IDOMENIN ASILO POLITIKOA ESKATU EZINIK GERATU DIREN ERREFUXIATUEN DRAMA
Beraien bideak kartel baten ondoan bereizten dira. «Ongi etorri Greziara» irakur daiteke, Mazedoniatik gertu dagoen puntuan. Ahmed Majid siriarrak milaka lagunen artean hartuko du bere lekua, muga zeharkatu ahal izateko. Mohamed egiptoarrak, berriz, bertan geratu beharko du gauaren zain, mendixka artean bideren baten bila abiatzeko.

Hogeita hamar urte inguruko bi gizonei egun gogorrak datozkie, inori gustatzen ez zaizkion horietakoak. Ahmedek egunak egin beharko ditu estalperik gabe lo egiten, asteak izaten ez badira, muga zeharkatuz gero. Lepo dagoen kanpaleku batean baldintza higieniko negargarriak jasan beharko ditu, Mazedonian aurrera egin ezinik geratu diren 10.000 errefuxiatuek beren bidearekin jarraitzeko aukera izan arte.
Mohamedek ezkutuan ibili beste erremediorik ez du. Ordu asko egin beharko ditu mendian edo basoan oinez, agian zamari baten laguntzarekin, aldez aurretik ordaintzen baditu bere zerbitzuak, Balkanetatik barrena Alemaniara iritsi ahal izateko. Bertan anai-arrebak dituela dio iheslariak.
Europar agintarien jarrera ulertezina
Kairon jaiotako egiptoar horren baldintzatan beste ehunka lagun daude Idomenin eta inguruan, «legez kontrako migratzailetzat» hartu baitituzte. Mazedoniara doan bide «ofizialetik» urrundu nahi dute, beren bidea oztopatzeko jarri dituzten segurtasun indarrak saihesteko. Mazedoniako eta Serbiako Polizia dira errefuxiatuak gehien beldurtzen dituzten uniformedunak.
Iazko azaroan Mazedoniako Gobernuak erabaki zuen Idomeniko muga Siria, Irak eta Afganistango iheslarientzat bakarrik zabalik edukitzea (kopuruak mugatuta, hori bai), baina erabat ixtea Pakistan, Iran, Egipto, Libia, Maroko, Aljeria, Tunisia eta Sudanetik datozenentzat, esaterako, horiek «legez kontrako migratzaile» direlakoan. Afganiarren egoera handik egun batzuetara aldatu zuten, eta horiek ere legez kontrakotzat jo zituzten. Hala ere, Asiako herrialde hartako pertsona ugari iristen da egunero oraindik Atenas hiriburura zein Greziako kanpalekuetara.
Ahmedek eta Mohamedek taxi bera erabili dute Tesalonika hiritik (80 kilometrora dago) etortzeko, baina orain, hotel baten aparkalekuan, elkar agurtu dute. Hara hotelean jende-piloa dago. Greziako nekazaritza eremu pobreenetako batean dagoen establezimenduak munduaren azken muturra dirudi, baina errefuxiatuen krisiaren eraginez une honetan bertara iritsi nahi dute iheslari askok, muga zeharkatzeko beren aukeraren zain.
Kanpin-denda batzuk zutitu dituzte hoteleko aparkalekuan. Umeak futbolean ari dira, gizon batzuk inguruan etzanda lo egiten ari diren bitartean. Kafetegian telefonoz egindako elkarrizketak nagusitzen dira, umeen negar eta garrasiekin batera.
Begirada galdua du Mustafak. Buruko minarekin dabil, agian gauean lo oso gaizki egin duelako. Euriak esnatu zuen eta begiak itxi ezinik eman du gaua. Orain lo egiteko lekuren baten bila dabil. Dagoeneko hiru aste egin ditu Grezia eta Mazedoniaren arteko mugan eta 26 urteko egiptoarra zer egin ez dakiela dago. Ez dauka nahikoa diru kontrabandista bati ordaintzeko, baina bera bakarrik abiatzea arriskutsuegia iruditzen zaio, «Serbian atxilotu ondoren, ezagutzen nituen bi laguni sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri baitzieten».
Oraingoz zain jarraitzea erabakitzen du Mustafa 26 urteko egiptoarrak, Europako agintarien jarrera aztertzen duen bitartean. Ez du ezer ulertzen: «Egipto herrialde segurua dela esan dute, nahiz eta erailketak egunero izaten diren. Nire anaia frankotiratzaile batek hil zuen, kalean zihoala».
Diruaren zain dagoen kurdua
Amir Bahrani Irandik datorren kurdua da. Western Union konpainiaren ohar baten zain dago, bertara bidaliko baitiote bidean jarraitu ahal izateko behar duen dirua: 1.500 euro, «erdia Greziatik irteteko eta gainerakoa Alemaniara iristeko», kontrabandistek esan diotenaren arabera.
Hameed Rajput pakistandarra ere bere aukeraren zain dago. Gazte mehar honek indarrak berreskuratu nahi ditu, muga zeharkatzen berriz saiatu aurretik. Azken hiru hilabeteotan hamaika saiakera egin ditu. Azkenekoan atzera egitea erabaki zuen, Mazedoniako Poliziaren zakurren zaunkak entzutean.
Rajputek ondoan duen lagunak Mazedoniako poliziek emandako kolpeen eraginez belztuta duen behatza erakutsi digu. Grezia eta Mazedonia artean eraiki duten 20 kilometroko luzerako hesia pasatu berria zuen Poliziarekin topo egin zuenean. Jasin Aljeriakoa da eta orkatila txikituta dauka muga zeharkatzeko egin dituen hiru ahaleginen eraginez.
Tarteka errefuxiatuek izaten dute atseden hartu eta aurrera begiratzeko aukera ere. Gaur boluntario batzuekin egon dira. Pertsona horiek egunero janaria banatzen diete errepide ondoko basoetan ezkutuan dauden iheslariei. Elkarrekin aztertu dute eskualdeko mapa, bide berrien bila. Zutik irauten duten etxe eta eraikin zaharrak gaua pasatzeko baliabide egokiak izan daitezke. Mugarantz berriz abiatu aurretik.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
