GARA
BILBO

«Dispertsioaren hegiak», preso eta senideen egia azaleratzeko

Alde batetik instituzioei begira eta bestetik gizarteari zuzenduta, Etxeratek «Dispertsioaren hegiak» aurkeztu du, sakabanaketa amaiarazteko pausoa izan nahi duen ekimena. Ostegunean hitzaldia izango da, politika horrek haurrei eragiten dien kaltea azaltzeko.

«Dispertsioaren hegiak» ekimena aurkeztu du Etxeratek, sakabanaketa amaiarazteko egitasmo berria izateko xedearekin. Atzo senideek azaldu zutenez, «egungo kartzela politikak ukitzen dituen bazter eta profil guztiak ikusarazteko ekimena da» honakoa, eta horretarako bi ildo jorratuko ditu; instituzionala bat eta gizarteari zuzendua bestea. Jone Artolak azaldu zuenez, arlo instituzionalean, akordioak bilatuko dituzte, sindikatu, alderdi eta beste eragile batzuekin. Bestetik, gizarteari begira, hainbat hitzaldi antolatuko ditu Etxeratek, eta horietako lehena ostegun honetan izango da Bilboko Bolsa gunean.

Hitzaldi horien baitan, lehenengoak sakabanaketak haurrengan duen eragina jorratuko du. «Hainbat haur belaunaldi bizitza osorako kolpatzen ari den salbuespen politika honen hartzaileak ere badira adingabeak», azaldu zuten. «Ikasketak eta garapen psikologikoa baldintzatzen ari zaien umeak dira, kartzeletarainoko ibilbide luzeei ikasketak gehitu behar zaizkielako. Bisiten segidan bidaiari ekin behar diote berriz», gehitu dute. «Begiratzen den arlotik begiratuta ere, kolektibo hau besteak baino babesgabeago dago», adierazi zuen Artolak. Era berean, presoek pairatzen duten kartzela politikak familia-bizitza eskubidea urratzen duela nabarmendu zuten Etxerateko kideek.

Bi preso kartzelaz aldatuta

Bestetik, bi euskal preso kartzelaz aldatu dituzte senideei ezer esan gabe. Larunbatean, Xabier Agirre Gasteizko presoaren neskalaguna Sotora joan eta Ocañara eraman zutela esan zioten. Beraz, bisita gabe geratu ziren. Igandean beste horrenbeste gertatu zitzaion Alberto Lopez de la Calle bisitatzera Sotora joandako lagun bati. Esan ziotenez, igandean atera zuten handik, baina ez zioten esan nora.