Andoni ARABAOLAZA
IZOTZ-ESKALADA

Spray estilo berezian WI12 zailtasunaaurkeztu berri dute

Klemen Premrl eta Tim Emmetek Kanadako Helmcken Falls leizean «Interstellar spice» bidea zabaldu eta kateatu dute. Estilo horretan egin den proposamen gogorrenak 80 metro eta 30-35 metroko eroria ditu.

Orain dela lau urte Will Gadd eta Tim Emmetek Kanadako Helmcken Falls kobazuloa aurkitu zutenetik, izotz-eskaladak iraultza itzela jasan du. Protagonistok leize horretan sortzen den izotzaren egiturari “spray” deitu zioten. Haitzuloaren ondoan dagoen ur-jauziak eragiten duen zurrunbiloak daga moduko batzuk sortzen ditu-eta. Jakina, izotz-kandela horietan torlojuek ez dute batere lanik egiten, eta, horren ondorioz, ekipatzaileek sortutako bideak paraboltekin babesten dituzte. Hori da lerro gutxitan spray estiloaren berezitasun azpimarragarriena.

Aipatu dugu Gadd eta Emmet izan zirela estilo horretako aitzindariak; izan ere, 2010. urtean kobazulo horretan lehen bidea ekipatu eta kateatu zuten. “Spray on” marrarekin lehen WI10 gradua proposatu zuten. Erokeria zirudien, batez ere kontuan hartzen badugu garai haietan WI7 zela gehienez ere eskalatzen zen zailtasuna. Baina, berriro diogu, spray estiloa beste dimentsio batean kokatu behar dugu.

Urteen poderioz, leize horretan proposamen gehiago sortu dira, eta, jakina, eskalatzaileek graduan urrats gehiago egin dituzte. Azkenak Emmet eta Klemen Premrlen sinadura darama: “Interstellar spice”. Britainiarrak eta esloveniarrak bide hori ekipatu eta kateatu ondoren, WI12 zailtasuna aurkeztu dute; hots, estilo horretan inoiz egin den eskalada gogorrena da.

80 metroko «bidaia»

Bi protagonistok ondo baino hobeto ezagutzen dituzte estilo horretako zirrikitu guztiak, eta pixkaka-pixkaka ulertzeko “zailak” diren jarduera ikusgarriak egin dituzte. Azken honek, “Interstellar spice” bideak, zazpi eguneko lana eskatu die: «Astebeteko lana izan zen, eta, azkenean, sokada moduko igoera sinatu genuen. Uste dugu izotz-eskaladaren behin betiko igoera izan dela. ‘Interstellar spice’ 80 metroko bidaia ikusgarria izan da; izan ere, izotzezko sabaiak, zintzilikatuta dauden dagak, perretxikoak, izotza eta elurra, verglasa eta beste bitxikeria batzuk ere eskalatu genituen».

Irakurtzen den bezala, hori guztia bere baitan jasotzen du spray estiloak. Emmetek aurreratu du izotzean inoiz egin duten biderik gogorrena dela: «Kontuan hartu behar da katetatu berri dugun marrak 30-35 metroko eroria duela! Berez, ‘Clash of the titans’ bidean (WI10+) hasten da, baina segituan ezkerrera jotzen du eta 28 parabolt jarraitu behar dira».