Donostiako Belodromoa
Donostiako Belodromoan ez zen soilik Euskal Herriak Herri izaten jarraitzen duela ageriko egin. Donostiako Belodromoa ez zen gai izan bertaratu ziren guztiei eserlekua emateko. Eta sartu zirenek ere ez zuten han inolako karrera edo apusturik ikusteko paradarik ukan.
Hura ez zen festibal bat. Ezta ikuskizun hutsa ere. Eszenaratu ziren ikus-entzunezko saio bakanak, dotorezia handiz emanak denak, gero etorriko zenari giroa prestatzeko, girotze-lanketa egiteko muntaiak ziren, gure edozein herritako jaietan festa-giroa pizteko egiten dugunaren antzeko.
Belodromoan, egun horretan, nekez ematen den fenomenoa gertatu zen.
Ekitaldia, Espainiak sei urte pasatxo preso eduki eta atera berri den Arnaldori ongietorria emateko prestatua zegoen. Eta ondo eman zitzaion. Joaldunez bi ilaretan inguraturik bera, eta txalo zaparrada beroarekin Belodromoa gainezka zuen jendetza osoa zutik. Eta han, Arnaldo bakarrik azaltzen zen preso atera berri omendu lez, baina egoerak hala aginduta omenaldirik gabe geratutakoak eta oraino barruan edo ihesean darraienak ere haren lekuan ikusteko aukera ematen zuen Elgoibarko mutila lotsarazteraino luzatu zen une hunkigarri hark.
Eta orduan gertatu zen, magia bailitzan, ziurrenik historiara igaroko den fenomenoa.
Ordura arte sekula santan, inork inoiz inon egin gabe zegoen moduan, euskaldunon buru-bihotzetan txertatuak edo iltzaturik ditugun zenbait poesia eta kanturen zatiak josiz, bilduma zirraragarri eta paregabea osatu zuen Zumaiako Maia handiak, maila gorena joz. Aukeratzen zuen poesia edo kantuaren letra zati bakoitzak Euskal Herriak pairatutako ukapen eta zanpaketa historian gertaturiko pasarte bakoitzari oroimenean argi eginez, pasartez pasarte, gure historia kantuz azaldu zuen, kantua bera historia bihurtuz, emozioak borborka bihotzetan gora jarriz, herri sentimendua eta langile herritar kontzientzia uztartuz. Askatasun bidean aurrera egiteko daukagun erronkan grina eta borondatea handituz joan zen, giroa erabat berotuz. Han, kolektibo baten bihotza hasi zen taupaka! Kuraia piztu zen!
Gero etorriko zen Arnaldoren hitzaldia. Ikusmin handia zegoen eta berari entzun-gose zenari ez zion hutsik egin. Ohi zuen bezalako freskotasunez eta logika sinpleena erabiliz joan zen egon zitezkeen eta dauden zalantzak uxatuz: Zergatik egin zen ezker abertzalearen estrategia aldaketa (nazioartean, Hego Amerikan zeuden mugimenduei jarraituz, eta Europan bertan independentzia lortzeko sortzen ari ziren aukera berriak kontuan hartuz); zergatik behar dugun independentzia; zergatik behar ditugun etxean bizkor preso edo ihesean ditugun guztiak, askapen prozesuan sakonduz aterako ditugula azkarrago, ez baititugu borroka egiten presoak daudelako, baizik eta borroka egin dugulako baititugu presoak; hasieran izan genuen indarra eta erakargarritasuna ahultzen joan zaigula eta nork lapurtu digun ilusioa galdetu zuen. Barealdi horri azalpenak aurkitu eta aldatu beharrekoak aldatuz, gure helburuak lortze bidean ilusioa berriro pizteko, derrigorrezkotzat jo zuen herritar langilegoaren gaur egungo beharrak zeintzuk diren aztertu eta behar horiek asebetez helburuei begira aurrera egiteko balioko digun proiektu politiko herritarra martxan jartzea. Hobeto bizitzeko ditugun oztopoei aurre egiteko balio duen proiektua dugula, erakutsi behar dela. Hobeto bizitzeko borrokatu behar dugula, frogatu. Objektiboki aski baldintza betetzen ditugula eta askapen prozesua ezkerretik indarrean jartzera jo behar dugula, inori itxaron gabe, irabazi nahi badugu, zioen. Hori eginez, Espainiari, Katalunian bezala, luze gabe, hemen beste fronte bat irekitzea dela kontua. Ez dagoelako Espainia noiz demokratizatuko den zain egoterik, ez eta hura demokratizatzeko lanetan alferrik murgiltzerik ere. Han ez direlako ematen hemen ematen diren hainbat baldintza. Hemendik egin behar dugula indar.
Beraz eta honenbestez, esan dezakegu Belodromoan emandako bi hitzaldi horiekin, bai Maiak eta bai Arnaldok Euskal Herriaren burujabetza lortzeko eta bere herritarrok euskaldun izateko eta zapalkuntza eta bazterketa mota guztietatik aske izan gaitezen egin beharko duguna egiteko, indar horniketa lan izugarria egin zutela han bildutakoengan. Batak sentimenduak kantuz astinduz gogoa eta kuraia piztu zituen, aurrera egiteko beharko den ausardia jasotzeko. Besteak, bidea zuzen egiteko buruak argituz, gogoan izan beharreko metodoa erakutsi zuen.
Orain metodo hori praktikan jartzeko, bide-orria denon artean osatzea dagokigu. Eta nago han taupaka hasi zen kolektiboaren bihotzak taupadak ematen jarraituko duela, eta han bildutako jendetza andanak kolektibo horren hauspo aktibo izatean jarriko duela bere ahalmena.
Ekin lanari eta aurrera! Badator udaberria. Zabal ditzagun ateak eta har dezagun arnasa, haize berriak sentituz eta gehiengoak osatuz, Herri asketako gizon eta emakume libreak izateko bide horretan gure alea erein dezagun. Geuk egiten dugunaren baitakoa izango baita gure etorkizuna.
Lot gatzaizkion beraz bide horri, beste mundu bat posible dela sinetsita. Gehiengoa izanik zapalduak garenak, gehiengoa garela aldaketaren premia dugunak jakinik, maitasunez sar gaitezen dena irabazteko dugun borroka bide horretara. Alde dugu arrazoia. Alde dugu indarra (hala ematen ez badu ere!). Bertol Brechet-ek zioen bezala: makina munstroak sor ditzake gizakiak mundu osoko gizakiak menderatzeko, baina makina horrek gizakia behar du atzean. Ez gal gure… bizi bedi… itxaropena!
Gora Euskal Herria eta askatasuna! Gora gu ta gutarrak!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
