Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
KOLDO ALMANDOZ
ZINEMAGILEA

«Berez, esperantoaren moduko hizkuntza fantasma da zinema»

Film laburren zirkuituan aski ezaguna da Koldo Almandozen izena baina, oraingo honetan, film luze batekin abiatu du jaialdiz jaialdiko ibilbidea. Rotterdameko jaialdian estreinatu du itsasontzi fantasmak eta Dracularen irudia nahasita jabetza pribatuari kritika egiten dion «Sipo Phantasma».

Itsas bidaia bat eta literatura. Bi horien uztarketak akuilatu zuen Koldo Almandoz “Sipo Phantasma”, bere lehen film luzea, gauzatzera. Bram Stoker-en “Dracula” eta David Foster Wallace-ren “Algo supuestamente divertido que nunca volveré a hacer” argitalpenei tiraka hasi eta hainbat istorio ezagutu zituen, tartean, Stoker-en emazte Florence Balcomberena: F.W. Murnauren “Nosferatu” (1922) filmaren kopia gehienen deuseztatzea hari egozten zaio.

«Sipo Phantasma» izendatu duzu filma, esperantoz.

Izenburua “Barku fantasma” izanik, hizkuntza fantasma batean ematea egokia iruditu zitzaidan. Hasieran pelikula osoa esperantoz egitea ere pentsatu nuen. Pelikula euskaraz da, baina baita ingelesez, gazteleraz... Nire pelikulak irlandesez hitz egiten du eta zuzendari alemaniar bati buruz ere mintzatzen da, gauza askotaz. Beti ari gara euskal zinea gora eta behera, beti etiketak jartzen ari gara, jatorriarenak eta abar, eta adierazi nahi izan dut “Sipo Phantasma” zinea dela, bere horretan; ez da euskal zinea. Sortzez, esperantoaren kontzeptuaren atzean bazen idealismo puntu bat, gerora hizkuntzak, dakigun bezala, arrakasta izan ez badu ere. Eta zinea ere hori dela iruditzen zait; berez, esperantoaren moduko hizkuntza fantasma da.

Istorio ezberdinekin ehundutako filma da. Zein da hari gidaria?

Hari zehatz bat baino, atal ezberdinetan azaltzen diren elementuak daude: barkuak, zinea bera... “Nosferatu” filma eta Bram Stoker-en emaztearen historia, adibidez, gidari da narrazio ezberdinetan.

Eta copyright-ari kritika egiteko ere baliatu duzu hari hori?

Bai, berez pelikulak zine artxiboak erabiltzen ditu baina baita “Nosferatu” eta “Dracula”-ren inguruko istorioa ere: Murnauk Stoker-en nobela erabili zuen filma osatzeko, baina baimenik eskatu gabe, eta horregatik hainbat arazo izan ziren. Guk, orain, “Dracula” eta “Nosferatu”, biak erabili ditugu, jabetzaren gaineko hausnarketa bat egiteko: norenak dira istorioak, irudiak? Jada onartutzat eman dugu jabego bat izan dezaketela, pribatizatu egin ditugu berez eremu publiko bat izanik. Niri, adibidez, Guggenheimen irudiak hartzea debekatzeak grazia handia egiten dit: zuek jarri duzue hor museoa, lapurtu egin didazue espazio publiko hori, eta orain ezin dut nire kamera han erabili...

Istorioa kontatzeko ahots ezberdinak eta narrazio ez zuzenak erabili dituzu. Zergatik hautu hori?

Saio ezberdinak egin nituen istorioa nola kontatu nahi nuen erabakitzeko eta bat-batean jabetu nintzen erantzuna aurrean nuela; Bram Stoker-ek “Dracula” nobela idatzi zuen modu berean kontatuko nuela pelikula. Hark ez zuen narrazio zuzenik erabili, egunkarietako albisteak, telegramak, eskutitzak, liburu pasarteak, egunerokoak... erabili zituen. Zentzu horretan, pelikula dokumentala da, egia da bertan kontatzen dena.

Tartean paperezko antzerkia ere txertatu duzu elementu narratzaile gisa.

Bai, oso bitxia egin zitzaidan viktoriar garaiko deskubrimentu bat egin nuelako eta, garaian aristokraziak eta burgesiak etxean halako teatro txikiak izaten zituztela gogoratu nintzen. Pentsatu nuen istorioa kontatzeko paper- eta txotxongilo-teatroa zela egokiena.

Orain arte laburretan aritu zara. Zergatik orain film luzea?

Egia esan, ez daukat film luze bat egin izanaren sentsaziorik; aurrekoa baino luzeagoa atera zait, ez da besterik. Musikan kantu bat bi edo hamabost minutukoa izan daiteke, eta horrek ez du esan nahi egitea zailagoa izan denik. Zineman gauza bera da.

Musika aipatu duzunez, soinu bandak badu pisurik filmean...

Irudiak adina garrantzia du soinu bandak. Luxu bat izan da Joxerra Senperena eta Ignacio Bilbaorekin aritzea, pelikulak atmosfera ezberdinak dituelako eta bi musikari hauen lanak horren ezberdinak izanik oso ondo funtzionatzen dutelako filmean.

Rotterdamen estreinatu duzu.

Ez nuen espero. Pelikula amaitutzat eman genuenean zerbait gertatu zen eta hura filmean sartu genuenez atzeratu egin zen muntaketa. Genuen bezala bidali genuen Rotterdamera, eta sail ofizialerako hautatu gintuzten. Locarnokoarekin batera zine garaikidearen leiho nagusia da Rotterdam, Europa osoko programatzaileak bertaratzen dira eta han egon izanak, nolabait, interes bat egongo dela bermatzen dizu. Momentuz ezer aurreratu ezin badugu ere, bi zine jaialdi handitan egongo da filma eta horrek, noski, poz handia ematen digu.