Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Grafenoari eskainitako pabiloi berria dauka MWC biltzarrak

Ekuko telefonoen teknologiari eskainitako kongresua atzo hasi zen Bartzelonan. Urtetik urtera handitzen ari da eta edizio bakoitzean berrikuntzak gehitzen dituzte. Aurtengoan arlo horretan aplikazio ugari dituen grafenoari espazio bat eskaini nahi izan diote.

Grafenoaren iraultza hemen dugula esaten dute adituek. Grafito-atomo bakarra duen geruza horrekin aurrerakuntza izugarriak egiteko gai izango dira telefonia mugikorraren arloan, eta jada lehen pausoak ematen ari dira. Hori dela eta, Bartzelonan sakelako telefonoen arloan gertatzen ari diren berrikuntzei eskainitako Mobile World Congress (MWC) biltzarrean ezin zen material honi eskainitako espaziorik falta. Horretarako, 2006tik egiten den azoka honi pabiloi berria gehitu diote, “Graphene” deiturikoa.

Grafenoaren pabiloia Gra-phene Flagship eta ICFO enpresek kudeatuko dute eta bertan material hori nola lortzen den erakutsiko dute bertaratutakoei euren lagina egiteko aukera emanez. Era berean, grafenoaren aplikazioak ezagutaraziko dituzte: inprimatu daitezkeen ukimen-sentsoreak, bihotzeko taupadak neurtzeko sentsore eramangarriak, telefonoak kargatzeko aparailu berriak, malguak diren pantailak... pabiloi berri hau zabalik egongo da azokak irauten duen lau egunetan, alegia, atzo goizetik ostegun arratsaldera arte. Gainera, azken egunean saio bereziak eskainiko dituzte adituekin hitzaldiak prestatuz.

Ezin dugu ukatu telefonia mugikorra etorkizuna dela, nahiz eta oraina ere baden. Oso denbora gutxian aurrerapauso izugarriak ematen dituzte arlo honetan. Duela 20 urte gutxik zuten sakelako telefonorik eta zutenek hitz egiteko besterik ez zuten erabiltzen. Egungoak ordenagailu txikiak dira eta etengabe erabiltzen ditugu.

GSMA telefonia mugikorraren normalizaziorako elkarteak, MWCren antolatzaileak, Bartzelonako biltzarreko irekiera-ekitaldian esan zuenez, 2020. urterako munduko biztanleen hiru laurdenak sare mugikor batera konektatuta egongo dira. Horrek esan nahi du datozen bost urteetan 5,6 milioi erabiltzaile izango direla. «Orain baino milioi bat pertsona gehiagok gozatuko dute mugikorren bitartez lortzen den konektibitateak eskaintzen dituen abantaila sozial eta ekonomikoez», adierazi zuten. Hala ere, uste dute azken urteetan erabiltzaileen gorakada oso nabarmena izan dela eta datozen urteetan gora egingo badu ere mantsoagoa izango dela sarbidea. Hazkundea Txinan, Brasilen eta garabidean diren beste hainbat merkatutan nabarituko dela iragartzen dute, non saturazio puntura gerturatzeko arriskua duten.

MWCk emakume ikertzaileeei bultzada eman nahi die, arlo teknologikoan oraindik gizonezkoak nagusi direla-eta. Horregatik, biltzarraren barnean “Connected Women” mintegia prestatu dute. Egunero ordu batzuk izango dituzte elkarrekin hitz egin eta ezagutzak trukatzeko. «Elkarrekin mugikorren industriako merkatu aukerak desblokeatu, abantaila sozio-ekonomiko ugari martxan jarri eta emakumeen bizitzak eralda ditzakegu», esan zuten aurkezpenean.

Zuckerberg Bartzelonan

Biltzar hauetara oro har teknologia berrien arloan lanean aritzen den jendea hurbiltzen bada ere, berrikuntzak zeintzuk diren jakiteko gerturatzen direnak ere ugari dira. Horregatik enpresek atera dituzten azken produktu edo aurrerakuntzak erakusten dituzte.

Edizio honetan, adibidez, Irisbond euskal enpresak gailuak begiekin kontrolatzeko teknologia bat garatu du; webcam baten bidez, begien mugimenduari jarraituz, testu-mezuak idaztea ahalbidetzen du.

2013ko urrian zabaldu zen teknologia hori harrera ona izaten ari da gaitasun urritasuna duten pertsonen artean, batez ere esklerosia, paralisia edo garuneko gaitzak dituzten pertsonen artean. Orain bestelako erabilerak bilatu nahi dizkiote teknologia honi. Esaterako, langileek eskuak beste zerbaitetan dituztela ordenagailua erabili ahal izateko balio dezake.

Bitxikeria gisa, Facebook-eko sortzaile Mark Zuckerberg Bartzelonan izan zen igandean, azoka ofizialki hasi aurretik, Samsung Galaxy S7 telefonoa aurkezten. Honek 360 gradutan bideoak grabatzeko gaitasuna dauka eta Zuckerbergek esan zuen Facebook-en mota horretako irudiak gehitzeko aukera eman nahi duela. Halaber, esan zuen Samsungen errealitate birtualeko betaurrekoak irudi horiek ikusteko aproposenak direla. Jendeak ere horiek probatzeko aukera izan zuen.