Maider IANTZI

ORDEZKO IRAKASLEEK BAT EGIN DUTE BEREN ESKUBIDEAK DEFENDATZEKO

Nagore, Itsaso, Josu, Aitor eta Asier Bulebarreko erlojuan elkartu dira. Batzuek oraintxe ezagutu dute elkar. Irakasleak dira, Ordezkoak Kaltetuta taldekoak. Lakuak proposatu dituen aldaketak «onartezintzat» dituzte eta horiei aurre egiteko egin dute bat.

Erabat neurriz kanpokoa iruditzen zaigu Hezkuntzak oposizioei eman nahi dien garrantzia, azterketa bateko nota hainbat urtetan egindako lan eta esfortzuarekin alderatuz», adierazi dute Ordezkoak Kaltetuta plataformako kideek.

Change.org-en 3.300 sinaduratik gora bildu dituen testuan esplikatzen dutenez, Lakuak mahai gainean jarritako sistema horrek praktikan oposizioak egitera eta «guztiz subjektiboa» den prozedura batean ahalik eta emaitzarik hoberena izatera behartzen ditu ordezko guztiak. «Garbi dugu sistema honek ez dituela ikasle trebatu eta prestatuenak ematen. Erakusten duen gauza bakarra probak gainditzeko gaitasuna da».

Gaineratzen dutenez, Hezkuntza Sailak, neurri honekin, egunero eta urteetan eskoletan lanean ari diren ordezkoenganako «begirune eza» adierazten du, eta ikasleak ere kaltetzen ditu, «irakaslearen arreta, bere jardunean baino, oposizioetan egongo da-eta».

Ohartarazten dute azterketari halako indarra ematen bazaio, irakasle bakoitzaren momentuko egoerak (eri egotea, urduri, ikastetxean lanez gainezka…) kolokan jar dezakeela bere karrera profesional osoa.

Finean, Hezkuntzak «berriz ere, eman beharreko eztabaida saihestu» duela gaitzesten dute agirian, gauzak egiteko modua egunero ikasleekin lanean ari direnekin adostu beharrean «Madriletik datorren diseinua goitik behera inposatuz». «Sistema honek ez die gure beharrei erantzuten eta ez da batere objektiboa, ezta justiziazkoa ere». Horregatik, «erabateko desadostasuna» adierazi eta «asmoa bertan behera uzteko exijitu» nahi dute.

«Jokoz kanpo gelditzen gara»

Boskoteak ordezko irakasleen egunerokotasuna ezagutzeko testigantza eman, eta plataformaren sorrera esplikatu dio GARAri. Hezkuntza Sailak joan den abenduan sindikatuei luzatutako proposamenarekiko desadostasuna adierazteko beharrak eta irakasleen arteko elkartasun eta antolakuntza gune bat eraikitzeko nahiak ekarri du mugitzen hastea. «Sistema ez dago txukun dagoen bezala, baina hobetzeko aprobetxatu beharrean, nondik kendu pentsatzen dute, dirua aurrezteko. Sistema aldaketa oso bortitza da eta gu jokoz kanpo gelditzen gara».

Ordezko batek deia jasotzen du: «Bihar Oñatira joan behar duzu Marrazketa ematera», eta eskerrak eman eta biharamunean han da. Lehenbiziko urteak alde batetik bertzera mugitzen ematen ditu, batzuetan dirua galduz ere bai, baina puntuak pilatuz. Orain «ezinegona» sentitzen dute, antzinatasunari esker zerrendan igo eta lortutako gutxieneko “egonkortasuna” (hurbilagoko lekua hautatu ahal izatea, adibidez) kolokan ikusten baitute. Diotenez, Lakuaren proposamena aplikatzen bada, oposizioak hamar urteko esperientziak adina balioko du.

Irakasle falta, baina zerrendak itxita

Horixe omen da egoera. «Zaintzaileekin betetzen dituzte hutsuneak eta ikaslea kaltetzen da», ohartarazi dute. «Gaztelania, Informatika eta Frantsesaren zerrendak hutsik daude, baina ez dituzte probak egiten beharren arabera. Gauzak aurrera ateratzen dira, baina kudeaketa ez da serioa. Eta ordezkoak oso merke ateratzen gara, beti zain gaude ea zer ematen diguten».

Aitorrek lau urte daramatza segidan lanean. Itsaso eta Nagore 2007an hasi ziren irakasle. Lehenak ordezkapenak egiteko aukera izan du azken bi ikasturteetan baina ez jardunaldi osoa. Bigarrenak, hilabetetako haurra besoetan, baja eta langabezia beren eskubideak direla oroitu du. Josuk azaldu du urtero egin beharra dutela «esleipen telematikoa» klaseak non eman nahi dituzten ordenan jarriz (gutxieneko denbora batez eskola ematen dutenek lortzen dute eskubide hori; gainerakoek, telefonoaren zain gelditu behar dute). «Nik telematikoarekin aukera dut urte osoko ordezkapena hartzeko. Pribilegiatua naiz urte asko daramatzadalako», agertu du Asierrek.

Datorrenerako prestatu

Kontatu dutenez, sistema aldatzeko asmoa zegoela iritsi zitzaienean beldurra sartu zitzaien. Hori «negoziazio modua» eta «estrategia» dela deritzote. «Aurten ez da aterako eta lasaitu egiten gara. Eta hurrengo kurtsoan ateratzen bada jada irentsia dugu».

Penatu egiten ditu «helburua oposizioak gainditu eta norbere ipurdia salbatzea» izateak, «elkartu eta borrokatu beharrean». «Hala daramatzagu urteak: ez digutela soldata igotzen, ez gara kexatzen; jaitsi egiten digutela, ez gara kexatzen; bajak ez dira lehen egunetik betetzen, eta gu isilik… Alor guztietako isla da hezkuntza».

80ko hamarkadako borroka handiez geroztik ez direla sobera mugitu eta orain borroka horietan lortutako eskubideak galtzera doazela ikusten dute. Josuk azken manifestazioa duela lau urte Donostian izan zela oroitzen du. «Geroztik gauza dexente gertatu dira, baina ez dut ikusi mobilizatzeko ekimenik». Eurek Ordezkoak Kaltetuta taldea sortuz eman dute lehenbiziko urratsa. Sare sozialetan jaio da ideia eta hasiera-hasierako etapan daude. Hainbat ate jo dituzte: sindikatuak, hedabideak… Ikusten dute badela nahiko jende Lakuak hartutako bidearen kontra zerbait egiteko prest. «Zer? Proposamenak egin beharko dira eta ikusi konpromisorik dagoen betetzeko».