GARA
ARRASATE

Erabakitze eskubidearen alde, 1.500 sinadura lortu dituzte goiz bakar batean

Iragan asteburuan Debagoieneko hainbat herritan Erain ekimenak bultzatuta erabakitze eskubidearen alde sinadura bilketa egin zuten, eta «arrakasta borobila» izan zutela irizten diote herri horietako ordezkariek. Izan ere, goiz bakarrean 1.500 sinadura eskuratu zituzten, eta zenbaki hori erdiestea «herriotan piztu den itxaropenaren ispilua» dela deritzote. Ekimenaren bultzatzaileek, dena den, garrantzi handiagoa eman diote ekitaldiotan izan den parte-hartze zabalari.

Oharrean aipatzen dutenez, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Aramaion ekitaldirako aukeratu ziren aretoak «leporaino» bete zituzten herritarrek. Bestetik, «arrisku handiagoa» hartuz, Arrasateko eta Bergarako taldeek kale ekimenak egin zituztela azaldu dute, eta ia goiz osoan euripean garatu ziren ekimenotan, mila lagunetik gora izan ziren Arrasateko jaian murgildu zirenak eta ehunka Bergarako ekitaldian eta sinadura bilketan. Kontaketa itxi gabe, Aretxabaletan 400 sinadura inguru jaso dira, Eskoriatza eta Aramaion 100 bat, 700etik gora Arrasaten, 50 bat Leintz Gatzagan, eta 200 luze Bergaran.

Oñatin eta Antzuolan

Asteburu honetan egingo dute Oñatin eta Antzuolan Erain Debagoienaren aurkezpena eta erabakitzeko eskubidearen eta ekainaren 12an egingo den kontsultaren aldeko sinadura bilketa. Antzuolan ostiralean, 19.30ean Zurrategi plazan. Kriseiluak aireratuko dituzte «erabakiaren aroa pizteko» ondoren sinadura bilketari ekiteko. Oñatiko ekitaldia Santa Ana antzokian izango da larunbatean, 12.00etatik aurrera.