatu zuen agintari beltzak.

France Presse agentziak AEBetako Defentsa Departamenduari galdetu zion ea misilen inguruko informaziorik baduen, baina ez zioten ezer argitu.

Uharte artifizialak

Txinak berrogei urte inguru darama Paracel uharteak (Xisha txineraz) menderatzen. Tentsioak gora egin zuen eremu hartan Txinak Spratly artxipelagoko uharri batzuk uharte artifizial bihurtu zituenean, instalazio militarrak hartzeko gaitasuna duten irlak, gainera. Ez da harritzekoa bat baino gehiago urduri jartzea, leku horretatik pasatzen baita mundu osoko petrolioaren heren bat.

AEBek berehala esan zuten itsasontzien zirkulazioa mehatxatzen zuela txinatarren ekimenak, eta beren gerraontziak bidali zituzten, «nabigazio eskubideak» nabarmentzeko.

Gainera, Australiako hegazkinak askotan joaten dira eztabaidan dagoen eremu horretara.

Pekingo agintariek diote beren erabakia dela Xisha izeneko uharteetan defentsa instalazioak prestatzea, «Txinaren burujabetasunean kokatzen den erabakia da», Hong Lei Atzerri Ministerioko eledunak esan zuenez: «Militarizazioarekin zerikusirik ez dauka».

«Militarizazioa areagotzen ari da», esan zuen, bere aldetik, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak.

Fox News kateak asteartean eskaini zituen satelite bidezko irudietan Woody uhartean eraikitako lurretik airerako misilak jaurtitzeko hamasei plataforma ageri ziren. Baita radar sistema bat ere.

Pekinek ez du gezurtatu misilak hedatu izana. Wang Yi Txinako Atzerri ministroak Fox News katearen lana salatu zuen atzo: «Erreportaje hori Mendebaldeko hedabide batzuen informazioak asmatzeko ahalegina da». Bere iritziz, Txinak bere burua babestu beharra dauka eta horrexegatik eraiki ditu defentsa instalazioak Hego Txinako itsasoko uharteetan.

Hedabideek emandako informazioaren arabera, Txinak hedatutako misilak HQ-9 motakoak dira, hau da, 200 kilometroko tiramena dute, eta horrek urduritasuna eragiten du ondoko herrialdeetan, batez ere Vietnamen, Kevin Cheng Taipein egoitza duen “Asia-Pacific Defense” aldizkariko erredaktoreak esplikatu duenez.

Txinaren aurkako protesta Vietnamen

Hanoiko agintariek baimendu egin zuten atzo Txinaren aurkako 1979ko gerra gogorarazi zuen manifestazioa.

«Ez dugu inoiz ahaztuko 1979ko otsailaren 17 hura», irakur zitekeen esku-hartzaileek hiriburuan zabaldu zituzten pankartetan.

Izan ere, tentsio handiko hilabete batzuen ostean, Txinako tropek (286.000 soldadu) eraso egin zioten Vietnami. Hegoaldeko herrialdea ordura arte aliatu komunista izan zuten arren, Pekingo agintariek esandakoari jaramon gutxi egiteko joera zuten vietnamdarrek. Sobietar Batasunak bat egin zuen Vietnamekin. Erasotako herrialdeko tropa gehienak Kanbodian zeudenez, 60.000 vietnamdar baino ez ziren geratu txinatarrei aurre egiteko. Hala ere, garaipena lortu zuten, 20.000 txinatar hil ondoren.

Mendebaldeko hedabideetan ia ez zen aipatu gatazka, lau urte lehenago albistegi guztietan aipatzen zen Vietnameko gerra bukatu zelako eta Asiako hego-ekialdeko herrialdea desagertu egin zen egunkarietatik. GARA